Albistea entzun

Eskolako bakartzearen aurka, urrats bat aurrera

'Ezohiko gaixotasunak dituzten ikasleak eta eskola inklusiboa' ikerketa lana kalean da; EHUko Inkluni taldeak koordinatu du, eta ohikoak ez diren gaixotasunak dituzten haur eta nerabeen eta haien gurasoen lekukotasun ugari jaso dituzte. Eskolan zer eragozpen klase izaten dituzten adierazi dute.
Naiara Berasategi, Jokin Fisico eta Igone Aristegi, ikerketa eskuetan hartuta.
Naiara Berasategi, Jokin Fisico eta Igone Aristegi, ikerketa eskuetan hartuta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2017ko abenduak 14

Nire gaixotasunak moteldu egin du nire ikasketa prozesua, baina nire anbizioa ez du geratu. Nire ikasketak egin nahi ditut: nire gauzak», Jokin Fisicok (Arrigorriaga, Bizkaia, 1993) arantza bifidoa du, sortzetiko eritasun ezohiko bat, eta, horren ondorioz, esaterako, mugatua du mugikortasuna: aulki gurpildun batean ibili behar du. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Inkluni ikerketa taldeak koordinatuta argitaratu berri den Ezohiko gaixotasunak dituzten ikasleak eta eskola inklusiboa ikerketarako bere lekukotasuna eman duten gazteetako bat da. Ikasle gisa izan dituen arazoez jardutean, «bakartze» hitza usu darabil, izan ere, sarri sentitu da bakartuta: «Lagun gutxi izan ditut. Zenbaitetan, liskarrak ere bai». Pozik hartu du parte ikerketan, hori guztia kontatzeko: «Izan ere, ikerketa hau, nire ustez, pauso handia da ikasle guztientzat; batez ere, aldatuko duelako irakasleen pertzepzioa ikasleekiko. Izan ere, ni irakaslea banaiz, eta erremintak baditut: baldin badakit zer eritasun duen nire ikasleak, eta zelan tratatu eta irakatsi, bakartze hori ez da gertatuko». Horixe du desio: «Gutxienez ere, guk bizi izandakoa gure atzetik datozenek ez bizi behar izatea».

Igone Arostegi (Bermeo, Bizkaia, 1966) Didaktika eta Eskola Antolakuntzako irakaslea da EHUn, eta Inkluni ikerketa taldeko kidea. Ikerketaren koordinatzaileetariko bat izan da. Azterlana egiteko eskaria erien ingurutik jaso zutela azaldu du, ezohiko gaixotasunak dituztenen eta haien senideen Espainiako elkarte FEDERetik. «Planteatu zen beharra, interesa». Hego Euskal Herrikoez gain, beste autonomia erkidego batzuetako egoera ere aztertu dute. Ezohiko gaixotasunen zakua oso zabala da; ondorio fisikoak dituzte askotan gaixoek, kognitiboak ere bai beste askotan, edo bietakoak. Aldiz, gaixoen eta senideen ahotan behin eta berriz kezka antzekoak aditu dituztela esan du Arostegik. «Nahiz eta aniztasuna hainbesterainokoa izan, erkidego gehienetan, eta gureetan ere bai, familiak eta gazteek aipatzen dituzten elementuak oso antzekoak dira; berdin da zer motatako eritasuna izan, eta zer ondorio dituen. Gaiak eta hobetzeko elementuak kokatzen dira irakasleen jarreran, ikastetxeen antolakuntzan eta metodologietan, koordinazio faltan... Errepikatu egiten dira halakoak ia guztietan». Egokitzat jotzen diren «praktika onak» txalotzean ere, adostasun puntuak azaldu dira.

Arazoak agerian daude jaso dituzten testigantzetan. «Teorian denak ondo moldatzen gara, baina gero goazenean praktikara, moldatu behar dugunean eskolako espazioa, moldatu behar dugunean metodologia, kontuan hartu behar ditugunean ikasle guztien beharrak; hor hasten dira zailtasunak agertzen. Hori da guraso gehienek planteatzen dutena; hori da aldatu behar dena erantzun hobeago bat emateko. Azkenean, beharrak guztienak berdinak dira: irakaskuntza prozesu bat izatea, guztiek prestakuntza bat hartu nahi dutelako. Eta, era berean, sozializatzea; finean, eskola da espazio klabe bat harremanak egiteko, lagunak izateko». Naiara Berasategik (Zumarraga, Gipuzkoa, 1979) hartu du hitza; Inkluniko kide da bera ere, ikerketaren egileetako bat.

Taxuz ikasten

Gako iruditzen zaio Aristegiri ikasle guztiek aurrera egitea eskolan; dituzten berezitasunak dituztela ere. Beti: «Ez dugu ahaztu behar derrigorrezko hezkuntza ere oinarrizko hezkuntza dela, ez gara ari derrigorrezko fasea amaitu osteko ikasketez; ari gara oinarrizko hezkuntzaz, eta hori oinarrizkoa da guztientzat, eta hori bermatu egin behar da». Taxuz ikasiko dutela, gainera: «Helburua da besteek bezala ikastea». Eta curriculuma ez da egokitu behar? «Inklusioaren ikuspegitik, egokitzapenekin, kontuz. Egokitzapenak izan behar dira inklusiboak. Orain arte gehienbat egin dira curriculumak egokitu, baina beherantz, beti ikuspegi horretatik. Hori ez da ikuspegi inklusiboa; ikuspegi inklusiboa da guztiak heldu beharko direla oinarrizko hezkuntza betetzera». Aski garrantzitsutzat du, halaber, zentroaren eta gurasoen arteko koordinazioa: «Familiaren hitza jasotzea garrantzitsua da».

Beste ate bat ere zabaldu nahi du Berasategik: «Zentro sanitarioen eta eskolaren artean ere koordinazioa garrantzitsua da». Ezohiko eritasunak dituzten ikasle zenbaitentzat arazo izaten da, esaterako, eskolara joan ezina, eta, ondorioz ikasketak ateratzeko nekeak izaten dituzte askok; huts egindako egunak pilatzen zaizkielako, edo azterketa egun batzuetan azaldu ezin direlako. Eta hor, irakasle batetik bestera, aldeak izaten direla deitoratu du Fisicok: «Ebaluazioek azken egun bat daukate, baina egun hori heldu arte moldaketak egin daitezke. Irakasle batzuek ez dute egiten hori». Aristegik atzeman du kezka hori jaso dituzten lekukotasunetan. «Ez dago araudi bat gaixotasun arraroentzat. Protokolo orokorrak dio ikasle batek aldi bat egin behar badu ospitalean, edo etxean, Berritzegunetik pasatzen dela kasua, eskatzeko irakasle ibiltari bat. Hori badago, baliabide moduan». Eta gainerakoentzat? Usu eskolara joan ezin duten ikasleentzat? Ebaluazioetara nahi bezain fin agertu ezin diren horientzat? Aparteko berezitasunak dituztenentzat? Horientzat ere bideak badaudela uste du: erabili egin behar direla. «Egon ahal dira modu ezberdinak ebaluatzeko. Gaur egun, gainera, teknologiekin? Ordenagailu bidez, online... Lanak egin ahal dira formatu pila batean». Argi du hitz gakoa: «Malgutasuna». Eta hori guztia baloratzea, lehen lerroan jartzea, ezinbestekoa dela ohartarazi du Berasategik: «Garrantzitsua litzateke zentroak ebaluatzea. Hitz egiten dugu zentroen kalitateaz, baina ona litzateke aldagaietan kontuan hartzea ea zentro horiek inklusioa aurrera eramaten duten, eta hori izatea kalitate aldagai bat». Irakasle jakin batzuen borondatearen arabera gera ez dadin tratu ahalik eta osoena. Argi du Fisicok: «Egin behar da globalizatu ikastetxe guztietan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Txibite, ikasturte politiko berriaren hasiera ekitaldian. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Nafarroak neurri murriztaileak bertan behera utziko ditu ostiralean

Uxue Rey Gorraiz

Toki itxietan oraindik ere derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibiteren esanetan. Jakinarazi dute lehen arretako presentzialtasuna «guztiz» leheneratuko dela.

Gunea dozenaka lagunen bizitoki izan da azken hilabeteetan

Fires lantegi okupatua hustu dute, eraikina eraisteko

Iñaki Agirre Perez

Ertzaintzak Donostiako Añorga Txiki auzoko Fires lantegi okupatua hustu du, eta hasi dira eraikina eraisteko lanak. Hor bizi ziren hainbat lagun kalean geratu direla salatu dute.

Bidaiari batzuk euren agiriak aurkezten Madrilgo Adolfo Suarez aireportuan, joan den uztailean. ©Chema Moya / EFE

Hamalau lagun atxilotu dituzte Gasteizen PCR negatiboen agiri faltsuak ekoizteagatik

Paulo Ostolaza

Guardia Zibilaren arabera, agiriak saldu egiten zituzten, jendeak hegazkinak har zitzan. Joan den astean egin zituzten atxiloketak.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Auzitegiak arazo bihurtu dira izurriaren aurkako politikan»

Arantxa Iraola

'Alarma egoera, osasuna: nork agintzen du?' itaunari erantzuten ahalegindu da Iñaki Lasagabaster EHUko Zuzenbideko katedraduna, aski kritiko: epidemian, osasun irizpideak lehenetsita, lege erantzun hobea eman zitekeela uste du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.