Bizi bat irauten eta bizirik irauten

Denda askok itxi behar izan dute azken urteetan; beste batzuek, berriz, ehun urte baino gehiago eutsi diote negozioari. Saltokien prezioen aurrean bat datoz dendariak gertutasuna dela komertzio txikiak eskain dezakeen onena, eta gazteen erreleboa kezkatzen ditu gehien.

Emilio Pirla Gorostiaga kapela dendaren jabea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

ORTEGA.
«Saltzen dugunaz gain, tratu pertsonala eskaintzen dugu»

 


Francisco Javier Navarro, Ortega dendako arduraduna, bere lankideekin. Iñigo Uriz / Foku

Francisco Javier Navarro (Iruñea, 1959) da Iruñeko Sucesor de Ortega dendako arduraduna. «Ez dakigu zehazki zenbat urte dituen Ortega dendak, baina ehun baino gehiago ziur», esan du dendariak. Bonifacio Ortegak ireki zuen Iruñeko kale nagusiaren lehenengo zenbakian XX. mende hasierako urteetan, baina ez dute lortu irekieraren inguruko datarik. Jabearen semeak hartu zuen negozioa ondoren, eta horrek, berriz, langileei utzi zien. Langile horietako bat Navarroren osaba zen; hark erakutsi zion arropa eta oihalak saltzeko lanbidea duela 40 urte. Gaur egun, Navarro eta beste lau langile aritzen dira alde zaharreko dendan lanean.

«Denetariko denda da», esan du, «bizi guztiko horietakoa»: galtzak, alkandorak, maindireak, barruko arropa... «Urte hauetan guztietan modak asko aldatu dira, eta guk moda-moda hori eskaintzen ez dugun arren, joeretara eguneratu behar izan dugu. Hemengo arropa klasikoagoa da», aitortu du Navarrok, eta gehitu du bere lankide gazteagoek asko lagundu diotela lan horretan.

Urteotan erosteko eredua asko aldatu dela nabaritu du, merkataritza gune handiak ugaritu direlako, baina baita Internet bidezko erosketek eragin nabarmena izan dutelako ere. «Uler dezaket merkataritza gune handietara joatea, han denetarik egin baitezakezu egun berean: erosketak, bazkaldu eta zinemara joan», baina azpimarratu du bezeroek halako tokietan ez dutela komertzio txikiek eskaintzen duten zerbitzurik topatuko: «Guk giro ederra daukagu dendan. Saltzen ditugunez gain, tratu pertsonala eskaintzen dugu». Gaineratu du bezeroek asko eskertzen dutela tratu hori.

Hala ere, kateak eta denda handiak ez dira konpetentzia Ortegarentzat, «Iruñean ia ez da guk saltzen duguna eskaintzen duen beste dendarik». Navarrok zehaztu du antzeko denda gutxi horien artean, bakoitzak baduela bere berezitasuna: «Batzuk gauza jakin batzuetan daude espezializatuta, eta gu, berriz, beste batzuetan», eta horregatik esan du ez dizkiotela elkarri bezeroak kentzen

Navarrok uste du komertzio txikia, baina, arriskuan dagoela: «Zoritxarrez, galdu egingo da. Ikusten ari gara Kale Nagusian eta Alde Zaharrean pertsianak jaisten ari direla. Geroz eta denda txiki gutxiago daude». Horren arrazoien artean, instituzioen laguntza falta salatu du dendariak: «Ez dago inolako laguntzarik komertzio txikiak bizirik iraun dezan». Datozen belaunaldien konpromisoak ere zerikusirik duela azaldu du; izan ere, haren ustez, gazteek ez dute halako denden ardurarik nahi: «Gazteek nahiago dute fabrika batean lan egin, ordu gutxiago eta diru gehiago irabazten delako. Nire seme-alabek, kasurako».

Dena den, Navarrok pozik adierazi du Ortega dendak erreleboa bermatuta daukala urte batzuetarako, behintzat, «nirekin dauden lankide gazteek luze daramate hemen lanean, eta oso ongi eramango dute haiek negozioa. Ortega luzerako egongo da».

FERREIRO.
«Nire aitonaren harri berberak erabiltzen ditut oraindik»


Angel Ferreiro, aizto dendako sarreran. Juanan Ruiz / Foku

Angel Ferreiro (Gasteiz, 1967) Gasteizko erdigunean dagoen aizto dendako laugarren belaunaldia da. Ferreiroren birraitonak ireki zuen, 1890ean Ourensetik (Galizia) iritsi zenean. Aurten, beraz, 130 urte egingo ditu familia negozioak. Labanak, guraizeak, aizkorak eta bestelakoak saltzen dituen arren, zorroztea da gehien egiten duena. Zahatoak eta burdindegietako zenbait gauza ere saltzen dituela azaldu du Ferreirok, «horiek ere ixten hasi direlako».

Ferreirok azaldu du, funtsean, bere aurrekarien berdina dela denda: «Nire aitonaren harri berberak erabiltzen ditut oraindik. Makina aldatu behar izan nuen, baina halako harririk ez dute ia inon egiten».

Komertzio txikiaren garrantzia goraipatu du, eta hiriari «bizitza» ematen diotela uste du: «Auzo berriak ikustea besterik ez dago: frankiziak, tabernak eta banketxeak baino ez daude». Etaazaldu du ahal dela denda txikietan erosten duela: «Nire harakin eta arrandegi finkoak dauzkat». Baina, aldi berean, kezkaz begiratzen dio etorkizunari, gazteei halako negozioak zabaltzea kostatzen zaiela uste baitu: «Kobratu daitekeena ikusita ere, gazteek ez dute negoziorik hasi nahi». Hala ere, antzinako lanbideak bueltatuko direlakoan dago: «Ez dakit nik ikusiko dudan, baina modan jarriko dira berriz ere horrelako negozioak».

Hark aitortu du gaztetan denda gorroto zuela: «Nahiago nuen fabrikan ibili». Baina familiako arazoak direla medio, aitarekin lanean hasi behar izan zuen 22 urterekin, eta pozik esaten du gaur egun ez dela damutzen. Dendaren jarraipena, ordea, ez dago guztiz ziurtatuta; izan ere, ez dauka seme-alabarik.

Bezeroarekiko gertutasuna da bere negozioaren «sekretua». «Nik ez diet behar ez dutenik salduko». Gaiztoa izan zitekeela esan du Ferreirok, baina, nahiago du bezeroarekin zintzoa izan: «Ez badidate momentuan eskertzen, lehenago edo geroago beste zer edo zer erostera bueltatzen dira». Eta hori aiztogilearentzat esker onaren seinale da.

GOROSTIAGA.
«Kapela ez da aldatu; haren funtzioa, berriz, erabat desberdina da»


Emilio Pirla Gorostiaga, izen bereko kapera dendaren jabea. Marisol Ramirez / Foku

Mendirako zein ezkontzetarako; dotore janzteko edo informal joateko. Mota guztietako txano eta kapelak saltzen dituzte Bilboko Gorostiaga kapela dendan. Nolanahi ere, bertako «izarra» txapela dela azaldu du Emilio Pirlak (Bilbao, 1962). 1857an ekin zioten moda osagarri horren ekoizpenari, eta 1900. urtearen inguruan zabaldu zuten Victor kaleko denda. Fructuoso Gorostiaga izan zen negozioaren lehen jabea, eta Pirla familiak hartu zuen gero.

Pirla soldadutza egiten ari zen 1983an, Bilbon uholdeak egon zirenean. Baimen berezia eman zioten, kapela denda garbitzera joateko. Urte hartan hasi zen lanean familia negozioan. «Okerrena da hilabeteak eman genituela kapelak eta txapelak garbitzen gero zakarretara botatzeko», azaldu du dendariak. Uholdeak aitzakia gisa erabili zituen aitak, seme-alabei negozioa erakusteko.

Pirlak azaldu du garai bateko material berberak erabiltzen dituztela, eta ekoizpenaren prozesua bertsua dela. Aldiz, tresnak aldatu dira: lehen, eskuz egiten ziren, eta, orain, makinaz. «Kapela ez da aldatu; haren funtzioa, berriz, erabat desberdina da», esan du Pirlak txanoen inguruko erabileraz. Izan ere, modagatik janzten da orain, hotzetik zein berotik babesteko baino gehiago. Klima aldaketa ere nabaritu dute Gorostiagan: «Ez du hotz handirik egiten, eta beroaldiak laburrak dira», eta salmenta zertxobait jaitsi dela onartu du. Kontrara,urtero modak aldatzen direnez, negozioa aurrera ateratzeko adina lortzen dutela azaldu du Pirlak.

Dendariaren esanetan, gutxi dira kapelari buruz ongi aholkatzeko gai, eta horregatik jotzen dute haiengana: «Askotan, merkataritza guneetako dendariek hona bidali izan dizkidate bezeroak». Interneteko salmentetara ere egokitu behar izan dira Gorostiagan, baina, Pirlak ohartarazi du zaila dela txanoak online erostea: «Jartzen duzun arte, ez dakizu nola geratuko zaizun». Eta gaineratu du dendan erosita «ziurtasuna» izango dutela erosleek, hori baita komertzio txikiaren bermeetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.