Musika

Iraganari ihes egiteko ordua

Zortzi disko behar izan ditu Stephen Malkmusek Pavement taldearen itzal luzea atzean uzteko. 'Sparkle Hard' lan berriak sasoi onean erakusten du, estilo propio eta identifikagarri baten jabe.
Stephen Malkmus (eskuinean), The Jicks taldeak lagunduta.
Stephen Malkmus (eskuinean), The Jicks taldeak lagunduta. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko maiatzak 27
Ezinbesteko erreferentzia izan zen talde bateko abeslaria izan eta hura desegin zenetik ia bi hamarkada igaro diren honetan, Stephen Malkmusek jarraitzen du bere iraganari ihes egin gabe. Ez berak ez duelako nahi. Baina haren izena agertu, eta jarraian, berehala, eta bestela izateko inolako aukerarik gabe, azaltzen da ditxosozko izena. Pavement. Ez alferrik, hitz handiak 1990eko indie estatubatuarraren barruan. Garai baten soinua markatu zuten bi diskoren egileak: Slanted and enchanted (1992) eta Crooked Rain Crooked Rain (1994).

1992. eta 1999. urteen artean, bost LP kaleratu zituen Pavementek, eta bere sasoi onena aspaldi pasatuta zegoenean desegin zen. Nolanahi ere, bere disko guztietan utzi zituen taldeak harribitxi batzuk, gehiago aurreneko bi disko haietan (Summer Babe, No LIfe Singed Her, Here, Elevate Me later, Cut our Hair, Unfair, Range Life...), eta gutxiago Wowee Zowee, Brighten the Corners eta Terror Twilight-en (Rattled by The Rush, Shady Lane/J vs S).

Malkmus 2001ean estreinatu zen bakarlari gisa, eta orduz geroztik zortzi disko argitaratu ditu The Jicks taldea lagun duela. Pavementek inoiz grabatu zituenak baino gehiago. Eta gaur egun horretan du jarria arreta eta indarra. Ez galdetu hari Pavementen balizko berregite bati buruz. «Une honetan, ez dit interes berezirik pizten», aitortu berri du, enegarrenez aukera horretaz galdetu diotenean: «Nire bizitzarentzat, egun osoko lanaldia daukat, eta ez dakit Pavementen elkartze batentzako denborarik izango nukeen».

Soinu baten garapena

2001ean Stephen Malkmus bere bakarkako lehen diskoa kaleratu zuenetik, apurka-apurka joan da musikari estatubatuarra Pavementekin ondu zuen soinua finduz, hari zerion lo-fi kutsua baztertzearekin batera, nolabaiteko klasikotasun batera jotzen. Haustura ikaragarririk egin gabe, nolanahi ere, Sparkle Hard (2018) lan berriak agerian uzten duen moduan.

Cast Off-ekin hasi bezain pronto, lehen planoan gelditzen baita Malkmusek melodia bihurriekin duen lotura estua, akademizismoetatik urruti betiere. Pavementen lehen disko haien ezaugarrietako bat izan zitekeen kantu batzuen zaratarako joera —eta The Fallen oharkabeko eragina—, baina elementu horiek kenduta eta beste batzuk gehituta —hariak Solid Silk-en, auto-tune-a Rattler-en—, ez daude hain elkarrengandik urrun Malkmus gazte hura eta gaur egungo Malkmus heldua.

Musikariak berak batasun baten barruan kokatu ditu aldaera horiek guztiak. «Gaur egun badago estilo ezberdinak lantzeko joera bat. Eta ondo dago hori, edo ondo egon liteke. Baina ez dago estilo ezberdinetako kantuen biltzeak emaitza ona ekartzeko errezetarik... Ni saiatzen naiz gehiegikeriak ez egiten: disco kantu bat hemen, beste elektroniko bat han... Uste dut kohesioak berebiziko garrantzia izan behar duela».

Sparkle Hard-en sartzen denak ez du sumatuko Malkmusek goraipatzen duen batasun horren falatarik, diskoa kolore bakarrekoa ez izan arren. Hor ageri dira The Beatles sinfonikoen eragina eta krautrock izan zitezkeen erritmoak nahasten dituen kantu bat (Difficulties/Leat Them Eat Wolves), Pavement onenen oihartzunak dituen Middle America, gitarra indartsuetan oinarritutako Shiggy, eta Refute, country ahaireak dituen pieza, zeinetan Kim Gordonek (Sonic Youth) abesten duen.

Diskoak egun batzuk besterik ez daramatza kalean, baina Malkmusek, gutxienez, lortu du garaipen bat: inoizko kritikarik onenak egin dizkiote.

Ekainean abiatuko dute Stephen Malkmusek eta The Jicksek disko berria aurkezteko bira AEBetan, kontzertu askotarako sarrerak amaituak dituztela, eta, udako jaialdiren batean parte hartuko badute ere, udazkenera arte itxaron beharko da haiek Europan ikusteko. Oraingoz ez dago Euskal Herrian aurkeztuko duten zantzurik, eta emanaldirik gertuenekoa Parisen izango da, azaroaren 1etik 3ra han egingo den Pitchfork jaialdian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna