Kataluniako erreferenduma. Auzi ekonomikoa

Diru kutxa, giltza eta iturria

Finantzaketa sistemak zerikusia du egungo gertakariekin. Batetik, Generalitatearen diru iturria itxi du Madrilek, giltza hark duelako; bestetik, 2012an itun fiskala ukatzeak hauspotu egin zuen independentismoa; azkenik, ekarpen katalanik gabe jota leudeke Espainiaren kontuak.

Diru kutxa, giltza eta iturria.
Jon Fernandez.
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Sevillan alarmak piztu dira: «[Andaluziako] Juntak arriskuan ikusten du bere finantzaketa Kataluniako krisiaren ondorioz». Diario de Sevilla egunkariaren azaleko albiste nagusia zen hori joan den domekan. Gauza asko daude jokoan urriaren 1ean Katalunian: erabakitzeko eskubidea, independentzia, demokrazia... eta dirua. Gaur-gaurkoz, aukera guztiak daude zabalik urriaren 2tik aurrera, eta, badaezpada, Espainiako Ekonomia ministroak «finantzaketa hobe bat» negoziatzea eskaini dio Bartzelonari. Berandu da, oso berandu; baina Espainiako erkidego batzuetan atezuan daude, haien kontu publikoak nabarmen okertuko liratekeelako Kataluniak Madrilgo kutxara diru gutxiago bidaliko balu edo batere ez —independentziaren kasuan—.

Kataluniaren finantzaketa sistemak zerikusi handia du egungo gertakariekin. «Guztiz konbentzituta nago Madrilek 2012an itun fiskala onartu izan balu, gaur egun ez ginatekeela egoera honetan egongo. Mugimendu independentista ez zen horrenbeste haziko». Nuria Bosch ekonomistaren iritzia da. Ogasun publikoan katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean (UB), eta Kataluniaren Trantsizio Nazionalerako Aholkularitza Batzordeko presidenteordea izan zen. «Estatuaren ikuspegitik, ez zen batere inteligentea izan ez onartzea Kataluniak eskatutako itun fiskala».

Baina itun fiskalaren auzian sartu baino lehen, komeni da ulertzea zein den Kataluniaren finantzaketa sistema. Espainiako Erresuman, bi finantzaketa molde daude: forala eta erregimen komunekoa. Boschek hitz gutxitan laburbildu du diferentzia nagusia: «Euskal Herrian diru kutxaren giltza daukazue; Generalitateak, aldiz, ez dauka kutxaren giltzarik, estatuak baizik».

Hego Euskal Herriarena da eredu forala. Lau ogasun daude: Arabakoa, Bizkaikoa, Gipuzkoako eta Nafarroakoa. Zergak kudeatzeko eta biltzeko burujabetza dute laurek, kontzertu ekonomikoaren bidez —lehen hiruek—, eta itun ekonomikoaren bidez —Nafarroak—. Zergak berton erabakitzen eta batzen dira, eta urtean behin diru kopuru jakin bat pagatzen zaio estatuari, haren zerbitzuen ordainketa proportzional gisa —koroa, kanpo harremanak, Espainiaren zorpetzea, azpiegiturak (AHT, aireportuak, portuak), Gorteak, Auzitegi Konstituzionala...—. Urteroko kitapen horri deitzen zaie kupoa (EAEn) eta ekarpena (Nafarroan). Horrez gain gain, Espainiako lurraldeen arteko konpentsazio funtsera ere egiten dute ekarpen bat.

Kataluniaren kasuan, sistema alderantziz da; izan ere, erregimen komuneko parte da, Hego Euskal Herrikoak ez beste autonomia erkidego guztiak bezala. Ogasun bakarra dago erregimen komunean, Espainiakoa. Hark biltzen ditu zergak erkidego guztietan, eta dirua Madrilen zentralizatzen da; eta hark erabakitzen du erkidego bakoitzari zenbat diru banatu, biztanleria eta solidaritate irizpideen arabera. Kutxaren giltza, beraz, ez dauka Generalitateak.

Izatez, Madrilek Generalitatearen esku utzita dauka zerga batzuen bilketa: errenta zergaren %50, BEZaren %50 eta zerga berezien %58 (tabakoa, hidrokarburoak...). Baina, funtsean, estatuak kudeatzen ditu, bildutakoa Madrilera bidali behar baita. Kataluniak zerga gutxi batzuk baino ez ditu erabat kudeatzen, baina bilketa txikia dakarte: besteak beste, ondasun zerga, ondasunen transmisioarena, ekintza juridikoena, eta oinordetza eta dohaintzarena.

Zuloaren tamaina

Erregimen orokorrekoa izaki,Madrilek erabakitzen du urtero Generalitateak zenbateko aurrekontua izango duen, eta Kataluniak soilik erabakitzen du zelan banatu diru hori. Arazoa da Generalitateak defizit fiskala salatu duela historikoki: zerga bidez jarritako dirua baino gutxiago jasotzen duela bueltan. Espainiako zerga bilketaren %19 Kataluniak jartzen du, baina Madrilek itzulitako diruen %14 jasotzen ditu.

Datu gerra dago. Azken zenbakiak 2015ekoak dira. Generalitatearen kalkuluen arabera, defizit fiskala 15.000 milioi euro ingurukoak izan zen urte horretan, Kataluniako BPGaren %8. Aldiz, Espainiako Ogasunaren aburuz, 9.892 milioi eurokoa da defizita, BPGaren %5. Diferentziaren gakoa metodoan dago. Madrilek Kataluniara bueltatutako gastutzat zenbatzen du, esaterako, defentsako gastua eta estatuko ministerioen gastu administratiboa, biztanleriagatik dagokion proportzioan. Haatik, Generalitateak soilik estatuak Katalunian egindako gastua hartzen du aintzat.

Azken kexu publikoa uztailean agertu zuen Generalitateak, argudiatuz 2015ean Katalunia izan zela zerga bilketa handieneko hirugarren erkidegoa, baina diru sarrerak jasotzerakoan hamargarren postuan geratu zela. «Kataluniak batezbestekoa baino %18,6 gehiago pagatzen du, eta %1,5 gutxiago jasotzen», esplikatu zuen Generalitateko Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzak.

Baina batzuentzat lapurreta dena besteentzat lurralde arteko elkartasuna da. «Orain sistemari ematen dioten erkidego aberatsek ez badiote ematen, erkidego pobreek handik jasotzen dutena ez lukete izango antzeko zerbitzu publikoak eskaintzeko», argudiatu du Angel de la Fuente ekonomistak. FEDEA Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioko burua da, eta hark egin zituen Espainiako Ogasunak argitaratutako azken balantze fiskalak.

Solidaritate kronikoa

Zalantzan dagoena lurralde arteko solidaritatearen eraginkortasuna da; izan ere, Espainiako Bankuaren arabera, erkidego aberatsen eta pobreen arteko aldeak apenas aldatu diren azken 35 urteetan. Areago, bankuaren iragarpenak ez dira itxaropentsuak, kalkulatu baitu egungo martxan 70 urte beharko direla aldeak erdira txikitzeko.

De la Fuente erkidegoen finantzaketa sistema eguneratzearen aldekoa da, baina ez Kataluniaren ekarpena asko txikitzearen aldekoa.«Egungo sistema ez da Kataluniaren kontrakoa. Katalunia batezbestekotik apur bat behera baino ez dago. Zer egingo dugu, lege berezi bat Kataluniak gainontzekoek baino gutxiago pagatzeko?».

Defizit fiskalaz gain, Nuria Boschek nabarmendu du badirela Katalunia erregimen komuneko sisteman egotearen beste kalte batzuk ere, egungo gertakariekin guztiz lotutakoak. Izan ere, Cristobal Montoro Ogasun ministroak esku hartuta dauka Generalitatea: ez dio egin hileroko 1.400 milioi euroko ordainketa, aurrekontuak izoztu dizkio, eta ordainketa guztiak Madrilek egiten ditu zuzenean. Hiru hitzetan: iturria itxi dio. Boschek gogora ekarri du Hego Euskal Herriarekin ezingo litzatekeela hori egin, edo benetan zaila izango litzatekeela, iturria euskal ogasunen eskuetan dagoelako: bai diru kutxa eta bai kutxaren giltza. «Euskal Herriak, esate baterako, independentzia prozesu bat egingo balu, askoz errazagoa izango litzateke dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.