Ezkutalekuak erakusten duena

Hans Keilson idazlearen 'Minorren komedia' euskaratu du Juan Luis Agirrek. Nazien okupazio garaian judu bat etxean ezkutatzen duen Herbehereetako bikote baten istorioa kontatzen du.

Larrutik sufritu zuen nazien zapalkuntza Keilsonek. Gasarekin hil zituzten haren gurasoak, Auschwitzeko kontzentrazio esparruan. ANDRZEJ GRYGIEL / EFE.
Naiara Elola.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gorazarrea. Bigarren Mundu Gerraren ondotik Herbehereetan jazarritako juduak babestu zituzten herritar xeheei aitortza egin zien Hans Keilsonek (Bad Freienwald, Alemania, 1909 - Hilversum, Herbehereak, 2011) Minorren komedia eleberrian. Bigarren Mundu Gerraren garaian idatzia izan arren, 2010ean, ingelesera itzuli ondotik eta New York Times-en argitaratutako artikulu bati esker, nazioarteko sona erdietsi zuen egileak, errefuxiatu judu bat etxean ezkutatzen duen bikotearen istorioaren bidez. Eleberria hizkuntza askotara itzulita dago —gaztelerara, italierara, suomierara, frantsesera eta norvegierara, esaterako—, eta orain euskaraz ere irakur daiteke, Juan Luis Agirrek itzulita, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Hasieran debekatzeko idatzi zuen lan haren arrakasta ezagutzeko aukera izan zuen Keilsonek, 102 urterekin zendu baitzen.

Engaiamendu politiko handiko gizona izan zen Hans Keilson, Agirrek liburuaren hitzaurrean azaltzen duenez. Ia bizitza osoa Herbehereetan igaro zuen; alemana zuen ama hizkuntza, eta alemanez idatzi izan zuen beti. Ofizioz medikua zen, psikiatra. Zeregin hori idazteko zaletasunarekin uztartu zuen. Oroimenaren defendatzaile sutsua zen, eta literatura historiako gertakizunak gogoratzeko tresnarik onena zela esan izan zuen: «Literatura gizateriaren oroimena da. Idazleak gogoratu egiten du, eta irakurleak bizipen zati bat bereganatzen du. Liburuak berriro argitara daitezke; gizakiak, aldiz, ez».

Mediku gisa, Nazien Aurkako Herbehereetako Erresistentzian hartu zuen parte. 1940. urtetik aurrera, klandestinitatean aritu zen. Haur juduak artatzen zituen, gudak eragindako trauma zuten haurrak, bereziki. Gaiaren inguruan ikerketa andana egin zituen. Haur psikiatrian maila goreneko aditu bilakatu zen. Literatura espezializatuan erreferente handietako bat da, gainera.

Alemanian gerra piztu baino lehen Fischer argitaletxeak plazaratu zuen idazle judu baten azken idazlana Keilsonena izan zen, hain justu ere. Ondoren herrialdean gertatuko zenaz Oskar Loerke editoreak ohartarazi zion, 1934an: «Konpon zaitez alde egiteko, okerrena espero baitut».

Eskola garaian, hamasei urte besterik ez zuela, Heinrich Heineren Die shlesischen Weber poemari buruz eztabaidatu nahi izan zuen. Gelakideek arbuiatu egin zuten, eta, bi urtean, ikasketak bukatu zituen arte, ikaskide bakar batek ere ez zion hitzik egin. Bizipen horren ondotik, egoera latzez jositako urteak tokatu zitzaizkion Keilsoni. Editorearen gomendioa aintzat hartu, eta, 1936an, sufritzen zuen jazarpenetik ihesi egin zuen; Alemania utzi, eta Herbehereetan erbesteratu zen, betiko.

Esperientzia baliatu

Minorren komedia-ko protagonista Herbehereetan bizi den bikote bat da, Wimek eta Mariek osatua. Ez dira juduak, eta nahiko bizitza patxadatsua dute. Bi urte eskas igaro dira naziek herrialdea okupatu zutenetik, baina horrek ez du inolaz ere eragin haien bizitza «lasaian». Ez dute nazien sarraskiaren berririk, ezta jakin-minik ere. Dena den, erabat ezezaguna zaien errefuxiatu judu bat etxean hartzeko larrialdi egoera suertatzen zaienean, ez dute inolaz ere zalantzarik egiten, eta etxean hartuko dute.

Modu horretan, ustekabean, ordura arte ezezaguna zen errealitate batekin egingo dute tupust Wimek eta Mariek. Alemaniarrekin ados ez daudela erakusteko aukera da, eta judu ezezagunari laguntza ematea erabakiko dute. Rotterdam (Herbehereak) bonbardatu izanagatik gauzatuko duten «mendeku txikia» izango da. Euren kasa gauzatu dezaketen erresistentzia pasiboa. Keilson bera, denbora batez, Amsterdamen gordeta bizi izan zen, eta bizipen hori baliatu zuen Minorren komedia-n.

Hizkuntza soil bezain lehorra erabiltzen du Keilsonek bere kontakizunean. Hiru protagonisten arteko elkarbizitzaren bitartez, maisuki helarazten ditu haserrea, beldurra, klaustrofobia, esperantza, elkartasuna, saldukeria eta bestelako sentipenak. Gainera, irakurleari hiru ikuskera plazaratzen dizkio: errefuxiatuak etsi-etsian egindako laguntza eskaerarena; Wimen izaera pragmatikoarena; eta Marieren izaera maitekor eta sufrituarena. Kontakizuna barnekoa bezain dramatikoa da. Izan ere, urtebetez, apopiloa etxean isilpean eduki eta gero, ezusteko bat gertatuko da: apopiloa gaixotu, eta hil egingo da. Orduan bai hasiko direla bikotearen benetako arazoak. Izan ere, judu bat etxean gordetzea zaila zen garai hartan, baina are zailagoa zen judu baten hilotza ezkutatzea.

Minorren komedia lanak, neurri handi batean, goraipatu egiten ditu Herbehereetan jazarritako juduak babestu zituzten herritarrak. Izan ere, herrialdean bizi ziren 130.000 juduetatik 20.000 Wim eta Marie bezalako herritarren elkartasunari esker salbatu ziren. Nazien zapalkuntza larrutik sufritu zuen idazleak berak ere. Elkarrizketa batean azaldu zuenez, «bizipozagatik» iraun zuen bizirik. Nazismo bete-betean jaio zen Barbara haren alaba. «1945eko maiatzean atera ginen hirurok lehen aldiz lasai eta beldurrik gabe kalera», aitortu zuen behin elkarrizketa batean. Antza, bizi ziren auzokoek zein ziren jakin bazekiten arren, inork ez zituen salatu, eta horri esker lortu zuten Keilsonek eta haren emazteak eta alabak bizirik ateratzea. Ez zuten zorte bera izan, ordea, idazlearen gurasoek, Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hil baitzituzten, gasarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.