Koronabirusa

Ospitaleetan «tentsioa» igartzen hasi dela aitortu du Sagarduik

684 gaixo daude erietxeraturik Hego Euskal Herrian. ZIUetako kontingentzia planaren 3. fasea jarri du martxan Jaurlaritzak. 1.133 positibo zenbatu dituzte; azarokoen pare

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Pandemiaren bilakaera neurtzeko adierazle gehienetan antzeman daiteke egoeraren makurtzea, eta joera bereziki kezkagarria da ospitaleetan. Urte hasieratik, egunetik egunera gero eta pertsona gehiago daude gaitzarekin erietxeratuta Hego Euskal Herrian; azken datuen arabera, 684 dira guztira. Egoeraren larritasunaz ohartarazi du, batik bat, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: «Tentsioa igartzen hasi da erietxeetan», aitortu zuen atzo, Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan. Gainera, Osasun Sailak jakinarazi zuenez, herenegun 82 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bezperan baino 42 gehiago, alegia. Hain zuzen ere, azaroaren 27tik Osakidetzaren ardurapeko zentroetan izandako daturik makurrena da Jaurlaritzak atzo emandakoa. Bestalde, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egoera ere nabarmen okertu da azken asteetan. Azken datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 96 lagun daude unitate horietan, eta kontingentzia planaren 3. fasean sartu direla adierazi du Osasun Sailak.

Hego Euskal Herri osoan da bistakoa joera: oro har, birusak gero eta hartuago ditu erietxeak. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe bertan 572 lagun daude Hegoaldekoerietxetako gela arruntetan, bezperan baino 45 gehiago. Halaber, guztira 112 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; aurreko egunean bezainbeste dira, eta, beraz, hori da azken lau asteetako daturik makurrena.

Egun bakarrean atzemandako kutsatze kopuruari dagokionez, milakoa gainditu du Hego Euskal Herrian: 1.133 positibo detektatu zituzten herenegun. Eguneko positibo kopuruak azaroaren 19an gainditu zuen langa hori azken aldiz; hartan 1.207 positibo atzeman zituzten, ia 17.000 proba eginda. Oraingoan, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 13.479 proba egin ziren astelehenean, eta horien guztien %8,4k eman zuten positibo.

Bilbo, eremu gorrian

Hego Euskal Herriko herrialdeak banaka aztertuta, Bizkaian 530 kasu positibo atzeman zituzten, eta Bilbo eremu gorrian sartu zen: 506,52 zen atzo intzidentzia tasa. Jaurlaritzak bihar eskainiko ditu eremu gorrian dauden lekuetako xehetasunak, baina ostalaritzaren itxiera eta konfinamendu perimetrala ezarriko ditu bertan.

Nafarroan 239 izan ziren positiboak; Gipuzkoan 227 zenbatu zituzten; eta Araban, berriz, 132. Beste bost positiboak Euskal Herritik kanpo bizi diren pertsonetan atzemandakoak dira.

Heriotzei dagokienez, Nafarroan eri zen 90 urteko andre bat hil zen herenegun. Gainera, Bizkaiko Aldundiak emandako datuen arabera, zahar etxeetako hiru egoiliar hil dira; Gipuzkoan, bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.