Zientzia. ARGI ALDIAN

Makinak eta medikuak

Gorka Azkune -

2018ko urriak 12
Irakasle eta ikertzailea Deustuko Unibertsitatean

Irailaren 29an, Bilbon, ikertzaileen Europako gauean parte hartzeko aukera izan nuen. Ekitaldi polita antolatu zuten, hainbat ikerlari eta zientziazale elkartuz. Bertan, adimen artifizialaren eta ikasketa automatikoaren inguruko hitzalditxo bat eskaini nuen. Galderentzako tartean, moderatzaileak oso galdera interesgarria egin zidan, adimen artifiziala eta medikuntza lotuz. Etxera joatearekin batera, pentsatu nuen ongi legokeela gai horri buruz pixka bat sakonago idaztea. Zutabe hauxe erabiliko dut horretarako.

Ikasketa automatikoa medikuntzaren esparru askotan erabil daiteke. Adibidez, orain dela ez gehiegi, ikerlari batzuek lan oso interesgarria plazaratu zuten. Ziurrenik melanoma hitza ezaguna egingo zaizu, ezta? Uda-garaian, eguzkiak gehien estutzen duen egun horietan, beti gogorarazten digute kontuz ibiltzeko, eguzkitan denbora gehiegi ez pasatzeko, izpi ultramoreen arriskua eta abar. Gainera, gure azalean orban berri edo arraroren bat topatzen badugu, medikuarengana joateko aholkatzen digute. Orban hori, agian, melanoma bat izan baitaiteke.

Nork daki orban bat behar bezala sailkatzen? Bada, medikuek. Orbanari begiratzen diote, haren ezaugarriak behatzen dituzte eta erabakitzen dute melanoma den ala ez. Gorago aipatu ditudan ikerlariek lan hori bera egin nahi izan zuten neurona-sare artifizial baten bidez. Horretarako, azal-orban irudi pilo bat jaso zituzten, beraien diagnosi egokiarekin batera. Hots, azal-orban irudi bakoitzeko, bazekiten melanoma bat zen ala ez. Irudi pilo horretaz baliatuz, neurona-sare bat trebatu zuten. Ondoren, azal-orban irudi gehiago erakutsi zizkioten sareari, ea nola sailkatzen zituen ikusteko. Eta sailkapen horiek hainbat mediku adituren sailkapenekin konparatu zituzten. Emaitzak nahiko harrigarriak izan ziren: neurona-sareak medikuek baino hobeto sailkatzen zituen irudiak! Gehiagotan asmatzen zuen melanoma noiz zen eta noiz ez zen.

Antzeko lanak topa daitezke beste esparru batzuetan: erresonantzia magnetikoetan tumoreak sailkatzeko gaitasuna, adibidez. Gorago aipatutako ideia berari jarraitzen zaio hemen. Erresonantzia magnetiko pilo bat erabiltzen dira sarea entrenatzeko, eta gero irudi berriak ematen dizkiote. Baina badaude beste lan batzuk, zuzenean magia diruditenak: gure begiko erretinen irudiak erabiliz bihotzeko gaixotasunak hautematen dituzten neurona-sareak.

Zer esan nahi du horrek guztiak? Akaso laster medikuen beharrik ez dugula izango? Gauzak ez dira hain sinpleak. Alde batetik, azaldu ditugun lanak oraindik ere ikerkuntza fasean daude. Beste aldetik, oso gauza zehatzak egiteko balio dute. Dermatologo batek, melanomak hautemateaz gain, beste gaixotasun pilo bat ezagutzen ditu, eta tratamenduak jartzeko gai da, tratamendu horien eboluzioa behatzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko. Erradiologo batek, berriz, erresonantzia magnetiko batean tumoreak ez diren beste hainbat gauza ere ikus ditzake, zuntz hausturak, kasurako. Gainera, bilatu nahi den gaixotasun edo lesioaren arabera, badaki nola konfiguratu makina modu egokian.

Azken batean, adimen artifiziala beste tresna bat gehiago izango da medikuentzat. Denborarekin, tresna berri hori erabiltzen ikasi beharko dute sendagileek, eguneroko lana hobetzeko asmoz. Adimen artifizialak medikuak ordezkatuko ditu, orduan? Ni ezezkoan nago. Aditu batek esan zuen bezala, adimen artifizialak ez ditu medikuak ordezkatuko, baina adimen artifiziala darabilten medikuek hura erabiltzen ez duten sendagileak ordezkatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna