Errealitatea bezain erradikala

Diana Thater artistaren hiru bideo instalazio jarri dituzte Bilboko Guggenheim museoan

Diana Thaterre Mundu bat ihesean bideo instalazioaren irudia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Zuzeneko desagerpenaren irudiak ekarri ditut». Bere sorkuntzen erdigunera jo du Diana Thater artistak (San Frantzisko, AEB, 1962). Argi dio: habitatak suntsitzen ari da gizakia, eta, ondorioz, animalia eta landare espezie asko ari dira desagertzen. «Batzuek ukatu egin nahi badute ere, Antropozenoan bizi gara». Giza espeziearen jarduerek eragindako aldaketen aroa izendatzeko, Antropozeno terminoa erabiltzearen alde azaldu dira nazioarteko hainbat ikerlari, eta teoria horrekin bat datorrela azaldu du artistak. «Mundu osoa aldatzen ari gara. Azken lau hamarkadetan basa bizitzaren %70 galdu da, eta oso gutxi hitz egiten dugu gai horri buruz». Eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi du bere lanekin, eta 2017. eta 2018. urteetan egindako hiru bideo instalazio ekarri ditu artistak Bilboko Guggenheim museora. Kenyan eta Sudanen hartutako irudiekin osatu ditu hiru piezak, eta galzorian dauden animalia eta paisaiak eraman ditu bideo-instalazioa osatzen duten pantailetara. Areto bakarrean bildu dituzte Thaterren hiru piezak, eta 2019ko martxoaren 18ra arte izango dira ikusgai.

Bideo artearen eremuan aitzindaria da Thater, eta teknologia berriak artean aplikatzen dihardu gaur egun. Edonola ere, ikerketa du bere lanen ardatza. «Artelan gutxi sortzen dut, pieza bakoitzaren atzean ikerketa lan sakona baitago». Sudan izeneko errinozero zuriaren kasua aipatu du. Munduko azken errinozero arra zen Sudan, aurtengo martxoan hil zena. Hil aurretik, baina, hura grabatzera joan zen Thater, Sudan herrialdera. «Asko ikertu nuen azken errinozero arraren kasuari buruz, eta animalia ezagutzera joateko beharra sentitu nuen, espezie baten bukaeraren sinboloa iruditzen baitzitzaidan».

Zortzi egun eman zituen animalia grabatzen, eta Errealitatea bezain erradikala izeneko 12 minutuko bideoa ondu du irudiekin. «Ilunsentiak irauten duen denbora bera eman diot bideoari nahita, hori baita artelanak duen mezu nagusia: gaua iristen ari da, eta iragan den eguna ez da berriz itzuliko». Ez du ausaz aukeratu Errealitatea bezain erradikala artelanaren izena. Leninen hitzak direla aitortu du artistak. «Errealitatea bezain erradikala izan nahi dut nire lanekin. Politika oso presente dago obra guztietan».

Argi esan du politikoa dela bere artea. «Naturaren aurkako etengabeko jardueran ari da gizakia. Nire artelanekin, auzi hori lehen planora ekarri nahi dut: desagertzeko zorian dauden animalia eta paisaien irudiak jarri, eta beraien existentziari buruzko kontzientzia piztu nahi dut».

Mundu bat ihesean izeneko bideo instalazioa jarri du artistak Errealitatea bezain erradikala artelanaren aldamenean. Kenyako Chyulu muinoetan elefante talde bati grabatutako irudiak bildu ditu bertan. «Aurreikuspen guztien arabera, 30 urte barru desagertu egingo dira munduan dauden elefante guztiak». Gizakiek sortutako hezegune artifizial batean hartu ditu irudiak, zehazki; eta aldebiko harreman horretan ere egin du geldialdia. «Bizirik irautekoeta babesteko neurriak hartzen ditugu, eta, era berean, espeziea desagerrarazten ari gara. Interakzio hori oso interesgarria da». Hamar egunez izan zen Kenyako txoko hartan, elefante taldearen irudiak grabatzen. «Irudi argiak eta ikonikoak erabili ohi ditut. Jendeak zertaz ari naizen ulertzea nahi dut, eta ez balizko interpretazioetan galtzea».

Bi pantaila elkartuz sortu ditu bi piezak, eta irudiak bi aldeetatik proiektatu ditu. «Eskultura baten itxura hartzea da nire asmoa. Horrela, ikusleek, bideo instalazioa ingura dezakete, eta, aldi berean, proiektatzen den irudi bera ikuspegi askotatik ikusi». Soinurik ez dute bideoek. «Isiltasunarekin eta argiekin jokatu dut».

Hausnarketa helburu

Gainontzeko bi artelanetatik bereizten da Denbora konprimitua lana, bederatzi monitorez osatutako horma bideoa baita obra. Animalia talde bati grabatutako irudiak dira, eta pantaila bakarrean eta hainbat koloretan jarri ditu ikusgai artistak. «Oro har, collagea aldarrikapen politikorako erabili da artean, eta formatu antzekoa erabili dut horregatik». 24 orduz, Kenyako Chyulu muinoko toki finko batean jarritako kamerak grabatutako irudiak bildu ditu Thaterrek hamabost minutuan; hain zuzen, hortik datorkio Denbora konprimitua izena.

Hausnarketa eragitea da artistaren xedea. «Orain, artelanak ikusi bitartean, gertatzen ari den horri buruz gogoetatzea beharrezkoa zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.