Gurasoei eskola jantokiez arduratzeko aukera emango die Jaurlaritzak

Jangelen jardun osoa kudeatu beharko lukete guraso elkarteek, kontratazioak barne. EHIGE ez dago ados: ikastetxeen esku egon beharko litzatekeela uste du
Eskola jangelen kudeaketarekin lotuta, probako zenbait proiektu daude martxan, kogestioan oinarrituta.
Eskola jangelen kudeaketarekin lotuta, probako zenbait proiektu daude martxan, kogestioan oinarrituta. BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2019ko urtarrilak 11
Eskoletako jantokiak kudeatzeko eredua moldatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak: zerbitzua zuzenean kudeatzeko aukera emango die guraso elkarteei. Atzo eman zuen erabakiaren berri Hezkuntza Salak, eskola jantokien jarraipen batzordea bildu eta gero. Datorren ikasturtean jarriko dute indarrean neurria; diruz lagunduko dituzte halako egitasmoak.

Orain arte, lehiaketa publiko bidez kudeatu izan ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokiak: catering enpresei esleitu die zerbitzua, lau urteko epeetarako. Hezkuntza eragileek aspaldi eskatu zioten gobernuari eredua aldatzeko, egungo funtzionamenduak eragin duelakoan eskoletako sukaldeak «desagertzea» eta ikasleen elikadura «komunitatetik urruntzea», besteak beste.

Irailetik aurrera, beraz, beste aukera bat jarriko du mahai gainean Cristina Uriarteren sailak: ikastetxe bakoitzak bere jangela kudeatu ahal izango du, erabakiak ordezkaritza organoen adostasuna badu; zuzendaritzak eta gurasoek ez ezik, langileek eta udalak ere bat etorri beharko dute, eta, Bigarren Hezkuntzako zentroetan, ikasleek ere bai. Baina ikastetxeek ez, baizik eta guraso elkarteek hartu beharko dute prozesua kudeatzeko ardura. Hau da, jantokien jardun osoa bideratuko dute: sukaldeko langileak kontratatu, elikagaiak eskuratu, jakien segurtasuna baieztatu... Jaurlaritzak iragarri du diru laguntza sail bat jarriko duela halako proiektuak «errazteko».

Eta eragile guztiak ez daude ados ikuspegi horrekin. EHIGE gurasoen elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek behin-behinean egindako balorazioaren arabera, «atzerapausoak» ekarriko ditu neurriak. Hain justu, jangelen kudeaketa ikastetxeek hartzeko eskatua zioten eragileek Jaurlaritzari: «Guraso elkarteak ezin dira ibili sukaldeko langileak kontratatzen; departamentuaren langileak izan behar dira». Gogora ekarri du, gainera, diru laguntzak sarri atzeratu egiten direla, eta ez dela erraza halako egitasmoak horrela abiatzea: «Ez dugu uste inor sartuko denik hor, eta guk ez dugu gomendatuko». Aldaketa handiagoa galdegin du: «Eredu berri bat».

Eredua, auzitan

Azken urteetan berpiztu egin da eskola jangelei buruzko eztabaida, lehiaketa publikoarekin izandako iskanbilen harira. Hezkuntza eragileek maiz salatu dute sistemak «gardentasun eskasa» duela, eta hala azaleratu zen 2016ko otsailean: Lehiaren Euskal Agintaritzak 18,4 milioi euroren isuna ezarri zien zortzi catering enpresari —gerora, kopurua murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak—, merkatua banatzeagatik. Frogatutzat jo zuen enpresek prezioak adostu zituztela hamar urtez, eta Jaurlaritzaren «prebentzio faltaz» ohartarazi zuen. Eusko Legebiltzarrean auzia ikertzen ari da batzorde bat iazko apiriletik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna