Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Zertan eragingo dio Hego Euskal Herriari?

Espainiako hauteskundeak aurreratzeak geldiarazi egingo ditu eskumenak Hegoaldera igortzeko zeuden planak, eta ondorio ekonomikoak ere izango ditu. Euskal presoen auzian Madrilek egin ditu urrats batzuk, baina ez du bukatu urrunketa politika

Josu Erkoreka Jaurlaritzako sailburua eta Meritxel Batet Espainiako Gobernuko ministroa, joan den urtarrilaren 30ean, Madrilen. BERRIA.
Gotzon Hermosilla - Enekoitz Esnaola
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
ESKUMENAK
Txepetxa ere ihes eiteko arriskuan

Iazko ekainaren hasieran Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu zutenean —besteak beste, EAJren botoekin—, bazirudien EAEko eskumenen negoziazioa, urte askoan geldirik egondakoa, abian jarriko zela berriro. Izan ere, Gernikako Estatutua onartu zenetik 40 urte betetzear direnean, oraindik badaude 37 eskumen legez euskal erakundeei dagozkienak baina Espainiako Estatuak eman ez dituenak.

Urtarrilean iritsi zen Jaurlaritzak hainbestetan eskatutako egutegia, eskumenen zerrenda batekin eta negoziatzeko epeekin. Espainiako Gobernuak bidalitako proposamenak ez zuen Jaurlaritza guztiz gogobete: alde batetik, 37 eskumenetatik 33 baino ez ziren agertzen gobernuaren zerrendan, Gizarte Segurantzarekin zerikusia zuten guztiak albo batera utzi zituztelako; beste aldetik, egutegi horretan bukaerarako utzi zuten eskumenik garrantzitsuenetako bat: espetxe sistemari dagokiona, eta Madrilek zioen 2020ko urtarrilean emango lukeela. Baina, esaera zaharraren arabera, hobe izaten da txepetxa eskuan, arranoa hegan baino, eta eskumenen lehen multzoa negoziatzeari ekin zioten.

Orain, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratuta, ustez eskuan zegoen txepetxa ere ihes egiteko arriskuan dago. Lehen multzoa —zazpi eskumen, orotara— martxorako eskualdatzea aurreikusten dute, eta hori behintzat betetzeko eskatuko du EAJk —Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak esan du denbora badagoela eta Sanchezen gobernuari «ez lokartzeko» eskatuko diola—, baina ez da segurua ezer lortuko ote den. Gainerako transferentziak hurrengo baterako geldituko dira.

Nafarroako trafiko gaien transferentziak ere ez du etorkizun argirik. Joan den astean, Maria Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak azaldu zuen prozedura «konplexua» zela, baina urrats pare bat baino ez zirela falta —tartean, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak egin beharreko txosten bat—, eta, hortaz, eskualdatzea laster egingo zela. Orain ez dago argi urrats horiek garaiz iritsiko diren.

INBERTSIOAK
577 milioi euro, eta 77 gehiago 

Aste honetan Espainiako egoera politikoa inarrosi duten gertaerek —Espainiako Gobernuak aurkezturiko aurrekontuak atzera botatzeak, eta, ondorioz, Sanchezek hauteskundeetara deitzeak— ondorio ekonomikoak ere ekarriko dizkiote Hego Euskal Herriari. Alde batetik, Madrilgo gobernuak ez ditu egingo aurrekontuetan agertzen ziren inbertsioak —577 milioi euro: 469 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 108 Nafarroan—; eta, beste aldetik, Espainiak eta Nafarroak daukaten liskarragatik azken horrek inbertsioetara bidera dezakeen diru kopurua —77 milioiko gorabehera dago hor— ebatzi gabe gera daiteke hauteskundeak aurreratzearen ondorioz.

Onartu gabe gelditu diren aurrekontuetan, 469 milioi euroko gastua agertzen zen EAErako. Horietatik 234, AHT Abiadura Handiko Trenerako ziren, baina bestelakoak ere baziren. Nafarroan 108 milioiko inbertsioa egin behar zuen Espainiak; horren puskarik handiena AHTrako jarri nahi zuten. Hori guztia ezerezean gelditu da.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak 113 milioi euroko inbertsioa egitea onartua du, 2017an eta 2018an izandako superabita baliatuz, baina Espainiako Gobernuak 33 milioi gastatzea baino ez dio baimendu. Bi aldeak negoziatzen ari ziren, Nafarroak gainerako 77 milioiak gastatu ahal zituen ala ez erabakitzeko. Oraingo egoera oztopo izan daiteke negoziazio horretan ere.

PRESOAK
Egindako urria, kolokan

Sanchezek agindu zuen Moncloara iritsi berritan «bestelako» espetxe politika bat egingo zutela euskal presoekin. Eman ditu aurrerapauso batzuk, baina urriak izan dira, eta, beraz, funtsean ez du ezarri politika berri bat. PSOEren gobernuak hasi zuen presoen urrunketa, 1989an, eta egitasmo horrek berdin segitzen du. Gaur-gaurkoz, 229 euskal preso daude Espainiako Estatuan, eta haietatik hamar baizik ez dauzkate Hego Euskal Herriko espetxeetan: EPPK-ko hiru, Langraiz bideko bost eta inongo taldetan ez dauden bi. Sanchezen aldian, hiru Euskal Herriratze egin dituzte. PSOEk, horretarako, presoek «ibilbide bat» egitea nahi izan du; hau da, ETAren indarkeriarekiko kritiko azaltzea. ETAk 2011n utzi zuen jarduera armatua, baina sozialistekin ere ez da aldaketarik izan.

PSOEren gobernuaren berritasunak hiru izan dira: gerturatzeak, bigarren graduak eta erabakiguneak. Hemezortzi preso hurbildu ditu Euskal Herrira; batik bat, urri bukaeran eman zuen pausoa, ordutik gerturatu baititu bi ez beste denak. Garrantzitsua izan da senideentzat, kilometro ugari aurreztu dutelako bidaietan. Bigarren gradura hogei pasatu ditu; lau ez beste denak, urritik aurrera. Hirugarren gradua bi presori eman die —EPPK-korik ez dago horien artean—. Eta erabakiak, kasurik gehienetan, espetxe administrazioak hartu ditu —gobernuaren kontrolpekoa da—, auzitegiei rol hori kentze aldera. Orain, ikusi egin behar bozak arte segituko duen hala. Horrez gain, EAEri espetxe eskumena emateko prestasuna agertu du.

Urrats horiek legedi barruan kokatu diren eta maiatzetik ETArik ez den arren, PP aurka azaldu da. C's eta Vox ere kontra dira. Eskuina iritsiko balitz Moncloara, inboluziorako aukera legoke espetxe politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.