Memoria kolektiboa, osatuago

1976ko martxoaren 3an Gasteizko emakumeek bete zuten rola aztertu dute liburu batean. «Isildutako» ahotsak bildu dituzte
Liburuaren egileak eta lekukotza eman duten zenbait emakume, atzo, aurkezpenean.
Liburuaren egileak eta lekukotza eman duten zenbait emakume, atzo, aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko azaroak 24
1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako borroketan emakumeek bete zuten rola ezinbestekoa izan zen. Enpresa ezberdinetako emakume langileena, etxean geratu zirenena, seme-alaba langileak zituztenena, zaurituak artatu zituztenena, aktibista feministena,... Haien bizipenak, ordea, «isilduta» egon dira urteetan. Orain arte. Gasteizko gizarteak emakumeekin duen zor historikoetako bat kitatu dute Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles kazetari eta ikerlariek 3M: Memoria. Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de marzo de 1976 liburuan (Gasteizko emakumeak 1976ko martxoaren 3ko sarraskian). Emakumeen memoria berreskuratu dute, tragedia hura bizi izan zuten 21 andrazkoen lekukotzak liburu batean bilduta.

Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik argitaratu dute lana, Martxoak 3 elkartearekin elkarlanean. Egileek kontatu dutenez, liburuan bildutakoak baino lekukotza askoz gehiago jaso dituzte, eta horiei ere lekua egiteko asmoa dute aurreratzean. Paperezkoarekin batera, audioliburua ere prestatu dute, edukia herritar guztientzat «eskuragarri» egon dadin. Aktibista feministek eta emakumezko kazetariek parte hartu dute audioan, eta Hala Bedi irratiko webgunean entzungai dago jada. Gainera, unitate didaktiko bat ere martxan jarriko dute aurki ikastetxeetan.

Erreparazioa da

Kontaketa kronologikoa du hiru ataleko liburuak. Martxoaren 3ko egunaren lekukotzak ez ezik, aurreko hilabeteetako greben testuinguruan eta sarraskiaren osteko gertaeretan izandakoak ere jaso dituzte. Askotariko emakumeen bizipenak bildu dituzte: etxekoandreenak, sindikalistenak, protestetan parte hartu zutenenak, grebara joan zirenenak... Orain arte «oso ezkutuan» egondako istorioak direla nabarmendu du Rodriguezek. «Emakumeek ez dute inoiz bere istorioa kontatu, ez diegulako galdetu».

Inork egin ez duen lan hori euren gain hartu dute hiru ikerlariek. Isildutako errealitate horri ahotsa emateko ahalegina egin dute, eta andrazkoen lekukotzekin lortu dute martxoaren 3ko gertakarien inguruan «gizonezkoek osatu duten imajinarioa haustea». Martxoaren 3ko gertakarietan egon ziren emakumeentzat «erreparazio» moduko bat ere bada lana, Rodriguezek azaldu duenez. Bizitakoa kanporatzeak zauria «osatzen» lagundu die, eta, bidenabar, egindako lanaren «aitortza» jaso dute.

Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko ordezkariaren ustez, bestalde, emakumeek Gasteizko gertakarietan izan zuten rola «ikusarazten» lagunduko du liburuak, memoria kolektiboa osatzeko. «Urteetan sinetsarazi nahi izan digute emakumeon bizipenak ez zirela garrantzitsuak. Baina garaia da fokua eta perspektiba aldatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna