Uemako herrietako bost osasun langiletik batek ez daki euskaraz

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak osasun zerbitzuari buruzko azterketa aurkeztu du legebiltzarrean. Bereziki kezkatuta agertu da pediatria zerbitzuekin

Uemako herritarrei arreta eskaintzen dieten osasun zentro guztietako datuak bildu ditu ikerketak. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, bere udalerrietako osasun zerbitzuari buruzko azterketa aurkezteko. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea teknikariak eman zuten jasotako datuen berri, eta, besteak beste, jakinarazi zuten mankomunitateko herrietako bost osasun langiletik batek ez duela euskara gaitasuna egiaztatuta.

Uemak bi urtetik behin egin ohi du behaketa, eta azterturiko azken epetik hona geldialdi bat egon dela nabarmendu dute txostenaren egileek. «Begirada luzeagoarekin begiratuta, bai, hamarkada hauetan asko egin dugu aurrera. Baina iruditzen zaigu azken urteetan arazo batzuk betikotzen ari direla udalerri batzuetan», azaldu du Goikoetxeak.

Pandemiaren eraginez, txostena ezin izan zuten iaz argitaratu, baina atzerapen horrek azterketa zabaltzeko aukera eskaini dio Uemari. Hain zuzen, orain arte mankomunitateko herrietan zeuden osasun zentroetara mugatu izan dute azterketa, eta, oraingoan, zentro horien azterketa ez ezik, Uemako herritarrek jasotzen dituzten gainerako osasun zerbitzuena ere egin dute.

Datu txarrenak ospitaleetan

Osakidetzak 559 lanpostu dauzka Uemako kide diren 90 herrietan, eta ia guztietan zehaztuta dago hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data: 548 postutan (%98). Errealitateari begiratuta, ordea, gaur egun soilik %81ek daukate egiaztatua hizkuntza gaitasuna. Hau da, bost langiletik batek ezin du euskarazko zerbitzua bermatu.

Halaber, mankomunitateko «ia zentro guztietan» euskaraz ez dakien langile bat edo beste dagoela azaldu dute ikerketako arduradunek, eta kezka berezia agertu dute pediatria zerbitzuekin, arlo horretako hiru langiletik batek ez duelako egiaztatu hizkuntza gaitasuna.

Mankomunitatetik kanpoko osasun zentroei dagokienez, berriz, egoera «okerragoa» dela jakinarazi dute. Herritarrei lehen arreta beren udalerritik kanpo ematen dieten osasun etxeetan, esate baterako, lau langiletik bat baino gehiago (%27) ari dira lanean euskara gaitasuna egiaztatu gabe, eta erreferentziazko ospitaleetan, berriz, ia langileen erdia (%49).

Katea josteko beharra

Datuak aurkeztuta, Uemaren azterketaren ondorioen berri eman du Goikoetxeak, eta, beste ideia guztien gainetik, garrantzi berezia eman dio euskarazko zerbitzua bermatzeko aurretik egin beharreko urratsei: «Kontziente izan behar dugu hau kate bat dela, eta zerbitzua euskaraz jasotzea katearen azken begia dela». Hala, besteak beste, euskarazko formakuntza indartzeko beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.