Koronabirusa. Ostalaritza

Iruñea: zalantza artean, berriro abian

Bigarren fasean, Hego Euskal Herriko ostatu eta jatetxe barruak %30 bete daitezke. Iruñeko ostalariek zalantza dute bezeroen erantzunari eta negozioen etorkizunari buruz.

Iruñeko Alde Zaharrean, Nabarreriako Mesoia taberna.
Iruñeko Alde Zaharrean, Nabarreriako Mesoia taberna. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko maiatzak 26

Hego Euskal Herria bigarren fasean sartzearekin batera, taberna, kafetegi eta jatetxeek arnasa apur bat hartu dute. Terrazetan ez ezik, orain ostatu barruan ere tokiaren herena bete daiteke, eta, sektoreak ohiko normaltasunetik urrun jarraitzen badu ere, ostalari askok negozioak irekitzea erabaki dute. Zalantzak eta kezka nagusi dira, ordea. Ez dakite jendeak nola erantzungo duen. Merezi al du? Bi hilabete oso zail utzi dituzte atzean, baina erantzun argirik ez dago. Erantzun bakarra da probatzea eta bidea egiten hastea, zalantza artean.

Euskal Herriko beste txoko asko bezala, Iruñeko Donibane auzoko paisaia tabernaz eta jatetxez josia dago. Ordutegi tarteak lausotuta, normaltasun itxura minimo bat bereganatu du auzoak, baina, ibili ahala, kaleek islatzen dute ostalarien ezbaia. Hainbatek, oraingoz, nahiago dute zain geratu: egun batzuk ikusi edo, zuzenean, Iruñea hirugarren fasean noiz sartuko zain geratu.

Irekitzea ez da erabaki erraza. La Olivako Monasterioaren kalean dagoen Ogi Berrin, okindegi alboko kafetegia ireki du Inma Nagorek. Goizean, joan etorri handia izan du. Bezero batek kafea eramateko eskatu dio; beste batek, terrazan hartzeko. Inguruko taberna asko itxita daudenez «jende berri ugari» datorkiola aitortu du. Hala ere, duda ugari ditu Nagorek. «Bezeroak ohituta daude katilu eta platerak ekartzera, baina ez dakigu hala izan behar duen». Izan ere, detaile txikia irudi arren, lana handitu zaie, baina ekarria txikia da. Terrazan berdin kobratzen du, eta orain eskaera bakoitza zaindu behar da, mahaia zorrotz garbitu... Nagorek aitortu du egoerak guztiak antsietatea eragin diola. «Ez dakit beste pertsona bat jarri behar nukeen ere, negozioak orain ematen duenarentzat merezi ote duen». Terrazan tokia handitzeko eskaera egin dio Iruñeko Udalari, baina baiezkoaren zain dago.

Egoera berean dago Beatriz Paniagua. Anaiarekin batera, Black Queen garagardotegiaz arduratzen da. «Udaltzainak etorri ziren aurrekoan, eta nahikoa toki bazegoela esan ziguten, baina, inbutu baten modura, udala gainezka dago, eta ez digute oraindik ezer esan». Iragan astean ekin zioten, terrazekin, eta orain ikusteko daukate barruan nola funtzionatuko duen: «Abian jartzeko balio du, baina denarekin erne egon behar duzu. Leher eginda amaitzen duzu eguna, eta honek ez du ematen», azaldu du.

Lemans jatetxeak esperientzia handia du atzean. Jose Manuel Vinacua mahaiak jartzen dabil, eta hark ere duda ugari ditu: «25 urte daramatzagu, baina berriro hastea bezala da, berrabiatze moduko bat», dio. Jatetxe kanpoko mahaietan bezero batzuk daude, eta barrua hutsik dago. Normalean menuak ematen dituzte, baina, oraingoz, Vinacuak nahiago du itxaron. «Gertuko hornitzaileak ditut, eta berehala bete ditzaket biltegiak. Betiko bezeroren batek eskatuz gero, prestatuko diogu, baina nahiago dugu ikusi nola jokatzen duen jendeak». Apurka jarriko dira abian, eta janak ostiral aldera emango dituzte. «Nahiago dugu probatu eta ikusi».

Probatu eta ikusi

Antzeko erantzuna eman du Jose Ramon Martinek, Letyana tabernako arduradunak. Pintxo eta lapiko txikiko errazioetan espezializatua da, eta oso ondo ezagutzen ditu bere bezeroak, baina uzkur nabaritzen du jendea. «Zalantza dugu nola erantzungo duen». Dudak uxatze aldera, segurtasun neurri guztiak hartu ditu, eta ultrabioleta izpiekin geruzak desinfektatzen dituen makina ere erosi du. «Segurtasuna bermatu nahi dugu, bezeroak seguru senti daitezen». Halaber, orain arteko eskaintza zabala zehaztu eta mugatu egin dute, eta sare sozialak indartu. «Aztertzen ari gara hori guztia». Beste zalantzetako bat da zenbat langilerekin hasi. Martinek aldi baterako espedientean zeuden langile guztiak lanera itzularazi ditu, bat izan ezik. «Sukaldaria oporretan Boliviara itzuli zen, eta bertan harrapatu du egoera honek guztiak. Bi herritartasunak ditu, baina ezin itzuli dago». Lanaldietan malgutasuna ezarri ahal izan dute. Hala hasiko dute. Pixkanaka.

Antzera gertatzen zaio Alivio jatetxeari. Ostiralean hasiko dira lanean. Aldi baterako espedientean ziren 11 langileak lanean hasiko dira, baina lanaldia malgututa. Gabriel Tanco arduraduna dena prestatzen ari da: garbitzen, elikagai eskariak egiten eta hornitzen... Zalantzak izan arren, aurrera egin dute.

Gogorrak izan baitira azken bi hilabeteak. «Oso gogorrak» Olympus Beer garagardotegian lan egiten duen Alexandra Cordobarentzat. Ateak ireki berri ditu, eta ez daki zer gertatuko den. Kontzertuak antolatu ohi dituzte, eta orduan izan ohi dira bezero gehien, bai na orain ez da kontzerturik izango. Dena da berria, dena zalantza. Baina hasi beharra dago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Haurrak eta hezitzaile bat Baztango haur eskolan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Haur eskolak talde iraunkorrekin abiatuko dira Nafarroan

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Hezkuntza Sailak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste. Jantoki zerbitzua bermatuko dutela esan du gobernuak

Pentsiodunek agerraldia egin zuten, atzo, Justizia jauregiaren aurrean, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txostena aurkeztuko diote fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalarekin, pandemiako testigantzak biltzen dituen txostena emateko

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna