'Brexit'-a. Merkataritza harremanak

Okerrenerako prestatzen

'Brexit'-aren itunik lortzen ez badute, martxoaren 29tik aurrera asko trabatuko da harreman komertziala. Jaurlaritzak enpresentzako eraginak eta aholkuak bildu ditu.

BERRIA.
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Ez bada lortzen Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko hausturarako akordiorik, martxoaren 29tik aurrera Erresuma Batuari EBtik kanpoko hirugarren herrialde bati aplikatzen zaizkion arauak aplikatu beharko zaizkio. Eragile askori eragingo die aldaketak, besteak beste, enpresei eta hornikuntza kateei.

Eusko Jaurlaritzak webgune bat ireki du enpresei aholkuak emateko: www.brexit.eus ataria. «Ziurgabetasun giro horretan, EBko enpresek aurrea hartu behar dute, oraindik egin ez badute, eta prest egon behar dira itunik gabeko haustura baterako».

ITUN BAKO HAUSTURAREN ERAGINAK



Aduana zergak. Produktuen mugimendu librea desagertu egingo da. Erresuma Batuak aduana zergak ezarriko dizkie euskal enpresek esportatutako produktuei, eta alderantziz. Ondorioz, garestitu egingo dira euskal enpresek esportatutako produktuak, eta lehiakortasuna galduko dute; beraz, baliteke britainiarrek beste hornitzaile batzuk bilatzea. Kontrako norabidean ere gauza bera gerta dakieke Erresuma Batuko produktuei.

Aduana kontrolak. Handitu egingo dituzte aduanako tramiteak betetzeko kostuak, garraio tarifak garestitu daitezke, eta zaildu egin daiteke adostutako produkzio eta entrega epeak betetzea.

Jatorriko arauak. Erresuma Batuko produktuak jada ez dira izango EBn sortuak. Hortaz, euskal enpresa batek Erresuma Batutik osagaiak ekartzen baditu bere produkzioan erabiltzeko eta ondoren hirugarren herrialde bati saltzeko, gerta liteke amaierako produktuak ez betetzea baldintzak EBko produktu gisa saltzeko.

Zerga sistema. Produktuak Erresuma Batutik EBra, eta alderantziz, salerosten dituzten enpresek BEZ zerga ordaindu beharko dute, eta produktuok garestitu egingo dira. Gainera, merkatu gai batzuek bestelako zerga bereziak izan ditzakete.

Arau teknikoak. Produktuen kalitate estandarrak eta gutxieneko baldintzak aldatu egingo dira. Erresuma Batuak araudi propioa izan dezake, eta baldintza gehiago jar ditzake. Ondorioz, baliteke orain arte arazorik gabe saldu diren produktu asko ezin saldu izatea Erresuma Batuan, edo mugak izatea. Kontrako norabidean ere gauza bera gerta dakieke Erresuma Batuko produktuei.

Inportazio/esportazio lizentzia. EBk inportazio/esportazio lizentzia bat eskatzen du produktu jakin batzuk (hondakinak, produktu kimiko arriskutsuak, merkurioa, kultur ondasunak, diamanteak, suzko armak...) igortzeko EBtik hirugarren herrialde batera eta alderantziz. Erresuma Batuko lizentziak ez du balioko bidalketak egiteko EBtik hirugarren herrialdeetara eta alderantziz.

Diru trukearen arriskua. Libraren eta euroaren arteko erlazioan eragina izango dute hausturak, etorkizuneko merkataritza harremanari buruzko negoziazioek eta akordioek.

Langileen joan-etorriak. Theresa Mayren Liburu Zuriak aurreikusten du hamabi hilabeteko lan baimena ematea Erresuma Batura «arrisku txikiko herrialdeetatik» doazen kualifikazio txikiko langileei, eta bost urterainoko lan baimen berriztagarria urtean 30.000 libra edo gehiago irabazten duten langile kualifikatuei.

AHOLKUAK SEKTOREKA



Nekazaritza eta elikadura. Luzatu egingo da produktuak jatorritik jomugara eramateko behar den denbora, EBko legerian aurreikusi gabeko aduana tramiteengatik eta kontrolengatik, baita Erresuma Batuak ezar ditzakeen beste kontrol batzuengatik ere. Sektoreko produktuak iragankorrak direnez, baliteke kontserbatzeko eta garraiatzeko modua aldatu behar izatea.

Farmazia. Elikaduraren sektorean baino inpaktu handiagoa izan dezake, zenbait sendagaik oso bizitza erabilgarri laburra daukatelako. Arazo nagusia hornidura eskasia gertatzea da, denbora gehiago behar izango delako produktuak aduanatik igarotzeko. Gainera, ez dago argi Erresuma Batuak Europako Medikamentuaren Agentziako kide izaten jarraituko ote duen: farmazia enpresek kontuan izan behar dute sendagaiak merkaturatu aurreko azken probak egiten dituzten laborategietako asko Erresuma Batukoak direla.

Automozioa. Erresuma Batuak ezingo ditu EB motako onarpenak eman, eta Erresuma Batutik EBra esportatutako ibilgailuek derrigor izan beharko dute Europako agintaritza batek emandako ziurtagiria. Bestalde, aduana zergek eta hornikuntza prozesuko beste zerga eta gastu batzuek eragin handia izango dute sektorean. Halaber, birplanteatu egin beharko da just in time motako produkzioa, biltegiratzea txikitzeko.

Energia. Energia dura etenik egon ez dadin, argindar merkatuan ari diren konpainiek bi aldeetako ziurtagiriak beharko dituzte, Erresuma Batuak emandakoak eta EBk emandakoak.

Garraioa. Kontrolek moteldu egingo dituzte pertsonen eta merkatu gaien joan-etorriak edozein garraio motatan. Trenbideko garraiorako baimen, lizentzia eta ziurtagiri berriak beharko dira, eta hegazkinei dagokienez, esate baterako, desagertu egingo da Erresuma Batuaren eta EBren arteko aireko espazioen arteko zirkulazio librea.

Finantzak. EBko finantza pasaportea galduko dute Erresuma Batuko finantza operatzaileek, eta ez dute eskubiderik izango euren zerbitzuak EBn eskaintzeko orain arteko baldintzetan. Edonola ere, egonkortasuna bermatzeko, Bruselak esan du ez dela etenik gertatuko Erresuma Batuko operatzaileek eskaintzen dituzten gordailuzaintza zerbitzuetan. Neurri horiek funtzionatzeko, ordea, Erresuma Batuak ere antzekoak hartu beharko ditu.

JAURLARITZAREN AHOLKU OROKORRAK ENPRESENTZAT



Kontingentzia plan bat egin: egoera berriak eragin ditzakeen arrisku guztiak jasotzeko eta arriskuok arintzeko hartu beharreko neurriak zehazteko.

Hornikuntza katea sistematikoki berrikusi: negozioaren jarraipenerako kritikoak diren hornitzaileak, bezeroak eta gainerako eragileak identifikatzeko.

Berrikusi kontratu berria: gomendagarria da kontratua gauzatzeko epea martxoaren 29a baino lehenagokoa izatea; aurreragokoa bada ezinbestean, aurreikusi entrega baldintzak eta epeak alda daitezkeela.

Ohikoak baino epe luzeagoak aurreikusi produkziorako osagarriak jasotzeko eta entrega egunetarako: aztertu komeni ote den martxoaren 29aren aurretik hornitzea edo toki gehiago egitea biltegian.

5Ibilbide alternatiboak identifikatu itsas garraiorako: gomendagarria da harremanetan jartzea operatzaile logistikoarekin, aukerak aztertzeko.

Aztertu beharrezkoa ote den inportazio/esportazio lizentzia bereziak eskuratzea: komenigarria da OEB Operatzaile Ekonomiko Baimenduaren estatusa lortzea. Aduana prozedurak erraztuko ditu: lehentasunezko tratua jasoko dute ikuskapen bat egokituz gero, eta kontrol gutxiago egingo zaizkie.

Aztertu zenbateko inpaktua izango duten hornikuntza kostuetan: aduana zergek, bestelako zergek, kontrolek, garraio tarifek eta entrega atzerapenek.

Aztertu kanbio aseguruak kontratatu ala ez: baliagarria izan daiteke diruaren balioaren gorabeheren kalteetatik babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.