Miguel Angel Ceballos. Ekologistak Martxan-eko kidea

«Ozono gorakadak eragozteko protokolo bat sortzea falta da»

Udako beroaldietan, baimendutako mugak gainditzen ditu ozonoak, Ceballosek ohartarazi duenez. Hiriguneetako isuriek eragiten dute, baina landa eremuan eta parke naturaletan neurtzen dira mailarik handienak.
BERRIA

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abuztuak 30
Abuztuaren 3an, Valderejoko parke naturalean (Araba) dagoen airearen kalitatea neurtzeko estazioan, 188 mikrogramo ozono neurtu ziren metro kuboko. 180ko mugatik gora kaltegarria dela dio Europako Batasuneko legeriak. Espainiako Ekologistak Martxan federazioko Airearen Kalitatearen Arloko bozeramaile Miguel Angel Ceballosek (Valladolid, Espainia, 1968) salatu du Eusko Jaurlaritzak ez zuela hartu hori saihesteko neurririk eta ez zituela ohartarazi herritarrak.

Zer da ozonoa?

Hiru oxigeno atomok osatutako gas bat da. 30 kilometroko garaieran, estratosferan, ozono geruza osatzen du, eta eguzkiaren erradiaziotik babesten gaitu. Beraz, estratosferan, ozonoa ezinbesteko konposatu kimikoa da gure planetan bizitza egon ahal izateko. Ozonoa lurrazalean sortzen denean, berriz, toxikoa da izaki bizidun guztientzat.

Zerk sortzen du ozonoa lurrazalean edo troposferan?

Besteak beste, trafikoak eta industriak isuritako nitrogeno oxidoak edo hidrokarburo lurrunkorrak eguzki erradiazioen ondorioz izaten duten erreakzio kimikoak sortzen du. Ezinbestekoak dira erradiazioak. Horregatik, udaberrian eta udan sortzen da. Ohikoagoa da Europa hegoaldean; Iberiar penintsulan, erdialdean, iparraldean baino gehiago. Euskal Herria, beraz, ez da gehien sortzen den ingurua, baina, urtero egoten diren bizpahiru beroaldietan, muga gainditzen du.

Osagaiak ikusita, esan daiteke hiriguneak eta industria dauden eskualdeetan sortzen dela?

Ez. Ozonoa sortzen duten gas kutsatzaileak inguru horietan isurtzen dira, baina ozonoa sortzen duten erreakzio kimikoak handik kilometro batzuetara gertatzen dira kantitate handiagoetan. Horregatik da ohikoagoa hiriguneetatik gertuko landa eremuetan agertzea kantitate handiagoetan eta iraunkorrago. Horregatik, abuztuko beroaldian herritarrei ozonoaz ohartaraztera behartzen duen maila Valderejoko natur parkean gainditu zen soilik; Araban. Berez, ez da aire kutsadura sortzen den lekua; baina Bilbo Handiko isuriak iristen dira hara.

Zerk eramaten du hara?

Kostaldean, haizea itsasotik sartzen da batez ere, iparraldetik, eta kutsadura hegoalderantz eroaten du. Bilbon, ordea, askoz ozono gutxiago sortzen da, nahiz eta tarteka hiriko parkeetan ere maila handiak neurtu izan diren.

Kantitate handietan dagoenean, nabaritu egiten da?

Ez da ikusten eta ez da usaintzen, baina arnasteko arazoak dituztenek sintomak nabaritzen dituzte: eztarriko lakarra, eztula, narriadura begietan...

Epe ertain eta luzera zein ondorio ditu osasunean?

Kantitate handian arnastuz gero, epe laburrera ere baditu ondorio larriagoak: arnasteko zailtasunak sortzen ditu, arnasketari lotutako eritasun kronikoak eta kardiobaskularrak larritu ditzake. Kasu larrienetan, bihotzekoa eragin dezake, eta baita buruko infartua ere. Kopuru apalagoetan baina epe ertain edo luzera arnasteak ere eritasun kronikoak eragin ditzake. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, urtero Espainian 1.600 eta 1.800 lagun artean hiltzen dira ozono gehiegi arnasteagatik.

Aurtengo udan zelan joan da?

Udaberria, oro har, makala izan da, eta udan ere lainotuta egon da egun askotan. Abuztuko lehen aste hori kenduta, Euskal Herrian eta penintsula iparraldean ez da maila handietan neurtu. 2015a eta 2017a izan dira azkenaldian inguru hauetako urterik txarrenak.

Ekosistemetan zer kalte eragiten du ozonoak?

Landareen organismoetara sartzen da, eta ahuldu egiten ditu, pertsonak eta animaliak ahultzen dituen bezala. Horren ondorioz, gaixotasunek eta izurriteek errazago eta maizago erasotzen diete. Fotosintesian ere eragiten du, eta landareen hazkundea moteltzen du, eta fruitu gutxiago ematen dute. Nekazaritzan, adibidez, ekoizpena urritzea eragiten du.

Zer egin dezakete agintariek?

Airea kutsatzen duten isurketak apaltzeko neurriak autonomia erkidegoen eskumena dira. Legeak ezartzen ditu isurketen mugak. Azken bi urteetan, EAEn ez da mugarik gainditu. 2014 eta 2016 artean gainditu ziren hainbatetan. Oro har, Eusko Jaurlaritzak ez du plan berezirik egin behar. Baina badu lanik: ozono gorakadei aurre egiteko eta haiek eragozteko protokoloa falta da. Eskatu dugu, baina ez du kasurik egin. Herritarrak ohartarazi behar ditu. Izan ere, edo berandu jakiten dute, edo ez dute jakiten.

Ezin da zerbait egin eragozteko?

Hori izan beharko litzateke protokoloaren bigarren oinarria: halako goraldiak aurreikusi, eta aurreko bi egunetan ozonoa sortzen duten gasen isurketa murrizteko neurriak hartu beharko lituzke. Neurri horiek ez dira parke naturaletan eta landa inguruetan hartu behar, hirigune eta industrialdeetan baizik. Hau da, trafikoaren erabilera mugatu beharko lukete Bilbo Handian, edo industria jakin batzuei jarduna mugatu —adibidez, Petronorri—. Abuztuko lehen aste horretan, Frantziako hiri batzuei ere eragin zien ozono gorakada horrek, eta neurri horiek hartu zituzten. Jaurlaritzak eredu horri jarraitu behar lioke, biztanleen osasuna babestu nahi badu. Egiturazko politikak ere bultzatu beharko lituzke: trafikoari dagokionez, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatu; eta, industrian, isurketa kutsagarri gutxiago egiten dituzten teknologiak are gehiago sustatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna