Euskadiko Filmategiaren proiekzioen egoitza izango da Artium museoa ere

Urriaren 14an hasiko da euskal emakume zinemagileak protagonista izango dituen ziklo berria

Euskadiko Filmategiaren eta Artiumen arteko hitzarmena atzo aurkeztu zuten, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskadiko Filmategiaren emanaldiak Gasteizera helduko dira aurrerantzean. Lehenbizikoz, Artium arte garaikidearen museoak ere hartuko ditu haren programazioko proiekzioak. Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu berri dute, eta, hain zuzen, akordio horri esker, Gasteizko zentroa Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra bihurtu da, aurrez Donostiako Tabakalera eta Bilboko Arte Ederren Museoa bezala. Ziklo berri batekin emango diote hasiera elkarlanari: Euskal emakume zinemagileak I izenekoarekin. Artiumen hasiko dira emanaldiak, urriaren 14an. Abendura bitarte, astean behin emakume zuzendarien filmak proiektatuko dituzte hiru hirietan; Artiumen ostegunetan izango dira saioak.

Artium museoan egin zuten ziklo berriaren aurkezpena, atzo. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak esan zuen «pauso oso garrantzitsua» dela bere erakundeak kontserbatzen dituen ekoizpenak azkenean hiru hirietan ematea: «2015ean hasi ginen Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Gure ikus-entzunezko altxorrak erakusten zituen programazio bat abiatu genuen. 2018an, Bilboko Arte Ederren Museora ere eraman genituen. Eta, azkenean, Artiumera iritsi gara». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aipatu zuen 1978an Filmategia sortu zenetik presentzia Euskal Herrian zabaltzen saiatu dela: «Filmategiak ikus-entzunezko euskal ondarea zaindu eta zabaldu du. Eta orain, Artiumera ekartzearekin, hori bermatu egiten da». Eta erantsi zuen «modu iraunkorrean» zabalduko dela.

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak esplikatu zuenez, «sorkuntza diziplina» ezberdinak uztartzen eta batzen dituen zentroa da Gasteizkoa. «Arte garaikidearen eta zinemaren arteko loturak garrantzia handia du museoan», gehitu zuen, eta «denbora luzez» landutako helburu bat bete dutela baieztatu. Hori lortzeko, uztailean eta abuztuan obrak eta inbertsioak egin behar izan dituzte museoan, eta, besteak beste, proiektore berri bat erosi dute. Sailburuak ziurtatu zuen filmategiko lanak proiektatu ahal izateko «exijentzia altua» dela.

Emakumeak protagonista

Filmategiaren eta Artiumen arteko hitzarmena iragartzeaz gain, Euskal emakume zinemagileak I ziklo berria ere aurkeztu zuten. Haren ezaugarriak azaldu zituen Fernandezek: proiektua gutxienez hiru urtez garatuko dute, eta beren ibilbidean gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen «talentua» agerian jarri nahi dute. Gainera, zuzendari bakoitzak aukeratuko du bere ibilbide profesionaleko zein film erakutsi nahi duen, eta proiektatzen denean publikoari zuzenean aurkezteko aukera izango du. Aitzindari izan diren zuzendarien filmekin hasi, eta ibilbidea hasten ari diren sortzaileekin bukatuko dute urtea.

Beraz, zinemazaleek euskal ekoizpen esanguratsu ugari ikusi ahal izango dituzte. Adibidez, Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992) filma, zeina Euskal Herrian izandako errepresio frankistarako hurbiltze poetiko bat den. Gai berberari haurren ikuspuntutik eta euskararen jazarpenetik begiratzen dio Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993) filmak.

Fikzioa bakarrik ez, dokumentalak ere jasoko ditu ziklo berriak. 1936ko gerrari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa lantzen duen dokumentala da Kamarada (Julia Juaniz, 2019). Bestalde, Mariposas en el hierro lana (Bertha Gaztelumendi, 2012) Euskal Herriko emakumeek bakearen alde egindako apustuaren adierazgarri da.

Hiruhileko zikloa amaitzeko, eskaintza berezi gisa eta Elias Kerejeta Zine Eskolarekin lankidetzan, saio berezi bat ere antolatu dute. Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder intsumiso eta feministen bi film emango dituzte: Les mères espagnoles eta La marche des femmes à Hendaye, 1975. urtekoak biak ere. Frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz dute biek.

Hitzarmen berriaren parte izan diren guztiek adierazi zuten ez dela «kasualitatea» emanaldiak Artiumen hastea; izan ere, museoan emakume sortzaileen dokumentazio zentro bat dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.