Jean Jacques Etxeberri. Eraikuntzako enpresaburua

«Lobbyek beren saltsa egiten dute nahi duten bezala, maleruski»

Kezka handiak piztu dituzte eraikuntza munduan zur, burdin eta materia batzuen gutitzeak eta prezio emendatzeek. Etxeberrik 40 bat langileko hargintza enpresa bat du Zuberoan, eta egoerari adi-adi dago.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Iñaki Etxeleku.
Iparraldeko Hitza
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Azkarki emendatu dira azken hilabeteetan eraikuntzako materialak, eta bereziki zura, burdina eta polipropilenoak. Jean-Jacques Etxeberri (Urdiñarbe, Zuberoa, 1958) 40 langileko hargintza enpresa bateko buru da, bere jaioterrian. Ofizialeen Ganberako hautetsia da, eta Eraikuntzako Federazioko lehendakariorde ere bai Pirinio Atlantikoetako sindikatuan. Adi-adi begiratzen dio arazoari.

Nondik jin da lehengaien prezio emendatzea?

Badakigu Kanadako egurraren prezioa goratu dela. Prezioak kasik doblatu dira. Badira arrazoi ezberdinak: Kanadako egur zinez arrakastatsua AEBek eta Txinak blokeatzen dute, zinezko galdeak baitira bi erresuma horietan eta horiek dute gehienik ordaintzen —orduan, lehentasuna haiek dute—; gero, egur mota batean intsektu egur-jale arrangura bat izan da, barbalot eli batek atakatu baitute. Eritasunak izan dira Alemanian eta Kanadako eskualde batzuetan, eta horiek dira hornitzaile gehienak Frantziarako. Suezko kanalean izan den arrangurak blokeatu ditu beste kontainer itsasontzi andana bat. Erran nahi du aste baten barnean genituen gauza eli batzuk, orain, kasik zortzi-hamar aste behar direla iguriki.

Prezioen emendatze azkarra eragin du?

Egurren prezioa igan da, eta burdinarena ere bai, %20-30. PVC edo polipropilenoena, %15-20; hor ere AEBek eta Txinak lehentasuna dutelako.

COVID-19ak ez du eraginik izan?

Hori aparte da. AEBek beren ekonomiaren arrabultzatzeko hartu dituzten neurriak badira gehiago.

Ez ote du agerian uzten eraikuntzak urrunetik jinarazi lehengaiekin duen menpekotasuna?

Bai, bai. Horrek frogatzen du badela lan alimalea egiteko; sobera gauza kanporatu dugula eta ez dugula gehiago hemen produzitzen. Ez dakigu gehiago lan egiten hemengo gauzekin. Agian, xendra berri batzuk irekiko ditu. Berrikuntza sailean balitzateke ikerlan bat egiteko.

Hargintzan ere hala bizi duzue?

Guk ez dugu gehiago barreiatzerik egiten, baizik eta deseraikuntza; erran nahi baita arrabaliatzen ditugula gai eli batzuk. 60 urtez sobera gauza trauka-trebes baliatu ditugula agertzen da sekula baino gehiago.

Lehengaien arazoek zer eragin dute engaiatu obretan?

Gibelatzen ditu obra eli bat. Jakitez langile eskasa badugula gure ofizioetan.

Ofizialeek, eskastearen beldurrez, material anitz sarrarazi dute; ez ote du are gehiago tiran ezarriko hornikuntza?

Bistan dena! Audela, ez dute denek ahala ekonomikorik erreserba horien biltzeko. Enpresa gotor batzuek ahalak ukanen dituzte, baina txipiek komunzki hartzen dute beharraren arabera, zintzoki. Konfinamendu denboran, ikusi ziren jendeak saltegietara joaten eta jatekoa hartzen kasik hiru hilabeterendako, usaian zortzi egunendako hartzen zutelarik. Orduan, merkatu oro kordokarazten da, faltsutzen.

Ofizioko ordezkari bezala zerbait abiatu duzue?

[Pirinio Atlantikoetako] Departamenduan 650 bat enpresa badira federazioan, eta, denen artean, 15.000 enplegu. Gutunak joan zaizkie departamendu, herri elkargo, herriko etxeetara, erranez beharko zutela kontuan hartu materialaren beranta, eta, ber denboran, prezio gorakada.

Zer egin dezakete?

[Merkatu publikoetan] Kontuan hartzen ahal dute prezioen gorakada eta gehiago ordaintzen ahal; ez daitezela lehen aitzinkontuarekin egon. Epeetan ere, materiala ez baldin bada heldu, kontuan har dezatela berantze eta gibelatze hori. Adibidez, deliberatu bagenu zahar etxe bat iraileko egitea, materiala ez ukaitez, heldu den abenduko izan dadin.

Partikularrei ere emendatuko zaizkie obretako prezioak?

Eginen diren aitzinkontu berrietan bai, baina jadanik eginik direnetan zaila izanen da gorakada hori ezartzea. Eginahala egiten dugu arlo pribatuan prezioen errespetatzeko; baina hein batetik harat, gorakada badelarik, erraten dugu: «Ezin dugu beste maneraz egin».

Estatuek ez dute eskurik prezioen hein bat menperatzeko?

Ez, hor lobbyek dute egiten beren merkatua. Saint Gobain bezalako egitura handiak hartzen baldin badituzu, munduko merkatua erregulatzen dute. Horretan ohartzen zara ez dutela indar handirik botere publikoek. Burdinan, badira bizpalau saltzaile handi munduan, eta horiek dute oro arautzen; isolamendu materialetan berdin.

Lehengaien ekoizpena birtokiratzeko gogoetarik badea?

Ez da ekoizpen sail bat gauetik biharamunera lekuan ezartzen. Ikusten delarik etxegintzan zenbat egur baliatzen den… Lehen baziren segeria txipiak herrietan, baina oro desagertuak dira. Orain kanpotik sarrarazten da, merkeago da, tratatua; eta erraten dute hemengo egurra ez dela kalitatezkoa. Hain gara lotuak munduko merkatuari, hor baikara ohartzen kristoren dependentzia badela; den mendreneko aldaketa gertatzen bada munduko merkatuan, segidan sentitzen dugu gure enpresa txipietan ere. Ez da gauza handirik egiten ahal; non ez diren gauza eli batzuk hemen sorrarazten eta arrapartiarazten hurbileko merkatuak, baina hori ez da urte batetik bestera egiten, hamarkada bat behar da bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.