'Juno': Jupiterren bihotzaren bila

Asteko zientzia albiste garrantzitsuenetariko bat izan da 'Juno' zunda Jupiterrera ailegatu dela planetari buruzko datuak osatzeko misio baten barruan; emaitzen zain daude astronomoak.

NASAk Juno zunda Jupiterren nola dagoen erakusteko egindako irudi bat. NASA / EFE.
arantxa iraola
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Jupiterren eremu magnetikoa zerk sortzen duen; horixe izango da galdera garrantzitsuenetariko bat». Asteon jakin da Ameriketako Estatu Batuetako espaziorako agentzia NASAren Juno zunda helmugara iritsi dela, Jupiterrera, eta horrek ozendu egin ditu Eguzki Sistemako planeta horri buruzko itaunak. Donostiako Eureka zientzia museoko planetarioko arduraduna da Miren Millet, eta oraino planetaren inguruko galdera asko daudela gogorarazi du; gutxi, ordea, haren «eremu magnetikoaren» loturikoaren parekoak. «Beti ikasi dugu Jupiter planeta gaseoso bat dela; han, guk dakigula ez dago nukleo solidorik...». Baina eremu magnetiko indartsu bat du —Lurrarena baino hamalau aldiz indartsuagoa—, nola sortzen ez dakitena. Eta horixe argitu nahi du zundak.

«Dauden teorietako bat da planetak duen hidrogenoak metalen portaera har dezakeela, eroalea izan daitekeela, eta horrek sor dezakeela eremu magnetikoa, planetaren errotazioaren ondorioz», azaldu du Milletek. «Baina, bestalde, uste dute akaso nukleo solido bat ere izan dezakeela Jupiterrek, txikia, zenbait metalekin». Planetak bihotz hori baduen jakin nahi, beraz, Juno zundak. «Hori neurtzen eta argitzen saiatzea du helburuetariko bat». Planetak dituen ezaugarri bereziek, besteak beste, ipar aurora «ikusgarriak» eragiten ditu, eta horiei buruz ere informazio gehiago izatea espero dute orain.

Lurretik egin diren ikerketei esker, jakina da Jupiterren hiru osagai direla nagusi: «Gehiena hidrogenoa, amoniakoa eta helioa da». Milletek ez du espero aparteko sorpresarik horretan, baina bai osagai horien inguruko datu zehatzetan. Batez ere, planeta nola sortu zen jakiteko bidean. «Uste da Jupiter izan zela Eguzki Sisteman sortu zen lehen planeta, baina ez dakite ziur ere, eta harenosaketa zehatza ezagutzea garrantzitsua da jakiteko noiz sortu zen; garrantzitsua da Eguzki Sistema ezagutzeko bidean ere».

Bada itaun gehiago. Jakina da ura badela Jupiterren ere, eta horren gaineko argibide gehiago espero dituzte misioan. «Beti daukagu erantzun gabe nola sortu zen ura gure planetan». Eta Jupiterrera begira akaso Lurreko misterioak argituz joateko bidea egin daitekeela uste du Milletek. «Zunda hau, gainera, asko hurbilduko da planetara, eta horri esker emango ditu neurri zehatzak; oso garrantzitsua da hori».

«Arrisku handiko» bidaia

Bidaia bera, Juno zundarena, edonor txunditzeko modukoa dela nabarmendu du Milletek. «Jupiterrerako bidean badira energia oso handiko eremuak, eta arrisku handia dakar horrek zundarentzat; faktore horiek guztiak kontuan hartu behar dituzte haren orbita erabakitzeko. Zundaren egituran ere, eraikitzeko orduan, kontuan hartu behar izan zuten hori guztia, babesteko. Izan ere, erradiazio oso handiak dauden lekuetan ibili behar du zundak». Jupiter planeta erraldoien multzoan sartzen dute ikertzaileek, eta ezaugarri antzekoak baditu Saturno, Urano eta Neptunorekin. Horiei buruzko argibideak ere lortuko ditu, zeharka, orain NASAren misio honek.

Bost urteko bidaia baten ostean iritsi da Juno Jupiterren orbitara, asteon. 37 bira emango dizkio orain planetari, eta, lana amaitzean, harexen atmosferaren kontra txikituko da. Eguzki energia baliatuta egin du bidaia zundak, eta gailu pila bat du, planetan egin behar dituen neurketetarako. Ez da Jupiterrera bidaltzen duten lehenengo zunda; 1973tik hainbat gailu bidali dituzte. Sortzen dituen itaunen ondorioa da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.