24. Aita Donostia Musika Astea programa bikoitz batekin hasiko da gaur

Julian Barrenetxea eta Aita Donostia abesbatzak ariko dira lehen saioan. Ohi bezala, Donostiako Kaputxinoen elizak hartuko ditu emanaldiak

Sustatzaile eta parte hartzaileek atzo aurkeztu zuten egitaraua. DONOSTIA KULTURA.
Erredakzioa
Donostia
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da 24. Aita Donostia Musika Astea, eta, hilaren 23ra bitarte, hiru kontzertu biltzen dituen egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Donostiako Kaputxinoen elizan izango dira emanaldi guztiak, 20:30ean.

Lehen kontzertuan, programa bikoitza eskainiko dute gaur Julian Barrenetxea eta Aita Donostia abesbatzek. Batetik, M. Soler, L. Delibes, J. Hadar eta D. Azurzaren obrak biltzen dituen emanaldia egingo du Julian Barrenetxea abesbatzak, hamasei emakumezko ahotsek osatzen dutena. Loli Oteiza izango dute lagun pianoan. Bestetik, besteren artean D. Bortnanianski, K. Jenkins, G. Faure, M. Lauridsen, L. Cohen, R. Emerson eta X. Sarasolaren piezak kantatuko dituzte Aita Donostia abesbatzako kideek, Borja Rubiños piano jotzailearen laguntzarekin. Bi abesbatzak Javier Alberdiren zuzendaritzapean arituko dira.

Bihar, berriz, gizonezko ahotsez osatutako Suhar abesbatza arituko da leku berean kantuan, Amaia Zipitria pianistaren parte hartzearekin eta Esteban Urzelairen gidaritzapean. Nazioarteko konpositoreenak ez ezik, hainbat euskal musikagileren obrak ere eskainiko dituzte, besteren artean F. Mendelssohn, F. Schubert, E. Grieg, Aita Donostia eta E. Ugalderenak.

Egitaraua amaitzeko, Giltzarri abesbatzaren emanaldia izango da, etzi. Baztan-Bidasoa inguruko 40 bat lagunek osatzen dute egun abesbatza, eta antzinako musikatik garaikiderainoko errepertorio zabala landu ohi dute. Etziko kontzertuan, A. Soler, M. McGlynn, P. de la Rue, F. Ibañez, J. Elberdin, E. Ugalde, C. Guastavino eta R. Matoren hainbat pieza kantatuko dituzte, besteak beste. Isabel Lakarren gidaritzapean arituko dira abeslariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.