Koronabirusa. Marije Beitia. Ermuko Abeletxe egoitzako egoiliarren senidea

«Gehienak egoera tamalgarrian eramaten zituzten ospitalera»

Ermuko Abeletxe zahar etxean ia egoiliarren erdiak hil direla salatu dute senideek, eta kexu dira zuzendaritzak azalpenik eman ez zielako. Bizkaiko Batzar Nagusietara jo dute, erantzukizunak eskatzeko.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ermuko (Bizkaia) Abeletxe zahar etxea albiste iturri izan da pandemian: zoritxarrak jarri du lehen lerroan. Bertako egoiliarren familiek izurriak eragindako 50 hildako zenbatu zituzten izurriaren hasieran, martxo eta maiatz artean, baina, salatu dutenez, ez zuten zuzendaritzaren partetik datu ofizialik jaso. Hildakoetako bat izan zen Marije Beitiaren (Ermua, Bizkaia, 1959) ama, eta, hain zuzen ere, Beitia bera joan zen joan den astean Bizkaiko Batzar Nagusietara azalpenak eskatzera.

Ermuko Abeletxe zahar etxeko senideak Bizkaiko Batzar Nagusietan egon zineten lehengo astean. Zer salatu zenuten?

Zentroaren kudeaketa salatu genuen, penagarria izan baita. Guk dakigula, bi hilabetean 50 pertsona inguru hil ziren, horietatik 31 hamar egunen buruan. Baliteke gehiago izatea, eskelen bidez zenbatzen baikenituen, eta bai baitaude Ermukoak bertakoak ez diren egoiliarrak ere zentroan. Gu konfinatuta geunden, eta ogia erostera irtetean ikusten genituen eskelak. Horrekin, eta 70 langile gaixo agiriarekin zeudela esanda, uste dut argi ikusten dela hor izandako kudeaketa txarra.

Beste kudeaketa batekin biziak salbatuko liratekeela diozue.

Bai, pribatizazioak heriotza dakar. Pandemia hasi zenean langileek ikusi zuten ez zegoela maskararik, ez norbera babesteko ekipamendurik. Langileen ordezkariek hasi behar izan zuten eskatzen. ELAk salaketa bat sartu zuen babesen falta zegoelako; LABek aldundiak esku har zezala eskatu zuen. Zeuden langile apurrak baldintza kaskarretan ari ziren lanean, ezin zituzten gure senideak ongi zaindu. Langileen baldintzak negargarriak badira, ez badute baliabiderik, ezin dietearta on bat eskaini gure senideei.

Baina, era berean, langileen lana eskertu duzue, ezta?

Guk ez dugu ezer langileen aurka; egiten duten lanagatik eskerrak ematen dizkiegu, bai baitakigu zein baldintza txarretan egin duten lan. Gainera, beraiekin harremanetan jarraitzen dugu, eta elkarri babesa adierazi diogu. Guk hamazortzi aste daramatzagu ostegunero kontzentrazioak egiten, eta langileen babesa dugu. Beraiek egindako kontzentrazioetan eta grebetan ere beti izan dute gure babesa, dituzten lan baldintzak oso prekarioak direlako.

Hildakoen daturik ez duzuela diozue, baina egoiliarrak hildakoan senideei eman zaie heriotza horien berri?

Abeletxen bertan hil direnen kasuak komunikatu dituzte, bai. Baina beti ibiltzen ziren gezurretan, gaur ondo dagoela esan eta hiruzpalau ordura esaten zizuten zendu zela. Gure amak, adibidez, 91 urte zituen. Egun batzuk zeramatzan sukar pixka batekin bakartuta. Ondo zegoela esaten ziguten, baina guk harekin bideo deiak egiten genituenean gaizki ikusten genuen. Apirilaren 12an PCR proba egin zieten egoiliar guztiei, eta hurrengo egunean erizainak deitu zidan esanez amak negatibo eman zuela, eta jada ez zuela sukarrik; baina nebak berarekin egin zuen berba, eta ez zuen ondo ikusi. Abisua eman genuen, eta hurrengo egunean jaso genuen erizainaren deia esanez ama ez zegoela hain larri baina Mendaroko (Gipuzkoa) ospitalera eraman behar izan zutela. Handik gutxira, Mendarotik deitu ziguten ama agurtzera joateko esanez, eta gibela, birikiak eta bihotza guztiz hartu zizkiola COVID-19ak. Deshidratatuta eta egoera penagarrian heldu zen ospitalera. 58 egun jardun zuen borrokan, eta, azkenean, hil egin zen bihotzeko arritmiak eta buruko isuriak jota. Baina gure ama bezala, beste asko: gehienak egoera tamalgarrian eramaten zituzten Osakidetzako ospitaleetara; gehienek ez zuten bizirik iraun.

Orduan, zuzendaritzak informazioa ezkutatu zuela pentsatzen duzue?

Gurekin harremanetan jarri ziren erizainek esan zigutena eta ospitaleetan jasotzen genituen txostenen edukia ez zetozen bat. Orain ere familien bisitetan behera jaisten dituzte egoiliarrak. Senideek ez dituzte gelak ikusten, ez dakite zer egoeratan dauden. Hori guztiori ezkutatu egiten dute, eta familiako kideok horren parte izan nahi dugu.

Batzar Nagusietan eskatu duzue ikerketa zabaltzea, eta erantzukizunak onartzea. Oraingoz, ikerketa abiaraztea onartu dute. Nahikoa da?

Alde batetik, bai; bestetik, ez. Zuzendaritza batzordeak publikoki barkamena eskatzea nahi dugu, eta gertatutakoa azaltzea. Doluminak jaso nahi ditugu. Baina orain dauden egoiliarren baldintzak hobetzea ere nahi dugu. Horrez gain, oraindik dauden egoiliarren beharrak ere betetzea nahi dugu. Izan ere, orain ere badituzte gabeziak. Zuzendaritzak eta egoitzaren jabea den Vitalitas enpresak ez dute ezer ikasi pandemia honekin. Hori dela eta, langile gehiago kontratatu ditzaten nahi dugu. Diruak baino ez die axola, baina hau ez da diru kontua; gizatasun kontua da. Eta horregatik kexatzen gara. Guk argi dugu horrela jarraituko dugula gertatutakoa argitu arte, eta gure esker ona azaldu nahi diegu orain arte babesa helarazi diguten guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.