Gasteizen AHTa lurperatzeko 434 milioi bideratzea adostu dute

Lanen proiektua 2020rako prest egotea aurreikusi dute. Auzo berrietan trena lur gainetik joatea kritikatu diote. Tren soziala eskatu du Arabako AHTrik Ez taldeak

Gasteizen AHTa lurperatzeko 434 milioi bideratzea adostu dute.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trena Gasteizko tren geltokiraino lurperatzeko proiektua zehaztu dute. Zeresana duten administrazio guztiek hitzarmena sinatu zuten atzo. Trena egungo burdinbidearen korridoretik sartuko da, eta Pedro Asua kaletik Salburuko Bulebarrera arte lurperatuta joango da: 3.610 metro. Lanek 434 milioi euroko aurrekontua izango dute. Aurtengo ekainerako prest izan nahi dute behin-behineko informazio txostena, eta eraikitzen hasteko proiektu guztiak, 2020rako. Hartara, Euskal Y-ko lanen amaierarako prest egongo litzateke Gasteizko sarbidea. Amaiera data 2023. urtea dela berretsi dute agintari guztiek.

Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroa, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izan ziren atzoko agerraldian. Trenbidea lurperatzeko egitasmoaz gain, Dato kaleko geltokia lurperatzeko proiektuaren berri ere eman zuten. Lurraren arrasean kristalezko eraikin bat gehitu nahi diote egungo geltokiari, baita tranbiaren geltoki bat ere. Lur azpian bi solairu izango ditu. Lehenengoan trenbideetara jaisteko areto bat egongo da, 400 tokiko aparkaleku bat, eta, espazio horietatik bereizita, errepide bat, ekialdetik mendebalderako ardatza jarraituz. Lur azpiko bigarren solairuan hiru nasa egongo dira abiadura handirako, zabalera estandarreko burdinbideekin; bereizita, aldiriko trenen eta distantzia ertaineko trenen nasa ere hor egongo da. Azkenik, merkantzien garraiorako trenak pasatuko dira aparteko tunel batetik.

434 milioi euroko aurrekontua banatzeko akordioa sinatuta zegoen aurretik: Sustapen Ministerioak %50 ordainduko du, Eusko Jaurlaritzak %25, Gasteizko Udalak %15, eta Arabako Foru Aldundiak %10. Espainiako Gobernuak dagokion partearen zati bat ordainduko du hiriari itzuliko dion lur eremuaren bitartez: 90.000 metro koadro, horietatik 44.000 geltokiaren inguruan. Lur horien balioa zehazteke dago, ordea, baita Gasteizko Udalak hutsik geratuko den korridorean egin nahi duen proiektua ere.

Bi loturak, zehaztuta

Lurperatze proiektuaz gain, beste bi proiektu aurkeztu dituzte AHTarekin lotuta: Gasteizko tren geltokia Euskal Y-arekin eta Burgoserako (Espainia) adarrarekin lotzeko proiektuak. Bilborako lotura Arkautitik egingo dute; lotune horretan Gasteiz-Iruñea balizko AHT lotura ere aurreikusi dute. Ordea, Abalosek ez du zehaztu Iruñea eta Euskal Y-a nondik lotuko den, baina egun gutxi barru Nafarroako Gobernuarekin bilduko da horri buruz hitz egiteko. Arkautiko lotunearen aurrekontua 206 milioi eurokoa izango da. Gasteiz-Burgos linearako lotura egiteko proiektuak, berriz, 41 milioi euroko aurrekontua izango du.

Gasteizko EH Bilduko bozeramale Miren Larrionen ustez, proposatutako lurperatze eredua «motz» geratzen da. «Salburua eta Zabalganarentzat irtenbide lurperatu bat ez aurreikustea akats larria da». Horrez gain, gogorarazi du orain bederatzi urte aurkeztutako lurperaketa egitasmoak 6,8 kilometro zituela, eta 511 milioi euroko aurrekontua. «Gainera, orduko proiektuan benetako geltoki intermodal bat eraikitzea aurrekontu barruan zegoen; alde izugarria da».

Gasteizko Elkarrekin-Podemos ere kritiko agertu da proposatutako proiektuarekin. Auzo batzuk kanpoan uzteaz gain, aukera guztiak aztertu ez izana leporatu die administrazioei. Horrez gain, gaineratu du Gorka Urtaran ez dela alderdiekin bildu «milioika euro balioko duen egitasmo estrategikoa» azaltzeko. Azkenik, Elkarrekin-Podemosek gaineratu du AHTa «ia inork eskatzen ez duen» trena dela.

Tren sozialaren alde

Proiektuaren nondik norakoen berri eman bitartean, dozenaka pertsona bildu ziren Arabako AHTrik Ez taldeak deitutako elkarretaratzean, Espainiako Gobernu ordezkaritzaordearen aurrean. Are, plataforma Abalos ministroari gutun bat ematen saiatu zen, haien aldarrikapenen berri emateko. Hain zuzen ere, plataformaren iritziz AHTaren proiektu berria «sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki jasangaitza» den eredu baten ondorioa da.

Tren «sozial eta publikoa» aldarrikatu zuten, «hiriburuez gain, herriak, eskualdeak eta industria guneak lotuko dituena». Egungo trenbide sarea hobetzeko eta zaharberritzeko eskatu zioten ministroari. Trenbidearen hirugarren erraila jartzea ere proposatu zioten, «egun Euskal Y-aren ibilbidearen zenbait ataletan egiten ari den bezala». Konponbide horrekin plataforma baten beharrik ez legokeela gaineratu dute. Azkenik, eskatu zioten ez nahasteko AHTa eta Gasteizko trenbidea lurperatzea; bi proiektu independente direla gogorarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.