Haizea Barcenilla
BEGIZ

Denborak

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Azken urteotan, denborari buruz gogoeta nahikotxo egin dut. Izan ere, Urtezaharreko ohitura bilakatu da urtea zein azkar pasatu zaigun komentatzea, baina denok dakigu denbora minutu eta segundoetan neurtzen den arren, beste modu askoz konplexuagoan iragaten dela, azkar edo poliki hitzekin soilik laburtu ezin daitekeena. Alde batetik, objektiboa eta zehatza den denboraren neurketa dugu; bestetik, esperientzian oinarritutako denbora desberdinen bizipena. Eta haien artean talka egiten dute maiz.

Gustatzen zait pinturetan ematen den denboren elkarketan pentsatzea. Denborari buruzko arte-gogoetetan protagonismo berezia hartzen dute mugitzen diren irudien bidez osatutakoek, alegia, zinemak eta bideoak. Aitzitik, pintura figuratiboek ere denbora-pertzepzio eder eta konplexuak eskaintzen dizkigute. Har dezagun, adibidez, erabat geldoa dirudien lan bat: Angel Larroqueren Amatasuna. Emakume oso gazte bat agertzen da etzanda, gainean lo sakonean dagoen ume batekin. Amaren begiradak ez du goxotasunik adierazten: ahituta, triste dirudi. Konposizioa lasaia da, egonkorra; saiakera luzeen ostean umea lokartzea lortu duen emakumearen gelditasuna konposizio horizontalak areagotzen du. Ez da koadro dinamikoa, eta badirudi denbora ez dela pasatzen, mugiezina dela.

Hala ere, ikusleak beste denbora baten mamua senti dezake koadroa ikustean: ume bat etengabe negarrez dagoen tarte amaiezina, nekeak are luzeagoa egiten duena. Irudiaren aurretik igarotakoa da denbora hori, baina irudia erabat blaitzen du: amaren begiradan suma daiteke oraindik, eta hunki gaitzake.

Iradokitako denbora nahaste honi beste denbora mota batzuk gehitzen zaizkio. Lehena koadroa egiteko behar izan den denbora da. Badirudi hau neurtzea erraza dela, matematikoa izan daitekeela: hainbat egun, zenbait ordu. Eta, berriz, ez da hain sinplea. Nola kontatu pintatzen ikasteko emandako denbora guztia? Eta paisaiak, keinuak, gauzen ingeradak eta formak behatzen iragandakoa? Zenbat denbora egon zen Larroqueren buruan koadro hau pintatzeko nahia? Une batean ikusitako irudia izan bazen ere, zenbat ordu, zenbat egun eman zituen bere gogoan bueltaka, forma hartzen, kolorez hornitzen, mihisean irudi bihurtu arte?

Badugu koadroari begira ematen dugun denbora ere. Egongo da bi segundotan begiak gainetik pasatuko dituenik, amaren soinekoaren gorriak harrapatuko ez duenik. Egongo da, ordea, begi distiratsu eta tristeetan iltzatuta geratuko denik, minutuak pasatzen utziko dituenik. Eta harreman hau ez da koadroa museoan utzi ostean amaituko: askok etxera eramango dugu oroitzapenean, eta une desberdinetan berriz ere agertuko zaigu, geure egunerokotasunaren denboren elkarketari berea gehituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.