Objektuen historiek kontatua

Jacobo Castellano eskultorearen 'Riflepistolacañon' erakusketa jarri dute ikusgai Artiumen

Jacobo Castellano erakusketaren kartelean agertzen den eskulturarekin, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Objektuari, berez, ez diot garrantzirik ematen. Objektuek ordezkatzen dituzten bizipenekin egiten dut lan: duten memoriarekin». Hitz horiekin laburbildu du Jacobo Castellanok (Jaen, Espainia, 1976) bere lanaren ardatza. Memoria du eskulturak egiteko lehengai nagusi, hamaika modutan aurkeztua, baina artistaren bizipenei hertsiki lotua. Hori dela eta, Castellanoren haurtzaroaren zein haren familiaren historiak elikatzen du, hein handian, Artiumen ikusgai dagoen Riflepistolacañon erakusketa.

Castellanok 1999. urtetik egindako artelanen bilduma ikus daiteke Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan, maiatzaren 19ra arte. Guztira, 50 lan bildu dituzte atzera begirako erakusketan; eskulturak nagusiki, argazkiak eta marrazkiak dauden arren. Hain zuzen, marrazki batek ematen dio izenburua erakusketari: Castellanok kalean aurkitu zuen haur batek marraztutako arma bilduma.

Erakusketaren lehen aretoan sartu eta berehala ikus daiteke marrazkia. Areto horretan, azken hiru urteetan egindako artelanak bildu dituzte, Pertsonaiak eta Gozo eltzeak sailetakoak. Lehen gela atzean utzita, Castellanoren artelan zaharrekin egiten du topo bisitariak. Javier Hontoria erakusketako komisarioak bi garaien arteko aldea azaldu du: «Hasierako eskulturek kanporako joera zuten, espazioan zabaltzekoa, eta, urteen joanarekin, trinkotuz joan dira».

Artelan bakoitzak zenbait memoria biltzen dituela azaldudu Castellanok, eta memoria horien artean elkarrizketa dagoela iradoki du. Erakusketa bera Castellanoren beraren memoriaren erakusgarri ere bada. Horri egindako keinuak ageri dira han-hemenka. Eskultura baten barruan dagoen esne basoa da horren adibide. Castellanok azaldu du Arte Ederretako ikaslea zela intoxikatu egin zela margotzeko produktuek isurtzen zituzten gasekin. Ordutik, ezin izan zuen lan egin margoekin eta usain sakona zuten materialekin: horrek bideratu zuen eskulturara. Are, intoxikazioaren ondorioz, laktosarekiko jasanezintasuna agertu zitzaion. «Ordutik deigarri egin zait esnea, material gisa».

Artistaren familiaren historiak ere presentzia handia du. Horren adibide da erakusketaren kartelean agertzen den irudia: olibondo enbor bat tripode gisa duen zine proiektore zaharra. «Aitonarena zen proiektorea», azaldu du. Haren aitona olibaria zen, baina, 1950eko hamarkadan, zinema areto bat irekitzea erabaki zuen Villagordo herrian, Andaluzian. «Pauso hori erabakigarria izan zen hamaika pertsonarentzat, leiho berri bat ireki baitzien mundura». Erakusketan aurrera egin ahala, hamaika adibide agertzen dira. Zinema areto horretako egurrezko zoruarekin egindako zaldiko-maldiko bat, non ez dagoen zaldirik, baizik eta haren haurtzaroko bizikleten piezak.

Tokiaren eragina

Castellanoren erakusketa bi erakundek egindako proiektua da: Artium eta Andaluziako Arte Garaikideko Zentroa. Duela hiru urte sortu zuten ideia, 2018ko ekainean inauguratu zen erakusketa, Sevillan (Espainia), eta Gasteizen dago ikusgai orain. Erakusketa antolatzeko, leku bakoitzaren espaziora egokitu dituzte artelanak. Are, kasu batzuetan, artelanak berregin dituzte: Sevillan eskultura independenteak zirenak Gasteizen artelan bakar bihurtu dituzte.

Prozesuan tokian tokiko kulturak eta historiak eragin dutela azaldu du Hontoriak. Euskal Herrian eskultura «sakonki markatuta» dagoela dio: «Materiaz eta antropologiaz luze hitz egin da azken hamarkadetan; Castellanok beste alternatiba batzuk proposatzen ditu kontzeptu horien gainean». Hori aintzat hartuta egituratu dute erakusketa, «errespetuz eta zintzotasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.