Zaintzeko eta hiltzeko eskuak

Maddi Barberrek 'Gorria' ez-fikziozko film laburra estreinatuko du gaur Ikuspuntu jaialdian

Gorria filmaren fotograma bat. Pelikulan, artzainen eskuek toki handia hartzen dute. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ardi bati burua laztantzen dioten eskuak. Ardia jezten duten eskuak. Arkume bati labana lepotik sartzen dioten eskuak. Hildako arkumea kozinatzen duten eskuak. Eskuak; zaintzeko, eta hiltzeko. Maddi Barberrek abeltzaintzari lotutako bizimoduaren «kontraesanak» jarri ditu mahai gainean film labur batean. Gorria du izena, eta gaur aurkeztuko du, Ikuspuntu jaialdian, 19:30ean, Iruñeko Baluarte auditoriumean.

Zinemagile nafarra herri txiki batean hazi zen, Lakaben, eta gertukotzat izan du beti abeltzaintzari lotutako bizimodua. Herri horretan, animaliak hazten, zaintzen, hiltzen eta jaten dituzte; prozesu osoa bertan egiten dute, elikadura burujabetza lortzeko helburuarekin. Hori dela eta, Barberrek «natural» sentitu izan du beti gizakien eta beste espezieen arteko harreman hori: «Halako tokietan, bizitza eta heriotza gertu daude». Azken urteetan, baina, haren ikuspegia aldatu egin da: «Orain barazkijalea naiz, hautu politiko hori egin dut; sentimendu batzuk ditut animalien sufrimenduarekiko, eta konpromisoa antiespezismoarekin eta ekologismoarekin». Hori dela eta, zinemaren bitartez bizimodu horrek sortzen dizkion kontraesanei begiratzea erabaki du. «Horretarako, hara itzuli nintzen hiru hilabetez. Hori guztia nire eskuekin sentitu nahi nuen: zer esan nahi zuen animalia bat zaintzeak, eta baita hiltzeak ere».

Ardiak eta arkumeak dira dokumentalaren protagonista nagusiak, eta haiekin batera, artzainak; zehazki, haien eskuak. Haiei zuzentzen zaie kamera denbora gehienean. Zinemagileak azaldu duenez, pelikula egiterakoan gizakiaren emozioak aurpegia ez den beste gorputz atal baten bitartez adierazteko erronka hartu zuen, eta eskuak aukeratu zituen. «Esku horiek dira laztantzen eta hiltzen dutenak; beraz, kontraesanak gorpuzten dituzte». Gainera, filma 16 mm-tan grabatu zuen, eta, lan horretan eskuen sentsibilitatea garrantzitsua denez, prozesuan «analogia bat» ikusi zuen grabatzen ari zenaren eta berak atzetik kamerarekin egiten zuen lanaren artean.

Filmaren izena bera bakarrik iritsi zitzaion Barberri. Filmatzean kolore horrek fokuaren norabidea markatzen ziolako aukeratu zuen gorria hitza. Izan ere, gorriak dira ardiei identifikatzeko egiten dizkieten markak, animaliei ilea mozteko guraizeak, eta baita arkumeak hiltzerakoan isurtzen duen odola ere. «Konturatu nintzen inguruko gauza gorriei jarraituz gero nonbaitera eramaten nindutela». Hori izan zen lehen arrazoia, baina ondoren beste batzuk aurkituz joan zen: «Euskaldunen kolore-unibertsoa: argia eta koloreen pertzepzioaz liburuan irakurri nuen hasieran kolore gutxi batzuk zeudela, eta gorriak hartzen zuela ia horitik urdinerainoko guztia. Bestetik, gorria hitzak esanahi bat baino gehiago du: intentsitatea, krudeltasuna, gordintasuna... Eta, horrez gain, 16 mm-tan grabatzean, filmaren zinta amaitzen ari denean irudiak gorrira jotzen du, eta pelikulan nabaritzen da». Bat-batean, beraz, guztiak zentzua hartu zuen harentzat.

Filmari soinu gutxi sartu dio. Filmatzean bakarrik egoten zenez, zail egiten zitzaion irudiarekin batera soinua grabatzea, eta beste momentu batzuetan egiten zuen lan hori. «Irudia eta soinua disoziatu egiten ziren, eta, horregatik, soinuak badu zerbait ez dena errealista, agian memoriarekin zerikusia duena: nola gogoratzen dudan nik hango soinua», azaldu du Barberrek.

Zinematik gizakia aztertu

Ikuspuntu jaialdiaren X Films sailaren barruan aurkeztuko du gaur lana. Proiektu horrekin, urtero film bat ekoizteko aukera ematen diote zuzendari nafar bati, eta iaz haren proposamenak irabazi zuen. Aurten, gainera, proiektuak hamar urte bete ditu, eta, urteurrena ospatzeko, Barberrena ez ezik irabazi duten gainontzeko lan guztiak ere proiektatuko dituzte.

Barberrek Ikus-antropologia ikasi zuen Manchesterko Unibertsitatean, eta zinemaren bitartez gizakiak paisaiarekin eta animaliekin duen harremana ikertzen aritu da azken urteetan. 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra (2019) lanetan aztertu zuen nola bizi daitezkeen Itoizko urtegiaren inguruko herritarrak bortizki eraldatutako paisaia hori aldamenean izanda. Orain, berriz, gizakien eta beste espezieen arteko erlazioan jarri du fokua. «Zinema oso sentsoriala da, eta idatziz agian esplikatu ezin ditugun harreman batzuk azaltzen ditu».

Hiru urtean gelditu gabe egon ostean, atsedenaldia hartuko du orain Barberrek. Atsedenaldia sorkuntza aldetik, zinemari lotutako beste lan batzuetan murgildurik baitago dagoeneko. Pirenaika ekoiztetxea sortu du, eta beste zinemagile batzuen lanak ekoizten ari da. «Neure burua beste toki batean jarrita, zinematik ikasten jarraituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.