Sanmigelak Oñatin

Txantxikua hemen da

Arcada Social taldeak txosnetan joko du gaur gauean. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bi asteburutan ospatuko dituzte Oñatiko jaiak; gaur, egun handia dute. Martxan da eraso sexistei aurre egiteko protokoloa ere

Txaranga doinuak, Orain presoak elkarretaratzea, Txantxikuaren jaitsiera,eta danbor hotsak. Atzo hasi zituzten oñatiarrek herriko jai nagusiak; urriaren 8ra bitartean ospatuko dituzte, bi asteburutan.

San Migel eguna dute gaur Oñatin; hain zuzen ere, herriko zaindariaren eguna. «Goizeko egitaraua klasikoa izaten da: plater-tiroketa txapelketa, meza nagusia, eta Oñatiko Musika Bandaren kontzertua», esan du German Meabebasterretxea kultur teknikariak. Larrazaga jauregiko lorategian izango da kontzertua.

Arratsaldean, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira, Resurrecion Maria de Azkueren oroimenez, herri antzerkia egingo dute Olaitturi kultur elkarteko kideek; estreinaldia izango da. San Migel pilota txapelketako finalerdiez eta familia guztiarentzako magia ikuskizunaz gozatzeko aukera ere egongo da.

«Iluntzean, The Mani-Las taldearen kontzertua izango da Atzeko Kalean», azaldu du Meabebasterretxeak; kontzertua 19:30ean izango da. Txosnetan, berriz, rock kontzertuak egingo dira. «Perlata izango da lehena oholtza gainera igotzen; eta horren ostean, Brigade Loco jardungo da», esan du Iñaki Guridi txosna batzordeko kideak. Arkada Social taldeak ere kontzertua emango du txosnetan, herriko plazan Gatibu amaitzean. «Plazan dagoen jendea txosnetara biltzea da helburua», azaldu du Guridik.

Erasoen aurrean, erantzun

Erasorik ez, erantzunik gabe lelopean, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan dute Oñatiko txosnagunean. «Erantzunera bideratuta dagoen protokoloa da; erasoren bat gertatuz gero, nola jokatu azaltzen du», esan du Irati Garai Pototak Talde Feministako kideak. Orain lau urte osatu zuten protokoloa; eta gutxienez, bi aldiz aktibatu dela azaldu du Garaik.

Oñatiko Udalak ere eraso sexisten gaineko informazioa eskaintzen duten eskuorriak banatuko ditu; Ez da ezetz da leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.