Julen Goñi. DMD Euskadiko ordezkaria

«Jende askok aldatu egin du gaiaren inguruan duen iritzia»

arantxa iraola
Portugalete
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Heriotza duina lortzeko bidean urrats ezinbestekoa dela iritzita, eutanasia eta suizidio lagundua legeztatzearen alde dihardute DMD elkartean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan elkarteak duen ordezkaritzako hainbat lagun bilduziren atzo Lorente-Tellaetxe familiak Portugaleten egin zuen agerraldira, atxikimendua erakusteko. Horien artean zegoen Julen Goñi (Iruñea, 1950).

Oihartzun handia lortu du familia honen aldarriak...

Gaia gizarteratzeko garrantzitsua izan da. Honen ondorioz, jende askok aldatu egin du gaiaren inguruan duen iritzia, baita kontzientzia erlijiosoa duen jendeak ere. Eutanasia hitza aski manipulatua izan da, baina azken finean zera da: ongi hiltzea. Hori zer da? Norberak erabakitzen duena.

Oso ezaguna egin da kasu hau, baina beste hamaikatxo bat egongo dira, bada, isilean. Asko heltzen zaizkizue elkartera?

Bai, ikusten ez diren kasu asko daude. Sendi honek izan du adorea jendearen aurrean agertzeko. Igarri dugu elkartean kasu honen oihartzuna. Jendeari kosta egiten zaio, hala ere, heriotzaz hitz egitea. Behin gertu tokatzen zaionean, orduan konturatzen da jendea hor dagoela: ezin dela saihestu. Eta zenbaitetan berandu da.

Espainiako Parlamentuan eutanasia legeztatzea ekar dezakeen lege bat tramitatzeko bidea hasia da. PSOEk aurkeztu zuen. Bozak gainean dira, eta ez dago argi zer itxura hartuko duen Kongresuak. DMDk, hala ere, nahiko begi onez hartu izan ohi du proposamen hori...

Bai, guretzat, baldintza gehiegi eskatzen ditu eutanasia kasu bat onartu ahal izateko; baina, tira, hala ere, aurrerapauso handia litzateke hori onartzea. Gainera, ikusita beste zenbait alderdik zer planteamendu dituzten, handia litzateke hori onartzea. Baina guk eskatzen duguna areago doa; guk eskatzen dugu gure esku uzteko erabakia: nola bizi nahi dugun, eta nola hil nahi dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.