Pastor
DARWIN ETA GU

'Hirurogeita zortzia'

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk, kritikak egin zizkioten Kataluniako Legebiltzarreko kide Carles Rierari, Quim Torrari buruz esaniko berbak zirela eta. Izan ere, azkenean auzi judizialik gabeko sailburuak ezarri zituen karguan Generalitateko presidenteak, horrela Espainiako Gobernuaren argi berdea lortzeko. CUPeko politikariak Torraren jokabidea gaitzetsi, eta «prakak jaitsi izana» leporatu zion Generalitateko buruari. «Kutsu homofoboa duen esaera» erabili zuela egotzi zioten Rierari. Inor ez zuela mindu nahi izan erantzun zuen hark. Barkatu.

Denok jaisten ditugu prakak. Kontua da zertarako egiten dugun. Horrek aurreiritziak, gaizki-ulertuak pitz ditzake Rieraren hitzetan. Harenak bezalakoak —eta are okerragoak— esaten ditugu egunerokoan inor haserretu gabe. Lagunartean sarriago egiten dugu, baina espazio publiko zabalagora jotzen dugunean kontu handiagoz ibiltzen gara.

Komeni da hizkeraz, erregistroz aldatzen jakitea. Erregistro okerraren adibide argia ikusi dugu aste honetan. Frantziako 15 urteko mutil batek Manu deitu dio Emmanuel Macron presidenteari. «Ça va, Manu?». Macronek bereak eta bi esan dizkio, bere karguari dagokion errespetua gogoraraziz. Nerabeak barkatzeko eskatu dio —«Désolé, Monsieur le Président»—, baina Macronek aurrera segitu du. Batzuen iritziz, umiliatu egin du gaztea. Hasiera batean arrazoi bazuen ere, harrokeriaz jokatu du, hantuste eta gupidagabe. Izan ere, Manu deitzeaz gain, Internazionala kantatzen hurbildu omen zaio mutila. Internazionala, liberalismoaren ordezkariaren aurrean! Barkaezina.

Gaztearen portaera ez da oso txukuna izan; norekin eta nola ari den hobeto bereizten jakin beharko luke —modulatzen, esaten dugu orain—, baina agintariak ere jakin beharko luke erantzuna neurtzen. Macronek ez omen du gustukoa jendeak Manu deitzea, baina ez dakit berdin-berdin erreakzionatuko ote zuen Donald Trumpek hala deitu balio.

Dena den, askotan, hitzak baino garrantzitsuagoak izaten dira moduak. Jendartean bizi gara, bizikidetzaren oreka hauskorrean. Bada gizabidea deitzen den zerbait. Ez naiz hipokrisiari edo zurikeriari buruz ari —modu onak soilik komeni zaigunean erakustea—. Izan ere, zu, usted edo vous esan ahal dizute, baina zu mespretxatuz, inolako disimulurik gabe. Benetako errespetuari buruz ari naiz: gure aurrekoak gizaki hutsa izateagatik merezi duena. Duintasunean, berdintasunean oinarrituta, berdin dio zer den: presidentea, okina, medikua edo etxegabea. Eskuinak ez du hori guztia kontuan izaten. Zer duzun, horixe zara da haren leloa. Hala ere, horrek ez du esan nahi geure burua beste aldean kokatzen dugunok gizabidea baztertu behar dugunik. Jendea tabernako atean txiza egiten ikusita nago; barruan komunak badirela esan, eta hauxe erantzun: «Komunak? Kontzeptu burgesa dira». Batzuk kalimotxo iraultzaileak dira. Haien leloa ez da iraultza ala hil edo aberria ala hil. Haien leloa hauxe dugu: ni, neu, nihaur. Hobe lukete Leninek zer esan zuen jakingo balute: gizabideak, garbitasunak, modu onek ez dute zertan eskuinaren monopolioa izan behar.

Ez dut egokitzat jotzen Macron jaunari Manu deitzea, baina herritar ezezagun bati ere ez. Jokabide oker ugari ditugu. Kalean ibili, eta inondik inora ezagutzen ez duzun morroiak: «Hiii, sua emango didak?». «Bai, gizona, bai, emango ez dizut, ba! Nondik nahi duzu? Goitik ala behetik?». Hala ere, gehiago asaldatzen nau 25 urteko guay batek 85 urteko gizon edo emakume ezezagunari «oye,¿me dices la hora?» esaten entzuteak. Horretan, euskaraz oraindik ez, baina erdaraz marka daukagu euskaldunok. Halakoak aditzen ditudan bakoitzean, modu onak baztertu, eta The Slang Thesaurus liburuko esamolde bat etortzen zait gogora. AEBetako auzo pobreetako beltzen hizkeratik hartuta dago, eta Carles Rieraren ateraldia baino askoz zakarragoa da: «68 bat egingo dugu?». «68 bat? 69 bat esan nahi izango duzu, ba». «Ez, 68 bat. Zuk zupa-zupa egidazu, eta nik bat utziko dizut zorretan». Barkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.