Albistea entzun

Entzutekoak diren argazkiak

Jose Madrid argazkilariak 'Diskomania' erakusketa ireki du Bilboko Berreginen Museoan
Eskultura klasikoen artean ikus daitezke Jose Madriden erretratuak Bilboko Berreginen Museoan.
Eskultura klasikoen artean ikus daitezke Jose Madriden erretratuak Bilboko Berreginen Museoan. MONIKA DEL VALLE/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 4 - Bilbo

Geldi dirudi denak irudietan, baina kantuan ari dira denak. Jose Madrid Santurtun argazkilariak (Bilbo, 1954) Euskal Herriko musika eta kulturari lotutako 25 pertsona erretratatu ditu eurentzat garrantzitsua den disko banaren azalarekin, eta Bilboko Berreginen museoan jarri ditu orain ikusgai. Erromatar garaiko eta Grezia klasikoko estatuen erreprodukzioen artean topatuko ditu bisitariak Iñaki Garitaonandia Gari, Doctor Deseo taldeko Francis Diez, Elena Caballero La Basu, Miren Agur Meabe eta Uxue Alberdi, guztiak sofa berean eserita, baina bakoitza bere modura, eta ikusleari abesti bat proposatuz. Diskomania deitu dute erakusketa, eta apirilaren 25era bitarte egongo da zabalik.

1970eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik aritu da Madrid argazkilari lanetan. Musikaren mundua landu izan du bereziki, eta hamaika aldizkaritan argitaratu dituzte haren lanak: Triunfo aldizkarian, Disco Expres-en, Ruta 66-n, Ajoblanco-n, Muskaria-n eta beste hamaikatan. Behin baino gehiagotan antolatu ditu erakusketak bere lanekin, eta Bilboko Berreginen museora heldu da orain. Museoko marrazki ikastaroko ikasle ere izan zen, eta han sortu zitzaien ideia argazkilariari eta museoko zerbitzu teknikoko kideei.

«Argazki estudio txiki bat osatu genuen hemen bertan», azaldu du argazkilariak. Eta, beraz, museoan bertan ateratakoak dira orain museoan ikus daitezkeen irudiak. Goiz erdiko saioak egin zituen erretratatu bakoitzarekin, eta gonbidatu haietako bakoitzarekin izandako solasaldiak izan ditu gogoan artistak erakusketaren aurkezpenean ere. «Normalean kalekoagoa izaten da nire lana, eta erretratuek parte intimoagoa erakusten dute. Erretratatutako pertsonen bizipenekin eta iraganarekin izandako solasaldiak dira argazkiak».

Sofan ia etzanda ageri da Jon Barrasa disko saltzailea; eserleku gainean hankak gurutzatuz eserita Uxue Alberdi; asperduraren eta desafioaren arteko keinu batekin Gari. Eta detaile txiki horiek ematen dute argazkiko pertsonaren nortasunaren berri, eta baita saiorako hautatutako musikak ere. Bob Dylan aukeratu ote duten, The Beatles, Mikel Laboa, Miles Davies, The Velvet Underground edo Antton Valverde. Eta haien hautaketaren zergatia azaltzen duen testu txiki bat ere gehitu dute erakusketarako prestatutako poltsikorako katalogoan.

Jenisjoplin eleberriko pertsonaiagatik hautatu du Alberdik Janis Joplin abeslariaren Ball & Chain kantua, esaterako. Eta Ruben Bladesen Todos vuelven hautatu du Garik, adibidez, Hertzainak taldearekin Europan egindako biran behin eta berriz entzun zutelako. Francis Diez, berriz, The Velvet Underground & Nicoren bananaren azal ezagunarekin ageri da erretratuan. Sunday Morning abestia hautatu zuen hark, eta egindako gonbidapenagatik esker ona azaldu dio argazkilariari erakusketaren aurkezpenean. «Sasoi zailak dira hauek, eta polita da inor zurekin gogoratzea, musikaria zarela gogorarazten baitizu».

Musikazaleek osatzen duten komunitatea izan du gogoan Joserra Rodrigo musika dibulgatzaileak. Bob Dylanen Desire aukeratu du hark, eta, azaldu duenez, haren bidez piztu zitzaion zaletasuna. «Bilbon badago underground kultura bat, eta, orain ere, gutxi gorabehera, ehun pertsona berberak elkartzen gara aldiro Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuetan».

Argazki bakoitzaren azpian topatuko du bisitariak sakelakoarekin irudietan aipatzen den abestia entzutera heldu ahal izateko lotura. Eta, beraz, ikusi ahala, argazkiak entzuteko aukera ere izango du horrela.

XX. mendeko berreginak

Adi egotea izan da Madriden metodoa erretratuak egiteko. «Batzuetan keinu batek ematen dizu arreta. Batzuetan ehun argazki egin ditut, eta lehenengo ateratakoa aukeratu dut erakusketarako, eta beste batzuetan bila eta bila aritu behar izan dut».

Berreginen museoan argazkilaritzak duen lekua aldarrikatu du Itziar Martija Bilboko Berreginen museoko teknikariak. Haren hitzetan, argazkigintza ez baita gehiegi urruntzen museoak normalean erakutsi ohi dituen eskultura greko eta erromatarren kopien espiritutik. Ez, behintzat, itxura batean eman dezakeen bezainbeste. «Diskoa eta argazkia, musika eta irudia, erreproduzitzeko bi modu garaikide dira». Eta, beraz, antolatzaileen hitzetan, «XX. eta XXI. mendeetan gehien erabili den berregite teknika artistikoa» museoan txertatzeko modu bat ere izan da erakusketa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.