Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' berrargitaratu dute

Elkarren Mintegia bildumako lehen liburua da. 2008an kaleratu zuten lehen aldiz lana, eta pasarte batzuk gehituta eman dute argitalpen berria

Kirmen Uribe, Bilbon, iazko abenduaren 18an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Bilduma honetan jaso nahi ditugu Elkar argitaletxearen historian eta euskal literaturaren historian esanguratsuak izan diren zenbait liburu; bai kritikaren onespena jaso dutelako, baita publikoaren txaloak izan dituztelako ere, nolabaiteko mugarria markatu dutenak gure literaturaren ibilbidean», azaldu du Xabier Mendiguren editoreak. Eta «mugarri» zelakoan hautatu dute Kirmen Uriberen obra. Izan ere, Bilbao-New York-Bilbao euskal kultura nazioarteratzeko bidean «bide hausle» eta «bide egile» izan dela uste du Mendigurenek, eta horretarako sartu dute bilduman. Itzulpen «asko» egin zaizkiola eta sari «asko» jaso dituela gehitu du.

Lehenengo bertsioari gehigarriak ezarri dizkiote; egileak idatzitako hitzaurrea, liburuan zehar gehitutako pasarte batzuk, baita Ana Arregik egindako irakurketa gida bat ere. Uribek 2008an argitaratu zuen Bilbao-New York-Bilbao, eta, irakurri bezain laster, aldaketak egin zizkion lehenengo bertsio hari. «Pasarte batzuk gehitu nituen, eta halako berrantolaketa bat egiten hasi nintzen, jolasten». Bigarren bertsio hori erabili izan dute itzulpenak egiteko, «hobeto azaltzen zuelako liburuaren izpiritua» jatorrizkoak baino. «Jatorrizkoa euskaldunei begira eginda zegoen, nire liburu guztiak bezala, baina bigarren bertsioa bukatuagoa zen. Horregatik hasi ginen itzulpenak egiten bertsio horretatik», kontatu du Uribek. «Eta zergatik ez eskaini bigarren bertsio hau ere euskaldunei?», erantsi du.

Irakurketa gida

Arregik egin duen irakurketa gidaren garrantzia nabarmendu du Uribek.«Bilbao-New York-Bilbao ez da irakurketa bakarrekoa. Irakurri nahi duenak hasi eta buka, intrigazko nobela bat balitz bezala, ez du ezer ulertuko. Liburu honek badu poesiak duen dohain hori, hainbat irakurketa sortzekoa». Hala, obraren nondik norakoak ulertzeko lagungarri da Arregiren lana, idazlearen ustez.

Mendigurenek, berrargitaratu duten obraren transmisioaren garrantzia azpimarratu du: «Gure helburua da liburu hauen transmisioa ziurtatzea. Transmisioa une oro zaindu behar baita, literaturan ere». Lehen argitaratzetik hamabi urte berantago, Uribek «askatasun ariketa» gidsa definitu du Bilbao-New York-Bilbao: «Zerbait berria zen, oso askea, eta euskaratik egina».

Bilduman berrargitaratuko duten bigarren obra Juan Mari Irigoienen Babilonia izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.