Aurrekontuen itunak agerian utzi du Navarra Sumaren bakardadea

Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau taldeek ontzat jo dute Txibitek eta EH Bilduk akordioa lortu izana. Esparzak iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diela aurrekontuei

Javier Esparza, Navarra Sumako bozeramailea, parlamentuan, bakarrik. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Gutxiengo absolutuan. Aginterik gabe, eragiteko gaitasunik gabe eta akordioetara iristeko zailtasun gero eta handiagoekin. Gaur-gaurkoz, ez dirudi Navarra Suma koalizioak bidelagunik duenik Nafarroako Parlamentuan. Agerian gelditu zen hori iragan abuztuan, gobernua osatzeko elkarrizketetan. Are ageriago gelditu da orain: Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk azken heldulekua kendu diote koalizio espainiazaleari, 2020ko aurrekontu proiekturako aurreakordioa lortuta.

Atzo, Navarra Sumako bozeramaile Javier Esparzak ezin izan zuen haserrea disimulatu: esan zuen aurreakordioa «iruzur» bat dela, eta Maria Txibite lehendakaria «EH Bildu zuritu nahian» dabilela. Hori dela eta, iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko diola 2020ko aurrekontu proiektuari.

Esparza kexu azaldu zen, PSNk aurrekontuak adostu dituelako «abertzaleekin», Navarra Suma bazterrean utzita: «Gobernua osatzeko negoziazioak hasi zirenetik, argi izan dugu EH Bildu dela gobernuaren lehentasunezko solaskidea. Gu ez gaituzte deitu ere egin. Hesi bat jarri dute Navarra Sumaren inguruan».

Hori dela eta, parlamentariak gaineratu zuen Nafarroako Gobernua abertzaleen esku dagoela de facto: «Lehendakaritza PSNrena da, baina EAJk agintzen du, eta EH Bilduk erabakitzen du Nafarroaren etorkizuna».

Aurrekontuen edukiari dagokionez, berriz, proiektu «kontinuista» dela esan zuen Esparzak, «lauko gobernuak aurreko legealdian egin zituen politika guztiei eusteaz gain, indartu eginen dituelako». Areago: Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarritako aurrekontu proiektuak «Uxue Barkosek eta Adolfo Araizek aurkeztua» dirudiela azpimarratu zuen.

Nafarroan ez ezik, Espainian ere espantuka hartu dute aurreakordioa Navarra Suma osatzen duten alderdiek. Hala, PPko buru Pablo Casadok esan du «ETAren biktimen aurkako iraina» dela; eta Ciudadanoseko bozeramaile Ines Arrimadasek PSOEri egotzi dio «Otegiren alderdiarekin aliatu» izana.

Gainerako alderdiak, ados

Navarra Suma ez beste alderdi guztiek ontzat jo dute akordioa, ñabardurekin bada ere. PSNk, esaterako, aurreakordioaren «eduki sozialeko neurriak» nabarmendu ditu, eta EH Bilduk adierazi du «garrantzia politiko handiko urratsa» dela. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek ere txalotu egin du erabakia, eta «eskuin muturrarekin lerratzea» egotzi dio Navarra Sumari, eta Ahal Dugu-ko Mikel Builek gaineratu du «eskuinaren aldean, alternatiba eraginkor eta sendoa» eraikitzen lagunduko duela. Geroa Bai eta Ezkerra, azkenik, aurrekontuak babestearen alde azaldu dira, baina ez dute aurreakordioaren gaineko baloraziorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.