Zea Maysekin hasiko du Donostia Kulturak bere programazioa, ostiralean

Viktoria Eugenian emango du kontzertua, aretoaren edukieraren erdiarekin. Musika, antzerkia eta zinema izango dira hurrengo asteetan

Zea Maysek Viktoria Eugenia antzokian joko du, ostiralean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Donostia Kulturak hilaren 12an, ostiralean, berrekingo dio bere programazioari, atzo Jon Insausti Kultura zinegotziak jakinarazi zuenez, eta lehen data horretarako Zea Mays taldearen kontzertua programatu du Viktoria Eugenia antzokian. Joan den astean taldeak berak iragarri zuen 12an emango zuela kontzertu bat, baina non izango zen jakinarazi gabe. Kontzertua 20:00etan hasiko da.

Donostia Kulturaren musika programazioak beste bi kontzertu ere bilduko ditu: McEnroe taldeak La distancia bere seigarren diskoa aurkeztuko du hilaren 21ean, Viktoria Eugenian, eta, astebete geroago, oholtza berean ariko da Lou Topet taldea, Joseba Irazokik lagunduta.

Antzerkiari dagokionez, Xentimorik Gabe taldeak Gu primer! antzezlana taularatuko du heldu diren larunbatean eta igandean. Egoitz Lasak eta Ramon Agirrek idatzitako lan horretako protagonistak Agirre bera, Nerea Gorriti eta Inazio Tolosa dira, eta Asier Sota, berriz, zuzendaria.

Hilaren 19an eta 20an, berriz, Pez Limbo taldeak Harri, Orri, Ar / El patio de mi casa antzezlana taularatuko du; lehenengo egunean, euskaraz, eta, bigarrenean, gaztelaniaz. Bilboko Arriagak, Gasteizko Principalek eta Donostiako Viktoria Eugeniak sustatutako Antzerkigintza Berriak egitasmoaren barruan hautatutako proiektua da, eta dFerian eman behar zuten, baina, koronabirusaren krisiagatik, azkenean eman gabe gelditu zen.

Azkenik, Palabras encadenadas antzezlana emango dute ekainaren 27an eta 28an, Antzoki Zaharrean. Jordi Galceranek idatzi du obra, Domingo Cruzek zuzendu, eta David Gutierrez eta Beatriz Rico ditu protagonista.

Zinemak ere lekua izango du Donostia Kulturaren programazioan. Hala, hilaren 17an, eta Nosferatu zikloaren barruan, Rainer Werner Fassbinderren Angst vor der Angst (1975) emango dute, euskarazko azpidatziekin, eta 20an, berriz, Bang Bang Zinema zikloko saioa izango da —iragarri gabe zer bi film emango dituzten—. 22tik 24ra, zinemaren eta giza eskubideen erakustaldi bat egingo dute Antzoki Zaharrean: 22an, Axel O'Millen Apaga la luz y verás emango dute; 23an, Ernest Lluch, libre y atrevido (Josep Morell eta Jordi Vilar); eta, 24an, azkenik, Lander Garrok zuzenduriko Bi urte, lau hilabete eta egun bat, intsumisioaren mugimenduari buruzko dokumentala. Izar Films eta Labrit Multimedia dira ekoizleak, eta dokumentalaren babesleen artean dago BERRIA. Hilaren 25ean, berriz, 32. Bideoaldia egingo dute Antzoki Zaharrean.

Insaustik jakinarazi du bi antzokiek % 50eko edukierarekin zabalduko dituztela ateak. Hala, Viktoria Eugenian 391 eserleku izango dira, eta Antzoki Zaharrean, berriz, 260.

Programazioa ofizialki ostiralean hasiko da, baina aurretik, asteazkenean, 0 gala: Argiak piztu! deiturikoa egingo dute Viktoria Eugenian. «Donostiako osasun langileei eskainitako ekitaldia izango da», zehaztu du Insaustik, eta, hain zuzen ere, osasun langileek eta Donostia Kulturako langileek baino ez dute aukera izango gala horretara joateko. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Aitziber Garmendia eta Sara Cozar aktoreek, Igor Calonge dantzariak, Orfeoi Gazteak eta Kresala dantza taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.