Uholdeak Ipar Euskal Herrian

Alerta gorria indarrean egon da

Errobi ibaiak gainezka egin du Baionan, eta herritar batzuk lekualdatu behar izan dituzte, helikopteroz. Uholdeak kalteak egin ditu etxe batzuetan, eta zirkulazioa trabatu du lekuka

Suhiltzaile urpekariak lanean, Kanbon, urak karrika hartu ondoan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Errobi ibaiak gainezka egin zuen atzo, bi aldiz. Arratsaldean, erraterako, 6,24 metroko goratasunera heldu zen. Aitzineko urteetan izandako uholdeen gorenean 5,15 metro neurtu zituzten. Mareak gora egin zuenean gertatu ziren gainezkatzerik handienak: 09:00etatik 11:00etara lehenik, eta 22:00ak inguru gero. Alerta gorria indarrean ezarri zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.

Goizean gainezka egin ondotik, Errobi eta Aturri ibaietako bazterrak urez bete ziren lekuka, eta kai bazterreko ostatu eta bizitegietara ere sartu zen ura. Horiek horrela, autoak ezin izan ziren ibili ur ertzeetatik. Arratserako, dena den, prefeturak ur bazterreko ostatuak hesteko agindua eman zuen. Arratsean, hogei bat herritar etxetik atera behar izan zituzten, helikopteroz, bertara heltzea ezinezkoa baitzen suhiltzaileentzat. Erabaki horiek herriko etxeak, prefeturak eta larrialdi zerbitzuek hartu dituzte, atzokoa kudeatzeko sortutako krisi batzordean.

Hego Lapurdin ere uholde handiak izan dira; Senperen, Biriatun eta Azkainen bereziki. Biriatun, erraterako, etxebizitza batzuk hustu behar izan zituzten suhiltzaileek, herritarrak arriskutik kentzeko. Kanbon, berriz, suhiltzaile urpekariak deitu behar izan zituzten, erdiguneko karriketan ura sartu zelako. Hendaian, bestalde, Intzura auzoko eskola hetsi behar izan zuten.

Barnealdean, Bidarrai, Baigorri eta Ortzaize (Nafarroa Beherea) inguruetan eragin handia izan dute ur gainezkatzeek. Dozenaka etxe kaltetuak izan dira, eta zirkulazioan ere trabak sortu ditu euriteak. Baigorriko kolegioa ere hetsirik egon zen atzo. Galernaren ondorioz, Ipar Euskal Herri osoan 1.200 herritar egon ziren argindarrik gabe. Arratsean, 700 herritarrek segitzen zuten egoera berean.

Kalteak bideetan

Goizeko gainezkatzeak behar zuen okerrena, baina Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Prefeturak, arratsaldean, alerta laranjatik alerta gorrira pasatzea deliberatu zuen —ez dute zehaztu noiz arte izango den indarrean—. Herritarrei agindu zien «behar-beharrezkoa den kasuetan» baizik ez ibiltzeko bidean. Gainera, Eric Spitz prefetak erabaki zuen bertan behera uztea Baiona errugbi taldeak jokatu behar zuen partida, zelai inguruak hartuak baitzituen ur oldeak. Bestetik, Baionako txertaketa gunea ere hetsi behar izan zuten, bertara heltzea ezinezkoa zelako.

Uholdeen eraginez errepide asko egon dira hetsirik: A63 eta A64 izan dira kaltetuenak. Goizean, Biriatu aldean egin zuen gainezka urak, eta kamioiak zenbait orduz kokaturik egon ziren. Arratsean, errepide horien zati batzuk hetsi zituzten, zirkulazioa arriskutsuegia zela argudiatuta. Iluntzerako, gainera, prefeturak debekatu zuen Bordelera buruzko zentzuan autobidera sartzea, Biriatutik Baionara. Bestalde, trenbideetan kalteak izan ziren, zuhaitzak erori zirelako zenbait lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.