Koronabirusa

Hego Euskal Herriko ospitaleetan 172 lagun daude ZIUetan erietxeratuta

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Kutsatu kopuruak eta positibo tasa egonkor dago Hego Euskal Herrian, azken zenbaketen arabera, baina erietxeen gaineko presioa ez da apaldu. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek emandako datuen arabera, atzo beste 72 lagun ospitaleratu zituzten birusarengatik, eta, horrenbestez, egun, guztira, 724 lagun daude Hegoaldeko erietxeetan. Horietatik 172 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude, bezperan bezainbeste. 550 gaixo erietxeetako solairuetan daude.

Ospitaleen gaineko presioaz landa, birusarengatik gaixotu eta hiltzen diren pertsonen kopurua ere kezkatzekoa da. Osasun agintariek jakinarazi dutenez, koronabirusarengatik gaixo zeuden hiru pertsona hil ziren herenegun: bi gizon, 87 eta 79 urtekoak, eta emakume bat, 74 urtekoa. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, azken egunetan beste lau pertsona zendu dira birusak jota. 98 eta 89 urte bitarteko hiru emakume eta 92 urteko gizonezko bat.

Ospitaleratutako gaixoen kopurua oraindik ere kezkagarria dela eta, Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuak dei egin die herritarrei hurrengo astean izango diren jaiegunei begira, odola eman dezaten. Abendu osoan zehar odola emateko eskatu du, baina bereziki datozen bi asteetan.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek herenegun egindako azken zenbaketen arabera, beste 758 kasu detektatu dira Hego Euskal Herrian, bezperan baino 22 gutxiago. Egindako proba guztien %5,5 da hori. Asteazkeneko datuekin alderatuta, beraz, zertxobait hobetu dira datuak: kutsatu gutxiago egoteaz gain, positiboen ehunekoak ere apurtxo bat behera egin du, %5,7tik %5,5era. PCR testen eta antigeno testen kopuruari dagokionez, ez da aldaketa handirik izan bezperan egin zirenetik: 14.143 test egin ziren ostegunean, eta 14.099 asteazkenean.

Lurraldez lurralde, Araban 85 positibo detektatu zituzten (25 gutxiago); Bizkaian, 224 (34 gutxiago); Gipuzkoan, 307 (19 gehiago); eta Nafarroan, 161 (bezperan baino 20 gehiago). Lau lurraldeetatik hiru «eremu gorritik» atera dira, 100.000 biztanleko 500 kutsatuko intzidentziaren azpitik gelditu baitira. Orain, Gipuzkoa da «eremu gorrian» jarraitzen duen lurralde bakarra, 100.000 biztanleko 698 kutsatu baititu. Nafarroan ere, datuek apur bat okerrera egin dute azken orduetan, eta positibo tasa %4,4tik %5,5era igo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.