Gonzalo Molina. Energia berriztagarrietan aditua

«Esan daiteke energia fotovoltaikoa berriz monopolizatu dela»

Isuritako CO2 gasa murrizteko helburu handizaleak jarri ditu Europak, eta horiek lortze bidean aurrerapauso ugari ikusten ditu Molinak. Uste du etorkizun oparoa izango dutela energia fotovoltaikoak eta eolikoak.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Europako Batzordean energia berriztagarrien inguruko ikerketa ugari egindakoa da Gonzalo Molina (Bilbo, 1942). Unibertsitateetako adituen taldeak koordinatu ditu, teknologia zentroetakoak, baita estatukideen ministerioetakoak ere. Europako Batzordeak hartu beharreko ildoak diseinatzen aritu da hogei urtez, eta duela hamar urte EHUra itzuli zen. Erretiratuta egon arren, ikerketaren arloan jarraitzen du, eta Kepa Sodupe irakaslearekin batera Gobernanza para un sistema energético sostenible (Sistema energetiko jasangarri baterako gobernantza) liburua koordinatu berri du.

Sistema energetiko jasangarri baterako bidean, nola ikusten duzu egungo egoera?

Europara begiratzen jartzen baldin bagara, 2020rako agindu bat emana dauka batzordeak: berotegi efektua eragiten duten gasen isuria %20 gutxitu, energia berriztagarrien erabilera %20 hazi, eta energia eraginkortasuna %20 handitzea. Apurka helburuak betetzen ari direla dirudi, baina agindu horri 2030ekoak hartuko dio lekukoa, eta helburua ehuneko horiek handitzea izango da. Neurri horiek lotesleak dira; beraz, esan daiteke urratsak ematen ari direla.

Noizbait energia fosilak erabiltzeari utziko zaiola eta aldaketa energetikoa iritsiko dela aurreikusten duzu?

2050. urterako egindako bide orriaren arabera, energia ekoizpenak sortzen duen CO2kopurua %93 eta %99 artean jaitsi behar da. Hau da, 2009an bideratzen zen karbono dioxidoaren %1 eta %7 artean isurtzea. Ez da horretara iritsi, baina 2020rako %24 murriztuko da energia ekoizpenaren bidez isurtzen den CO2a.

Alde horretatik, zein alternatibak hartuko du indarra? Azken urteetan itsasoko egitura eolikoak indar handia hartu du.

Zalantzarik ez, eta garbi dago etorkizunean indar handiagoa hartuko duela. Alde on bat badu, eta hori da ez duela lurrazalik okupatzen, eta itsasoko bizidunengan eragin dezakeen kaltea ez dela hain larria. Eragiten du, baina ez hainbeste. Beste abantaila bat: penintsulako ipar isurialdeko eremu ezberdinetan jar daitezke itsasoko parke eolikoak, eta denak sare berera lot daitezke. Parke eolikoak aldizkakotasunari oso lotuta daude. Hau da, haize gutxi dagoenean gutxiago ekoizten dute. Bada, denak sare berarekin lotzen badira, eragin hori murriztu egin daiteke. Beraz, offshore teknologia etorkizuna dela iruditzen zait, baina energia fotovoltaikoa ere indartzera doa.

Horretarako, legeak aldatu beharko dira lehenbizi...

Eta Espainiako Gobernu berria horretara dator. Honetan guztian joko zikin asko egon da, iraganean MW gutxi ekoizten zuten enpresa txiki asko zeudelako egin ziren lege aldaketak. Diru laguntza guztiak atzerako eraginez kendu zituztenean porrot egin zuten, eta lehia txiki hori desagertu zitzaien energia konpainia handiei. Sanchez Galanek [Iberdrolako presidenteak] fotovoltaikoak ez zirela bultzatu behar esaten zuen duela zenbait urte, eta, orain, etorkizuneko energia iturria bertan ikusten du. Energia fotovoltaikoa berriz monopolizatu dutela esan daiteke. Tira, monopolioa ez dute, baina oligopolioa bai... Orain, konpainia handiei interesatzen zaie energia iturri hau berriz bultzatzen hastea. Azken batean, jabetu dira Europan energia berriztagarrien aldeko jarrera nagusitzen ari dela, et,a isurtzen den CO2 bakoitza ordaindu behar denez, bestelako jarrera bat hartzen ari dira.

Behartuta, alegia.

Bai, baina interesgarria da Europaren jarrera. Mundu mailan berotegi efektua eragiten duten gasen isuriaren %10 dagokio Europari, baina inorekin adostu gabe horiek murrizten joateko politikak hartu ditu. Horren eraginez, beste herrialdeen jarrera aldarazten ari da. Eta orain arte energiari dagokion isuriak aipatu ditugu, baina garraioaren sektorean ere aurrerapausoak eman behar dira. Sektore konplikatuagoa da, ordea.

Espainiako Gobernuak esan du 2050erako automobil denak elektrikoak izan behar dutela...

Bada, ez da inongo asmakizun bat, Alemania edo Erresuma Batuan ere hala ari direlako. Ezinbestekoa da, gainera. Auto saltzaile asko kexu azaldu dira neurriarekin, baina hipokrisia hutsa iruditzen zait, salmentak bermatzeko aukera bat delako. Zer du txarrik horrek? Egoera berrira egokitu beharko dute, besterik ez.

Frantziak erregaiei zergak igo nahi dizkie, eta ikusi besterik ez dago horrek zer-nolako protestak eragin dituen.

Diruz lagundutako ezer baldin badago, horiek erregai fosilak dira. Ez dute ingurumen kosturik ordaintzen. Ezarri nahi duten zerga horrek dirua biltzeko asmoa besterik ez badauka, normala iruditzen zait protesta egitea. Baina zergarekin batera auto hibridoak erosteko laguntzak eskaintzen badira, hori bideragarria litzateke. Zerga zertarako den ez badute argitzen, sobran dauzkate protestarako arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.