Kuba-AEB. Harremanak normaltzen hasteko akordioa

Latinoamerikako liderrek aldaketa kontinente osorako izatea espero dute

AEBen eta hegoaldera dauzkaten herrialdeen harremanean traba bat da Kubaren aurkako bahimendua.

Azkenaldian, Habanak anitz hobetu du bertze herrialdeekiko harremana
Haur talde bat, Kubaren eta AEBen akordioaren ospakizunean, Txileko Santiago hiriburuan.
Haur talde bat, Kubaren eta AEBen akordioaren ospakizunean, Txileko Santiago hiriburuan. MARIO RUIZ / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 19
«Ailegatu da Estatu Batuekiko harreman hemisferikoak berriz aztertzeko garaia». Unasur Hego Amerikako estatuak biltzen dituen erakundeko idazkari nagusi Ernesto Samperrek egindako adierazpena da, AEBek eta Kubak 53 urteren ondotik harreman diplomatikoak berrezartzea erabaki ondoren. Latinoamerika osoko liderrek izan dituzten erreakzioak laburbiltzen dituen lagin bat da; izan ere, guztiek ondorioztatu dute herenegun jakinarazitako akordioak mugarri bat ezarriko duela Ipar Amerikako potentziak hegoaldera dituen herrialdeekin daukan harremanean. Ezkerreko eta eskuineko agintariak, AEBekin harreman ona edo txarra izan, guztiak agertu dira pozik. Kubari ezarritako bahimendua harreman hori baldintzatu duen hagitz faktore garrantzitsua izan da, baina ez bakarra. Horregatik, bahimendua kendu edo arinduz gero, gainerako auzietan zer eragin duen hurbiletik aztertuko dute Latinoamerika osoan.

Barack Obama AEBetako presidenteak berak aitortu zuen herenegun egindako agerraldian Kubarekiko eduki duten jarrerak «aldendu» egin dituela Latinoamerikatik. Historikoki, beti ez da horrela izan. Bahimenduaren hasieratik, Gerra Hotzaren testuinguruan, AEBek aliatu estuak izan dituzte Latinoamerikan; bertzeak bertze, aldeko gobernuak ezartzeko —eskuinekoak eta diktadura militarrak— esku hartu eta konspirazioak egin dituztelako: Dominikar Errepublikan (1965), Condor operazioa Hego Amerikan (1970eko hamarkada), Erdialdeko Amerikako contra-k (1980ko hamarkada), Grenadako inbasioa (1983)... Bahimendua hasi zenetik (1961) Kuba estu lotuta egon zen SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari. 1970eko eta 1980ko hamarkadatan Erdialdeko Amerikan lehertu ziren gerra zibiletan SESBek ere parte hartze garrantzitsua izan zuen ezkerreko gerrillen laguntzan, baina, oro har, Latinoamerikako ezkerran izan zuen esku hartzea mugatua izan zen.

Hain zuzen, Latinoamerikako ezkerreko mugimenduek burujabetzaren aldeko borrokatzat ikusten dute AEBekiko harremana, jada Gerra Hotzaren aitzinetik sortu zen borrokatzat; AEBek Latinoamerika atzeko patio gisa ulertuko lukete, arrazoi ekonomiko eta estrategikoengatik kontrolpean mantendu beharreko hurbileko eremu gisa; beraz, Gerra Hotza gertakari koiuntural bat baino ez litzateke, ez harreman hori baldintzatu duen jatorrizko arrazoia. Gerra Hotzaren ondorenak zuzen zeudela erakutsi du, mundu osoan sistema sozialistak desegin ziren bitartean, Latinoamerikan ezkerra indartu baitzen, eta AEBekiko harreman zailak jarraitu du.

AEEra itzulera

Latinoamerikan ezkerra indartzearekin bat, Kubarekiko jarrera aldatzen hasi zen. Hugo Chavezek Venezuelan hauteskundeak irabaztea (1998) eta ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarraren sorrerak laguntza erabakigarria ekarri zion Kubari, ekonomikoki eta politikoki, eta 1990eko hamarkadako existentzia krisia gainditzen lagundu zion. Baina ALBAtik kanpoko herrialdeak ere Kubarekiko jarrera normalduz joan dira, AEBekin harreman ona dutenak barne —Kolonbia, adibide argiena—. CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa sortu zuten, Kubaren parte hartze normalarekin, AEE Amerikako Estatuen Erakundean ez bezala. 1962tik, AEEn parte hartzeko betoa dauka Kubak; 2009an haren itzulera adostu zuten, baina AEBek eta Kanadak oztopatu dute. Heldu den urteko bilkuran, beto hori hausteko prest agertu dira AEBak.

53 urtean suntsitu nahi izan duten etsaiarekin harremanak berrezarrita, AEBek konpontzeko bidean paratu dute Latinoamerikarekiko tratua baldintzatu dion traba bat, baina alor gehiago, eta sakonak, dauzkate jorratzeko. Venezuelarekin hondatutako harremana, adibidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna