KRITIKA. Antzerkia

Jardiel Poncela

La valentía antzezlaneko aktore taldea. KAMIKAZE.
Agus Perez.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

'La valentía'

Egile eta zuzendaria: Alfredo Sanzol. Eszenografia: Fernando Sanchez Cabezudo, Eduardo Moreno. Argiak: Pedro Yague. Antzezleak: Jesus Barranco, Angel Ruiz, Elias Gonzalez, Vanessa Espin, Estefania de los Santos, Natalia Huarte. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 6.

Kalitate ezin eskasagokoa izan zen Alfredo Sanzolek Bilbora ekarri zuen azken produktua —La ternura, baina aspaldian ikusitako besteren bat—La respiración, esate baterako— oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta uste izan dut bigarren aukera bat mereziko zuela Madrilen finkaturiko nafar egileak.

Oraingo honetan beldur ukituak dituen komedia leun batekin etorri zaigu, eta esan beharra dago ez dela orduko hura bezain lotsagarria izan bederen. Hala ere, eta Espainia aldeko kultur panorama nola dagoen jakiteko—ene irudiko betiere—, adierazgarria da jakitea La ternura hark Max sarietako bat eskuratu zuela iazko edizioan, Antzezlan Onenaren kategorian. Beraz, oraingo La valentia-rekin Nobel saria eta guzti lor dezake espainiar literatura garaikideak.

Argumentuak dioskunez, etxe zahar batean bizi dira bi ahizpa, bat oso errotuta etxean eta bestea hura saldu nahian. Xede horri begira, mamuak eta psikofoniak sortzen dituen enpresa bat kontratatuko du, eta hor hasiko da egoera korapilatzen. Lasai gera dadila balizko irakurlea, orain arte azaldu dudana esku-programan bertan agertzen baita.

Hortaz, mamu itxura klasikoan jantzitako pertsonaia bat agertu da hasiera-hasierako eszenan, eta sofa ezin klasikoagoan jesarri da, etxe bateko horma zeharrargiak irudikatzen zituen eszenografia erdi naturalista erdi eskematikoaren erdian. Nik uste dut honezkero irakurle finak ondo ulertu duela horrekin batera etorri diren argumentuaren sotiltasuna eta maila sublimea, eta ez bazaio argi geratu, jakinaraziko diot zazpi bat aldiz aipatu dela coño (potor) hitza ikusle despistatuengan barreak eragitearren—arrakasta handirik gabe, zorionez—. Eta hori guztia antzezleen maila apal-apala ez aipatzearren.

Sanzol, benetan... oker zaude uste baduzu onarpen nahikorik lortuko duzula sitsek jandako horrelako azpiproduktuekin Euskal Herrira etorrita. Francoren garaian Enrique Jardiel Poncela delako bat egon zen umore zuriko antzezlanak idazten, eta garai haietarako erreberentzia gutxikoa irudi zezakeen, baina gaur egun argi dago denborak eta orduko nazional-katolizismoak faktura pasatu dietela haren lanei. Zertara dator, orduan, XXI. mendearen bi hamarkada oso igaro direla ordukoen estiloko epelkeriak plazaratzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.