Marta Grijalba Mazo. Auzitegi medikua

«Ikusgaitasun handiagoa eman behar zaio auzitegi medikuntzari»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Auzitegi medikua da Marta Grijalba Mazo. Herenegun hitzaldia egin zuen Bilboko Euskalduna jauregian, eta ofizioak aurrera begira dituen erronkak eta estrategiak izan zituen hizpide.

Berez, zertan datza zuen lanbidea?

Auzitegi medikuak perituak gara, eta justizia administrazioan lan egiten dugu. Bereziki, epaileen, magistratuen eta fiskalen laguntzaile aritzen gara, eta planteatzen zaizkien kontu medikoei irtenbideak aurkitzen saiatzen gara. Betiere, ikuspuntu zientifiko batetik.

Zer eremuk eskatzen du lanik edo ardurarik handiena?

Gure jardunaren %70 bizirik dauden pertsonekin lotuta dagoela esango nuke. Nagusiki, eremu penalari eta zibilari dagokio: trafiko istripuak, indarkeria kasuak, gaitz mentalak... Hala ere, espezializazioa beharrezkoa da eremu guztietan. Gurea peritu lana da, baina garrantzitsua da irakaskuntza eta ikerketa lanak ere egitea.

Auzitegi medikuntzak aurrera begira izango dituen erronkak eta estrategiak aztertu dituzu. Berrikuntzak egitea beharrezkoa da aurrera egiteko?

Kontua da 1996. urtekoa dela auzitegi medikuntzaren arautegirik berriena. Ordutik 25 urte igaro dira, eta ezinbestekoa da araudi hori garai berrietara egokitzea. Izan ere, eremu askotan izan dira aldaketak urte horietan guztietan: sozialki, teknologikoki, normatiboki... Ondorioz, horietara egokitu eta moldatu behar dugu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kasurako, Justizia Plan Estrategikoa amaitzear dago, eta horrek babes judizial eraginkorra bermatuko du.

Lau ardatz estrategiko nagusi proposatzen dituzu.

Hori da. Hasteko, pertsona gaituak eta motibatuak behar ditugu, eta, horretarako, formakuntza beharrezkoa da. Bezeroei kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzea ere garrantzitsua da. Teknologiari dagokionez, teknologia berrietara egokitu eta teknika berriak aplikatu behar ditugu. Eta, amaitzeko, gure lanari ikusgaitasun handiagoa ematea ere funtsezkoa da, jendeak gure lanaren berri izan dezan.

Oro har, nola ikusten duzu auzitegi medikuntzaren etorkizuna?

Ni oso baikorra naiz, eta oso ondo goazela iruditzen zait. Halako jardunaldiek auzitegi medikuntzaren inguruko interesa areagotzen dute, eta, eremu judizialaz harago, gizartea hobetzen eta arazoak saihesten lagundu behar dugula ikusi dugu. Bide onean goaz, eta hori pozgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.