Hamazazpi musikari eta sei talde arituko dira 24. Hatortxu Rocken

Internet bidez egingo dute jaialdia, abenduaren 26an. Elkartasunerako deia egin dute

2018ko Hatortxu Rockeko kontzertu bat, Lakuntzan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Abendu oro, Hatortxu Rock jaialdiak milaka pertsona biltzen ditu euskal presoei babesa emateko eta sakabanaketaren ondorioak samurtzeko helburuz. Aurten, jaialdia ohiko formatuan egitea ezinezkoa izango da, baina antolatzaileen esanetan, aurten elkartasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» da: «Sakabanaketaren gastuei aurre egiteko diru sarrera nagusiak herri ekimenetatik datoz, baina herri ekimen gehienak bertan behera utzi ditu pandemiak. Beraz, sakabanaketak martxan jarraitzen du, baina diru sarrerak eten egin dira. Oso ekuazio negatiboa». Hori «iraultzeko» ekinbidea izan nahi du jaialdiak, bere 24. aldian.

Egoerara egokituta, jaialdiari eutsiko diote, baina ikuskizun formatuarekin. Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek zenbait euskal talde ezagunen abestiak eguneratuko dituzte, eta Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaia, Lide Hernando eta Alex Sardui musikariekin eta Hutsun tadearekin taularatuko dituzte.

Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek beren lan berriak aurkeztuko dituzte. Horrez gain, Erika Olaizola aktoreak eta Lander Garro zinemagileak ere ekarpena egingo diote ikuskizunari. Sarrerak jaialdiaren webgunean daude eskuragai.

Jaialdiak bi helburu izango ditu: «Ikuskizun erakargarri baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izatea, eta sakabanaketak 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastuak arintzea».

Auzolana eta konpromisoa

Hatortxu Rock ezaugarritzen duten «auzolanak eta konpromisoak» aurten «are garrantzi handiagoa» izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek, pandemiak «gogor jo» dituelako espetxeetan daudenak eta haien gertukoak. Horregatik, egitasmoa zabaltzeko eta presoei eta senideei bultzada emateko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.