Bilboko Orkestra eta Javier Perianes pianista ariko dira gaur Kursaalean

Musika Hamabostaldiaren ziklo sinfonikoaren barruan izango da saioa. Mozarten eta Prokofieven obrez osatutako programa emango dute

Aurten, 80 urte dira BOS aurrenekoz Hamabostaldian izan zela. M. HAMABOSTALDIA.
Erredakzioa
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak eman dituen hiru kontzertuen ostean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak hartuko du Donostiako Musika Hamabostaldiko plaza sinfonikoaren lekukoa. Gaur arituko daKursaaleko auditoriumean, Erik Nielsen orkestrako zuzendari titularraren batutapean eta Javier Perianes pianista espainiar entzutetsua gonbidatu berezitzat hartuta. Mozarten pianorako bi kontzertuk eta Prokofieven 1. sinfoniak osatuko dute programa, 21:00etan hasita.

BOSek ezagun du jaialdia. Duela bi urte izan zen azkenekoz, La Fura dels Bausen La creación emanaldian, baina urtemuga batekin itzuliko da aurten: 80 urte dira Hamabostaldian eman zuen lehen kontzertutik, eta hori ospatzeko ere baliatuko du gaurkoa. Mozartek konposatutako 27 piano kontzertuetatik bi ospetsuenetarikoak emango dituzte: 20.a eta 21.a. 1785ean idatzi zituen biak, Vienan, konpositorearen ospea maila gorenean zegoen garaian. Re minorrean idatzi zuen lehena —heriotzari lotutako obrak idatzi zituen tonalitate berean—, eta 21.a, berriz, aurrekoaren «antidoto komiko» modura egin da ezagun. Perianes bietan ariko da orkestrarekin.

Pianorako bi kontzertuen artean, berriz, orkestrak eta Nielsek Prokofieven 1. sinfonia «klasikoa» interpretatuko dute.

Ziklo Garaikideko azkena

San Telmo museoa izan da aurtengo jaialdiaren agertoki nagusietako bat, eta bertan izan dira Musika Garaikideko Zikloaren barruko saioak. Gaur izango da horietan azkena, Granados Laukotearen eskutik. Hiru obra aurkeztuko dituzte: Quadrupole, Gabriel Erkoreka Bilboko konpositorearena; Tarab, zeinarekinPablo Sorozabal konposizio lehiaketa irabazi zuen Framcoscp Dominguezek, Musikenen Erkorekaren ikasle izan zenak; eta, amaitzeko, Bela Bartoken 1909ko 1. harietarako laukotea. 20:30ean hasiko da kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.