Legebiltzarrak Madrili bide orri bat galdegin dio konpromisoak gauzatzeko

Sei hilabete eman dizkio Sanchezi egutegi bat aurkezteko. Presoentzako «ibilbide pertsonalizatuak» proposatu dituzte EAJk eta PSEk, gradu aldaketa eta onurei begira

Ortuzar EAJko buruzagia, Urkullu lehendakaria eta Mendia PSE-EEko idazkaria nagusia, atzo, Gasteizen. M. RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuan oraindik ere bete gabe dauden eskumenak transferitzeko konpromisoa hartu zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak astelehenean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin izandako bileran, eta Eusko Legebiltzarrak sei hilabeteko epea eman dio egutegi bat aurkezteko, hitzemandakoa gauzatzeari begira. Hala eskatu zuten atzo EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, legez besteko proposamen baten bidez.

Apirilean eskaera bera egin zion legebiltzarrak orduan Espainiako gobernuburu zen Mariano Rajoyri. PPko agintariak ez zuen bide orririk aurkeztu, baina Aitor Esteban EAJko diputatuak atzo EITBn eginiko adierazpen batzuetan aitortu zuen eskumen batzuei buruzko negoziazioak «nahiko aurreratuak» zeudela ekainaren 1ean zentsura mozio baten bidez Rajoy gobernutik kanporatu zutenean.

2018ko Espainiako aurrekontuen negoziazioan airean egon ziren espetxeetako eskumenaren eta gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentziak, baina, azkenean, EAJk eta PPk eginiko akordioan ez zen halakorik jaso. Hain justu, legebiltzarrak eskatu du «abiatutako elkarrizketekin» jarraitzeko eta «lehentasunezkotzat» jo ditu aipatutako bi transferentzia horiek. Denera, 37 lirateke oraindik eskualdatu gabe daudenak, Jaurlaritzaren txosten baten arabera. Horrez gain, legebiltzarrak eskatu du Espainiako Gobernuaren ekimenez Auzitegi Konstituzionalak eten dituen hainbat lege eta neurri epaitegietatik ateratzeko.

EAJ eta PSE batera

Eusko Legebiltzarrean ere bi ordu eta erdiko bilera bat egin zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, «testuinguru politiko berria» aztertzeko.

Sanchezek eta Urkulluk astelehenean Madrilen egindako bilera aztertu zuten eta ontzat jo zituzten han agertutako «borondatea» eta «lortutako akordioak». «Gobernu bien arteko harreman instituzional normalizatua lortzeko urrats handia da», esan du EAJk, komunikabideetara bidalitako oharrean.

Horren arabera, autogobernuaren atalean, EAJk eta PSE-EEk garrantzitsutzat jo dute Gernikako Estatutuan bete gabe geratu diren transferentzia guztiak jasotzea, eta gobernu bien arteko akordioak bilatzea, eskumenen alorrean «gaur egun ematen ari den auzi-liskar giroa murrizteko».

Euskal presoen hurbilketarako, graduen progresiorako eta haien «gizarteratzerako» Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak hartu-emana izatea ziurtatu izana ere nabarmendu dute. Azpimarratu dute aipatutako neurri horiek gauzatu behar direla legedia errespetatuz, eta presoei «ibilbide pertsonalizatuak» eskaini behar zaizkiela, araudietan ezarritako baldintzak bete ahal izateko, bereziki gradu aldaketak eta espetxe onurak jasotzeari begira; horren harira, proposatu dute aurreko «esperientzietara itzultzea», zeharkako aipamena eginez Eusko Jaurlaritzaren Hitzeman programari eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian (PSOE) abian jarri zuten, eta Rajoyren gobernuak (PP) eten zuen Langraiz bideari.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak, berriz, «eredu» gisa jarri du Frantziako Gobernua egiten ari dena, eta esan du espero duela aurki euskal preso gehiago hurbilduko dituela —otsailetik hamalau gerturatu ditu—. «Frantziako Gobernua egiten ari den bideak espetxe politikaren kudeaketa desberdin baterako aukera ezartzen du, legedian, kontsentsuan eta gardentasunean oinarrituta». Fernandez atzo eta gaur artean zen biltzekoa legebiltzarreko taldeetako ordezkariekin, Jaurlaritzaren «asmoen» berri emateko. Bera izango da koalizio gobernuaren mintzaidea Madrilekin espetxe politikaren alorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.