Nakba. Nazioartearen erreakzioa

Diplomaziaren ekintzen bila

Israel AEBen inoizko babesik handiena jasotzen ari da, baina nazioarteko gainontzeko estatuek ez dute pauso erabakigarririk eman palestinarren alde, eta kritikak neurri sinbolikoetara mugatu dira
Riyad Mansur Palestinaren NBErako ordezkari iraunkorra, atzo, New Yorken, segurtasun kontseiluaren bileraren aurretik.
Riyad Mansur Palestinaren NBErako ordezkari iraunkorra, atzo, New Yorken, segurtasun kontseiluaren bileraren aurretik. JUSTIN LANE / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko maiatzak 16
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen atzerri politikako erabakiek bata bestearen atzetik ondorio lazgarriak eragin dituzte Ekialde Hurbilean. Astebeteko epean, iragarri du AEBak Irango akordio nuklearretik aterako dituela, Israelen eta Saudi Arabiaren mesederako, eta AEBen enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitu du, 2016ko hauteskunde kanpainan agindu bezala. Erabaki horiek kontuan harturik, Gazan atzo eta herenegun izandako gertakariak aurreikus zitezkeen, baita horien ondorio izan ziren hilketak ere, baina munduko potentzia nagusiek ez dute behar bezala erreakzionatu, Trumpek Israeli eta Palestinari buruzko hamarkadotako adostasuna apurtu ostean denbora izan duten arren. Bai Jerusalemen inguruan, baita bake prozesuaren inguruan ere, iazko otsailean bizkarra eman baitzion bi estatuen irtenbideari, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu ondoan zuela. Hain justu, AEBetako presidenteak Israelgo lehen ministroaren esku utzi du AEBen Ekialde Hurbilerako neurri politiko eta militarren garapena: munduko lehen potentziak Israel babesten du eskualde horretako erabakietan eta ekintzetan, eta Netanyahu guztiz babestua sentitzen da nazioartearen aurrean entzungor jarraitzeko. Bitartean, AEBen eta haren europar aliatuen arteko harremana okertzen ari da egunak pasatu ahala, eta, aldi berean, herenegungoak bezalako irudien aurrean erreakzionatzeko gero eta gaitasun urriagoa erakusten ari dira Europako estatuak. Diplomaziaren eta ekintzen arteko mugan, inor ez da ausartzen beharrezko ekintzen aldeko apustua egitera, eta palestinarrek bakarrik ikusten dute beren burua, aspaldidanik oroitzen den egoerarik larrienean eta arriskutsuenean. Hirugarren intifadarako deiak areagotu ditu jada Hamasek.

Ohiko gidoiari eutsi diote nazioarteko estatuek herenegungo sarraskiaren ostean: NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura jotzea. Kuwaitek, herrialde arabiarren ordezkari gisa, ebazpen zirriborro bat aurkeztu zuen bileraren aurretik, Gazan «ikerketa garden eta independente» bat abiatzeko. Azken datuen arabera, egunotan gutxienez 62 palestinar hil eta 2.700 zauritu ditu Israelgo armadak Gazako mugan zein Zisjordanian, tiroz zein negar gasa erabiliz.

Trumpen aurretik, espero zitekeen AEBek baiezkoa ematea eskari horri, baina egungo errealitatea desberdina da, eta AEBek ikerketa blokeatu zuten, Siriarako eskatzen direnekin egiten ez duten bezala. Herrialdearen NBErako enbaxadore Nikki Haleyren atzoko hitzek frogatu zuten Trumpen atzerri politikako erabakiek erabat mugatzen dutela eta mugatuko dutela Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak behar duen irtenbidea: «Protestek ez dute zerikusirik gure enbaxadaren irekierarekin. Gainontzeko estatuek ez dute inoiz erakutsi Israelek atzo izandako sendotasuna. Ez izan zalantzarik: Hamas pozik dago atzokoarekin [herenegungoarekin]».

Hori da, hain justu, AEBak eta Israel erabiltzen ari diren estrategia egunotako hilketak eta gertakariak justifikatzeko: Hamasi eta Irani errua botatzea. Eta, beren diskurtsoa ezartzeko, NBE erabiltzeko prest dira: Israelen NBErako enbaxadore Danny Danonek atzoko bileran eskatu zion erakundeari Hamas salatu dezala, hura delako egun hautean gertatutakoaren «erruduna». Hau da, milaka palestinar «bultzatzen» dituela Gazako mugara joateko eta indarkeria erabiltzeko. «Protesta hauetan ez dago ezer baketsurik», argudiatu zuen Danonek. Bide horretatik ere, NBEren Ekialde Hurbilerako ordezkari Nickolay Mladenovek zaku berean sartu zituen Israel eta Hamas, herenegungo hilketak kritikatzerakoan: «Ez dago justifikaziorik atzoko [herenegungo] tragedia justifikatzeko. Israelek bere indarra neurtu behar du».

Gaur-gaurkoz, eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren erabakiaren zain, palestinarren aldeko pauso garrantzitsuena eman dutenak Mugarik Gabeko Kazetariak izan dira —20 bat kazetariri egin zien tiro Israelgo armadak herenegun—: Nazioarteko Zigor Auzitegiari formalki eskatu diote ikerketa bat abiatzeko Israelek Gazan egindako gerra krimenen inguruan.

Europaren arrakalak

Europan ere barne adostasuna apurtzen ari da pixkanaka. Nazioartean palestinarren aliatu nagusiak izan dira Europako estatuak eta EB Europako Batasuna, baina horien arteko distantzia ere handitzen ari da, AEBen enbaxadaren aldaketak bultzatuta. Horren erakusgarri da herenegungo zeremonian izan zirela Albania, Austria, Errumania, Mazedonia, Txekiar Errepublika, Serbia eta Ukraina. Txekiar Errepublikak AEBen pauso berak jarraituko ditu, oraindik zehazteke dagoen data batean, eta Errumaniako Gobernuak asmo bera adierazi zuen, nahiz eta gerora parlamentuak blokeatu egin zuen aukera hori. Oraingoz, desadostasuna maila txikia izaten ari da, baina lau hamarkadako nazioarteko adostasuna apurtu dute estatu horiek.

Europako estatu horiez gain, munduko beste hogei bat estatuk bidali zuten ordezkaritza herenegungo zeremoniara. Horien artean Guatemalak eta Paraguaik, Jerusalemen enbaxada irekiko duten hurrenek: lehenak gaur irekiko du, eta bigarrenak datorren astelehenean edo asteartean. Honduras ere hori egitekoa da, baina oraindik gobernuaren aginduaren zain jarraitzen du.

Ekialde Hurbilean, Recep Tayyin Erdogan Turkiako presidenteak hartu du egungo kritiken gidaritza, bide batez ekain amaieran Turkian egingo dituzten hauteskundeetan etekina lortzeko, eta Netanyahu jarri zuen jomugan. Atzo elkarri mokoka izan ziren, Twitter zein ohiko medioen bitartez: «Palestinarren odola bere eskuetan du, eta ezin du hori ezkutatu Turkiari eraso eginda», kritikatu zion Israelgo lehen ministroari.

Kritikak eta salaketak askotarikoak izan diren arren, neurri sinbolikoetara mugatu dira nazioarteko estatuen erreakzioak. Turkiak Israelgo enbaxadorea bota du herrialdetik, eta Hegoafrikak berea atera du Israeletik, apartheid-aren oroitzapenak bultzatuta. Baina hori ez da nahikoa palestinarrentzat, eta Europako potentziek neurri sendoagoak bultzatu beharko dituzte Israelek geratzen diren marra gorriak ez gainditzeko.

Israelek bi pertsona hil ditu dolualdiaren hasiera behar zuen Nakba egunean

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna