Aldarte desberdinez

Derbiak arnasa hartzeko balio izan dio Athletici; Realak, berriz, partida kaskarra jokatu du. Anoetan giro aparta izan da: 28.367 zale bildu dira

Giro aparta izan zen Anoetako harmailetan igandeko derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Igandeko derbiaren ondoren, aho zapore oso desberdinarekin ekin diote asteari Athleticek eta Realak. 0-2ko garaipenari esker zuri-gorriek arnasa apur bat hartu dute. Hiru porrot zeramatzan erreskadan Angel Villacamparen taldeak, eta zalantzak agerikoak ziren. Baina Anoetan irabazi eta gero —sasoi honetan etxetik kanpo batzen dituen lehen hiru puntuak—hamargarren da orain, sei punturekin.

Garaipenaren balioa nabarmendu zuen Angel Villacampa entrenatzaileak: «Lagundu behar digu talde moduan hazi, eta egiten ari garenean sinesteko». Nekane Diezen golak lasaitasuna eman zion talde zuri-gorriari. Derbietan ohikoa duen izaera lehiakorra erakutsi zuen. Defentsan apenas pasatu zuen estutasunik, eta ondo zaindu zituen geldikako jokaldiak.

Erasoan, berriz, Erika Vazquez eta Lucia Garcia aritu ez arren,Ane Azkonak partida handia jokatu zuen. Haren alde egin zuen apustu Villacampak. Ohikoa duen izaera borrokalariarekin, Azkona amesgaiztoa izan zen Iraia Iparragirrerentzat. Berak eman zion lehen golaren pasea Nekaneri. Aurrelaria taldera itzuli zen, eta ederki mugitu zen lerro artean. Bestalde, lehen lau jardunaldietan okatu gabe egon eta gero, Ainhoa Tirapuk zaindu zuen zuri-gorrien atea. Apenas izan zuen lanik, baina ziurtasuna eman zion atzealdeari. Maria Diazek 89. minutuan biribildu zuen festa.

Hala, beste aldarte batekin jokatuko du larunbatean Athleticek, Betisen aurka, Lezaman (11:00). Espainiako taldeak ez zuen ondo hasi sasoia, baina azken sei puntuetatik lau patrikaratu ditu, eta goraka doa.

Erasoan argitasunik ez

Burumakur amaitu zuten partida txuri-urdinek. Sasoiko lehen porrota pilatzeaz gain, partida kaskarra jokatu zuen Gonzalo Arkonadaren taldeak. Teknikariak marrazkia aldatu zuen. Leire Baños aulkian utzi zuen, astean zehar kili-kolo ibili eta gero. Ezustean, Kiana Palacios jarri zuen euskarrian haren lekuan. Baina aurrelaria ez zen ondo moldatu. Bigarren zatian zelairatu zuen Baños, eta beste indar bat eman zion txuri-urdinen zelai erdiari. Zuzenago jokatu zuen Realak.

Zuzenago bai, baina lehen zatian bezala, argitasunik gabe. Nerea Eizagirrek indarra jarri zuen, eta bakarkako jokaldietan hegaletik min egiten ahalegindu zirenBarbara Latorre eta Marta Cardona. Baina ez zuten zulorik topatu. Antzeman egin zen Nahikari Garciaren falta puntan.

Bestalde, Arkonadak ere aldaketa egin zuen atean. Osatu eta gero, Mariasun Quiñones atera itzuli zen, Adriana Nanclaresen ordez. Lehen golak hotz harraptu zuen, eta hainbat jokalditan oraindik lehiaketa erritmoa hartu beharrean dela ikusi zen.

Athleticen nagusitasuna onartu zuen Arkonadak. «Ez dugu gure eguna izan. Haien aurka kosta egiten zaigu partidan sartzea, eta gaurkoan ere hala izan da. Ez dugu une bakar batean ere lortu». Larunbatean partida gaiztoa izango du talde txuri-urdinak, Granadillaren zelaian (18:30). Arkonadaren jokalariek aurreko lehietako irudi ona berreskuratzeko erronka izango dute. Orain, zortzi punturekin, zazpigarren daude sailkapenean.

Beste behin, harmailetan giro aparta izan zen. 28.367 lagunek bete zuten Anoeta. Derbiko beste protagonista beroa izan zen. 30 gradutik gora egin zituen, eta jokalariek ahalegin fisiko handia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.