Mario Garcia. RAC elkarteko prentsa arduraduna

«Euskal Herriko hirietan ere debeka dezakete diesel autoak sartzea»

Autoek ospe txarra dute, Garciaren arabera, eta diesela bada, are eta txarragoa. Erregai fosilak darabiltzaten autoetatik energia elektrikoa darabiltenetara pixkanaka igaro behar delakoan dago.

JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Diesela gain behera doa. Horren adierazgarri da Euskal Herrian aurtengo lehen sehilekoan %10 inguru jaitsi izana gasolio autoen salmenta. Gainera, ez dio mesederik egiten Espainiako Gobernuak dieselaren eta gasolinaren zergak berdintzeko duen asmoak ere. Mario Garcia RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubaren prentsa arduradunak garbi dauka egoera horren gakoak zein diren.

Zergatik saltzen dira gero eta diesel auto gutxiago?

Hedabideetan eta ahoz aho ospe txarra hartu dute diesel ibilgailuek. Duela hamar urte inguru, kontrakoa gertatzen zen, eta dieselak egokienak omen ziren, kontsumo eta kutsadura txikiagoa zutelakoan. Orain, ordea, egoera aldatu da: ospe txarra hartu dute, kutsadurarengatik.

Volkswagenen eta halako enpresen kutsadura kasuek eraginik izan al dute gero eta diesel auto gutxiago saltzeko?

Ez. Haientzat kaltegarria izan da, baina ez salmentengatik, baizik eta markak ospe txarra hartu duelako. Kutsadura isurien faltsutze kasuak egon dira beste enpresa batzuetan ere. Dieselak ospe txarragoa izatea eragin du horrek, baina erabiltzaileek jarraitu dute auto hauek erosten eta erabiltzen.

Bartzelonan, Madrilen eta Londresen debekatzekoak dira diesel autoak sartzea. Horrek ere izan al dezake eraginik dieselen salmentetan?

Bai, horrek eragin handiagoa izango du salmentetan. Hiriguneetara diesel autoak sartzea debekatuz gero, gidariek gehiago pentsatzen dute gasolio autoa erosteko orduan.

Euskal Herriko hirietan ere gerta daiteke dieselei sarrera debekatzea?

Bai. Horrela jarraituz gero, debeka dezakete gure hirietan ere dieselak sartzea. Hala ere, gure ustez, debekua ez da egokiena. Izan ere, autoa erosteko inbertsio handia egiten da, eta orain ezin da debekatu horiek erabiltzea. Hiri batzuetan, bestelako neurri batzuk jarri dituzte martxan dieselari lotuta. Bilbon, esate baterako, abiadura mugak jarri dituzte kutsadura murrizteko. Autoa erabiltzea gaizki ikusita dago, eta garraio publikoa erabiltzea bultzatzen dute. Autoak ospe txarra dauka, eta diesela bada, gehiago. Horrek eragina izan du Euskal Herriko auto salmentetan.

Zer iruditzen zaizu Espainiako Gobernuak dieselaren zerga igotzea?

Ez da egokia. Dieselak baditu nahiko zerga, eta neurri horrekin oztopoak jartzen dituzte, baina benetako arazoa ez dute konpontzen. Izan ere, diesela daukatenek jarraituko dute beren autoa erabiltzen. Aberatsenek erosiko dute gutxiago kutsatzen duen auto bat, baina diru sarrera txikiak dituztenek orain ezingo dute auto bat erosi.

Zer eragin izango du neurri horrek euskal herritarrengan?

Gidariak neurri horren kontra egongo dira. Dieselak debekatu nahi badituzte, diesel berriak debekatu beharko lituzkete. Data bat jarri, esaterako 2020a, eta hortik aurrera diesel autoak saltzea debekatu beharko lukete, baina kontzesionarioek eta gidariek jada auto horiek erosita dauzkate, eta ezin dira debekatu edo hainbeste oztopo jarri.

Gaur egun, jendeak zer izan behar luke kontuan diesela edo gasolina erostea erabakitzerakoan?

Gasolina autoen salmentak handitu egingo dira, eta dieselenak txikitu. Hobe da diesela erostea bidaia asko eta luzeak eginez gero, edo ibilgailu handia bada; esaterako, autobusa, kamioia edo furgoneta. Izan ere, motor gogorragoa dute, eta kontsumo txikiagoa. Ibilgailu arruntetan, berriz, dieselak gero eta gutxiago salduko dira. Oraindik ez dira desagertuko, diesel auto asko daudelako eta saltzen jarraituko dutelako, baina nabarituko da jaitsiera.

Diesel nahiz gasolina autoek kutsatu egiten dute. Zein izan daiteke alternatiba erreala?

Auto elektrikoak oraindik ez dira benetako alternatiba bat. Gehiago saltzen dira, baina egunerokoan erabiltzeko ez dira autorik egokienak, kasu gehienetan. Hala ere, gero eta gehiago garatuko dira, eta etorkizunean horrelako autoak ikusiko ditugu, baina daukaguna ezin dugu egun batetik bestera debekatu. Auto erregaidunak erabiltzeari uzteko, trantsizio luzeagoa behar dugu. Etorkizunean auto elektriko eta hibridoak gehiago ikustea espero dugu, baina pausoz pauso egin beharreko prozesu bat da, ez hain neurri gogorren bidez.

Auto hibridoak izan al daitezke trantsizio horretarako egokienak?

Hibridoak trantsizioan egongo dira. Hala eta guztiz ere, oraindik denbora behar da, eta inbertsioak egin eta erraztasunak eman behar dira teknologia berriak garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.