Albistea entzun

Zinetika jaialdiak 23 film emango ditu Iruñean, Donostian eta Bilbon

Urriaren 22tik 31ra egingo dute. Tailerrak, performanceak eta eskola magistralak ere izango dira
Sofia Alforja, Laida Aldaz eta Ander Gisasola, atzo, Baluarte auditoriumean, Zinetikaren aurkezpenean.
Sofia Alforja, Laida Aldaz eta Ander Gisasola, atzo, Baluarte auditoriumean, Zinetikaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko urriak 20 - Iruñea

Zinetika jaialdiak dantzaren, ikus-entzunezko artearen, zinemaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzea du helburu, eta hibridazio hori oinarri duten proposamenak biltzen ditu. Aurtengoa seigarren aldia du, eta larunbatetik hilaren 31ra bitarte egingo dute, Iruñean, Donostian eta Bilbon. Jaialdiaren atal nagusia filmak dira, eta aurten 23 programatu dituzte, hiru sailetan: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Programazioa osatzeko, zikloan jaialdi topaketa bat, hiru eskola magistral, bi performance, instalazio bat, tailer bat eta zenbait proiekzio izango dira. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Iruñeko Baluarte entzunaretoan.

El Trastero Creativo taldeak antolatzen du Zinetika diziplina anitzeko jaialdia 2016tik, Nicdorekin elkarlanean eta zenbait entitateren laguntzarekin. Dantzarako hurbilketa eta truke artistikoa bultzatzeko sortu zuten, artisten eta diziplinen arteko loturak ezartzeko asmoz. Hala, dantzak, ikus-entzunezko hizkuntzak, gorputzak eta teknologiak bat egiten dute jaialdian, gogoeta sustatzeko.

Aurten 1.160 pelikula jaso dituzte. Horietatik hautatu dituzten 23 lanak hainbat herrialdetakoak dira, hala nola Argentina, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Brasil, Errusia eta Australia; eta jorratzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira: denboraren joana, errutina, konfinamendua, poesia, arkitektura, esperimentazioa... Gaiez harago, mugimendua eta dantza dira pelikulen oinarri nagusia. Lengoaia horrek ematen dituen aukerak nabarmendu ditu Laida Aldaz jaialdiko zuzendari artistikoak aurkezpenean: «Mugitzen naizenean edo gorputza denean erabiltzen dudan hizkuntza, interpretazioa askeagoa da. Hitzak dauka zerbait oso konkretua, eta mugimenduak ez dauka hori».

Epaimahaia Teresa Moralesek, Sofia Alforjak eta Lorand Janosek osatuko dute. Film onenaren eta zuzendari onenaren sariak emango dituzte, eta aurten berritasun bat izango da: K saria ere emango dute. Zinetogram, Goieniz eta Butak21 zineklubek sustatzen dute sari hori, eta irabazten duen pelikula zineklub horietan proiektatuko dute gero.

Lehian diren pelikulak ez ezik, aurten DNA 2021 dokumentala ere emango dute. Aitor Ortiz de Felipek zuzendu du lana, eta DNA Nafarroako Dantza Garaikidea-programaren sorkuntza eta ikerketako egonaldiei lotutako testigantzak biltzen ditu.

Beste proposamen batzuk

Jaialdian hiru eskola magistral izango dira: batetik, Lorand Janos Bartzelonako Choreoscope jaialdiko zuzendariak jorratuko du nola gauzatzen den dantzaren sormen prozesua pantailan, «ideiatik hasi eta banaketaraino». Hiru saiotan emango du, Donostian, Bilbon eta Iruñean, hilaren 22an, 27an eta 29an, hurrenez hurren.

Beste bi eskolak telematikoak izango dira: Derek Pedros argazkilariak espazioaren eta mugimenduaren arteko harremanari helduko dio bere saioan, hilaren 24an; Iris Martin Peralta Espainiako zinemaren Italiako jaialdiko zuzendariak, berriz, aztertuko du zer faktore diren garrantzitsuak pelikula bat egin ondoren hura banatzeko. Haren eskola hilaren 26an izango da.

Zazpi T'erdi taldeak, berriz, Mugatik korrespondentziak tailerra eskainiko du. Proiektua mugaren kontzeptutik abiatzen da, «leku intimoagoetara eta pertsonalagoetara iristeko». Horretarako, kontzeptu hori «deseraikitzeko» helburuz, korrespondentzia zinematografikoak sustatuko dituzte, Nafarroako eta Baionako zenbait neraberen artean. Hilaren 29, 30 eta 31n egingo dituzte saioak, Baluarte auditoriumean.

Horrez gain, Errioxako (Espainia) El Patio konpainiak A mano performancea erakutsiko du Baluarteko Ganbera aretoan, hilaren 30ean. Lokatzez kontatutako istorio bat da: antolatzaileek azaldu dutenez, ihes egiteko gogo handia duen pertsonaia txiki bat du protagonista, eta gainerako osagaiak honako hauek dira: «Erakusleiho bat eta bertako maizterrak, maitasun istorio bat, porrot txikiez osaturiko istorio bat, tornu bat, buztinola txiki bat eta jolasten ari diren lau esku».

Hurrengo egunean, leku berean, Andrea Diaz Reboredo artista plastikoak M.A.R. aurkeztuko du. Objektuen antzerkian inspiratutako performance bat da: objektuen manipulazioa aztertzen du, lanerako materialak erabilita egindako koreografia baten bitartez; objektu horiek guztiak bilduko ditu espazio jakin bat eraikitzeko, etxe bat.

Jaialdiak Adrien M & Claire B konpainiaren Acqua Alta instalazioa ere hartuko du. Piezak «galeraz eta bilaketaz, arrotzarekiko eta alteritatearekiko beldurraz eta hori menderatzeko moduaz» hitz egiten du. Donostian hilaren 18tik 24ra ikusi ahal izango da; Bilbon 25etik 28ra; eta Iruñean urriaren 29tik azaroaren 4ra.

Gainera, aurten jaialdien topaketa bat ere egingo dute Zinetikan. Labo XL jaialdiarekin sustatu dute, eta ostiral honetan izango da, Donostiako Tabakaleran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda
1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe
Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.