Aukeran ere, ume bat nahiago

Urtebete da Txinan ume bat baino gehiago izateko debekua kendu zutela, baina gobernuak espero baino haur gutxiago jaio dira lehen urtean, neurriak izan dituen ondorio txarrak gainditzeko beharko liratekeenak baino gutxiago: biztanleria zaharkitua eta emakumeen eta gizonen arteko desoreka arazo handiak dira.

He Lin, eta bere bi umeak, Pekinen. OLATZ URKIA.
Olatz Urkia
Pekin
2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Txinan 36 urtez debekatuta egon da haur bat baino gehiago edukitzea, baina, orain, guztiek eduki ditzakete bi ume. 2016. urteko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Bigarren Haurraren Politika; urtebetera, balantzea egiteko ordua heldu da, eta emaitzak ez dira gobernuak nahi lituzkeen bezain onak: aurten iaz baino 40.000 ume gehiago jaio dira; ezer gutxi da hori Txinaren moduko herrialde handi batentzat.

FAMILIA EREDU BERRI BAT



Batzuentzat, hala ere, bizitza aldatu da. 40.000: zenbaki horren atzean istorio pertsonal asko daude. He Lin 30 urteko erizaina da, eta Cheng Zhang, 29 urteko dentista; gazte-gazte ezkondu ziren. Ofizialki elkarrekin bizitzen hasi eta segituan izan zuten lehenengo semea, Yao. «Askotan kexatzen zen etxean bakarrik uzten genuenean, aspertuta zegoela, eta ez zuela gustuko bakarrik egotea…», dio He Linek. «Bigarrena eduki nahi genuen, baina orduan debekatuta zegoen. Duela urtebete legea aldatu zuten bezain laster erabaki genuen bigarrena edukitzea».

Tong izena eman zioten alabari. Orain zortzi hilabete dauzka. «Oso pozik gaude. Nik eta nire senarrak ere senide bat daukagu; ez dakigu zer den haur bakarra izatea. Ez genuen hori nahi gure umeentzat. Azken finean, gurasoak bizitzaren zati batean bakarrik dauzkagu ondoan, baina anai-arrebak, txikitatik hil arte». Hala ere, Bigarren Haurraren Politika onartu ez balute, segur aski ez lukete alabatxoa izatea erabakiko. «Garai hartan eduki izan bagenu, isun handia ordaindu beharko genuen, eta, gainera, alabarentzat ezingo genuen hukoua lortu».

GUTXIENEZ 13 MILIOI UME, ITZALEAN



Hukoua Txinako errolda da. Azken 36 urteetan bigarren edo hirugarren jaiotzen ziren asko ez ziren erroldatzen. Gurasoek isunak ordaindu ezin, edo arazoak eragotzi nahi, eta jaioberriak ez zituzten ofizialki erregistratzen. Paperik gabeko umeak asko izan dira: eskolara joateko eskubiderik ez; osasun txartelik ez, ospitale publikora joan ahal izateko aukerarik ez gaixotuz gero… Haurtzaroa eta gaztaroa itzalean pasatu duten hamahiru milioi txinatarrek joan den urtean lortu zuten lehenengo aldiz udal zerrendetan beren izenak jartzea, gobernuak arazoa onartu eta herritar ez-ofizialentzat erroldatuko zituela jakinarazi orduko.

GAINPOPULAZIOARI AURRE EGITEKO NEURRIA



Ume Bakarraren Politikak itzal asko utzi ditu: eskubiderik gabeko umeak, derrigorrezko abortuak, isunak eta kontrol zorrotzak… Baina gobernuak bere argudioak baditu. Ume Bakarraren Politika 1980an sartu zen indarrean, gainpopulazioari aurre egiteko. Urte hartan Txinako biztanleria 987 milioikoa zen; orain 1.300 bat milioikoa da. Txinako Biztanleria eta Familiaren Batzordearen arabera, ume bat baino gehiago izateko debekua ezarri izan ez balute, orain Txinaren biztanleria 1.700 milioikoa izango litzateke. Gobernuaren arabera, Ume Bakarraren Politikari esker bizi izan du herrialdeak azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa. Eta, herritarrei galdetuz gero, gehienak ados daude argudio ofizial horrekin.

Shaofen Li Pekingo ospitale pribatu bateko Obstetrika Departamentuko Zuzendaria da. Ondo hitz egiten du ingelesez; atsegina da. Baina kazetari atzerritarrak ikusten ditu aurrean, eta atzerritarra bere belaunaldiko txinatarrentzat, ez da zerbait txarregia, baina bai mesfidagarria. Ume Bakarraren Politikaren garaiko itzalei buruz galdetu, eta Shaofen Lik segituan erakutsi du trebea dela benetan galdera deserosoei erantzunik ez ematen; hori bai, beti begietara zuzen-zuzen begira eta irribarrez. Batzuetan badirudi gobernuak elkarrizketa entzuten ari dela pentsatzen duela.

«Txinaren kasua berezia da: berezko arazoak dauzka. Lehenik eta behin, hain herrialde handia izateak guztia aldatzen du. Txinak ez balu Ume Bakarraren Legea duela 36 urte ezarri, ez litzateke hainbeste milioi pertsonarentzako janari nahikorik egongo. Urteotan izan dugun hazkunde ekonomiko izugarria ere ez litzateke posible izango biztanleria gehiegi handitu izan balitz. Orain hobeto bizi bagara, Ume Bakarraren Politikari esker bizi gara».

Kultura txinatarrean berebiziko garrantzia du umeak edukitzeak. Alde batetik, espero dutelako seme-alabek emango dietela gurasoei zahartzaroan laguntza ekonomikoa. Ulergarria da, zerbitzu sozialak eta pentsioa eskasak direlako lan egiten ez dutenentzat. Bestetik, familiari eternitatea emateak duen garrantzi kulturala: odolak, sorterria ez ahazteak du garrantzia hemen;barne-barnean dute txinatarrek arbasoen abizenari iraupena eman behar diotela, bai pertsona tradizionalak eta bai irekiak.

Hala ere, Shaofen Lik ez du uste ume bat baino gehiago edukitzeko debekua txinatarrentzat gogorregia izan denik: «Japonian, askotan, emakumeak etxean geratzen dira haurrak zaintzen. Hemen ez, emakume txinatarra, batez ere hirietan, independentea da, lan egiten du. Horregatik, emakume gehienek ez dute ume bat baino gehiago eduki nahi».

ORAIN, TXINAK JAIOTZA TASA HANDITU BEHAR DU



Agintariek 36 urtez ume bat baino gehiago edukitzea debekatu ondoren, orain familia handiagoak eskatu dizkiete herritarrei. Gobernuak ez du bakarrik bigarren umea legezko egin; orain, bultzatu ere egiten du ume bat baino gehiago edukitzea. Izan ere, Ume Bakarraren Politika luzeak ez ditu istorio gogorrak bakarrik utzi; beste arazo batzuk ere bai: biztanleria zaharragoa, besteak beste.1950eko hamarkadan, Txinan lau bat ume edukitzea zen normalena; horregatik, orain 60 bat urte dituztenak anai-arreba asko dira; 20-30 urte dituztenak, aldiz, ume bakarrak. Urte gutxi barru, erretiratuak lan egiten dutenak baino askoz gehiago izango dira. Ekonomiarentzat arazo handia.

Jaiotza tasa azkar handitzeko,neurri bereziak hartu dituzte Txinako hamabi probintziak. Adibidez, iparraldeko Shanxi probintzian, ezkonberri guztiek 30 eguneko oporrak izango dituzte, eta ipar-ekialdeko Fujian probintziak, amatasun baimena bost hilabetera luzatu du —gainontzeko probintzia guztietan amatasun baimena hiru hilabetekoa da emakumeentzat, eta bi astekoa bakarrik gizonentzat—. Probintzia askotan ere Alderdi Komunistako kide gazteei bi haur izan ditzatela eskatu diete, herritarrei etsenplua emateko. Hala ere, argi geratu da ez dela nahikoa bikoteak animatzeko: aurten iaz baino %5,7 handiagoa izan da jaiotza tasa: 17'5 milioi haur jaio dira. Hala ere, biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko behar baino askoz gutxiago da.

Shaofen Liren ospitalean lege berria indarrean sartu zen bezain laster, ohe gehiago erosi eta mediku eta erizain berriak kontratatu zituzten, baina zenbakiak uste baino txikiagoak izan dira. «Txinatarrek pozez hartu dute Bigarren Umearen Legea. Baina horrek ez du esan nahi orain guztiek bigarren haurdunaldi bat aukeratuko dutenik. Bikoteen %30-40ek bakarrik erabaki dute bi haur edukitzea». Gazteentzat beren bizitza osoan araua izan da familia txikiak edukitzea: ume bakar izan dira, eta ez die inork galdetu etorkizunean zenbat ume eduki nahi zituzten. Beren pentsaeran ondo sartuta dago zenbakia: 1. Ez dira orain egun batetik bestera iritziz aldatuko gobernuak ume gehiago eskatzen dituelako, ez gutxienez hiri handietan bizi direnak.

ISTORIO ILUNAK, LANDA EREMUETAN



Landa eremuetako istorioa desberdina da; herrixketan daude istorio ilunak, Shaofen Liren belaunaldikoek atzerritarrei kontatzen ez dizkieten istorioak. Baina lasaituz joan da, elkarrizketak aurrera egin heinean, eta, argumentu ofizialez gain, zerbait gehiago kontatu du: «Egia da Ume Bakarraren Politika dela-eta abortatu behar izan duten emakume asko izan direla, baina nik ez dut horrelako kasurik ezagutu hemen, Pekinen; landa eremuetan, bai». Hirietatik urrun Ume Bakarraren Politika hain zorrotza izan ez den arren —askorekin salbuespena egin eta bi ume edukitzea utzi diete—, abortatzea bertako emakumeen errutina bilakatu da, debekuaren urteetan.

«Emakume txinatarrek ez dute gustuko beren gorputza aldatzen duten neurriak hartzea. Antisorgailuak hartzen hasi, eta, gorputza aldatzen dela ikusten dutenean, beldurtu egiten dira, eta utzi egiten diote hartzeari. Neurri gehiago badaude bai, baina bikoteen %60k neurririk hartu gabe izaten dituzte sexu harremanak».

ABORTU SELEKTIBOA



Gainera, landa eremuetan argiago ikusi dira pentsaera tradizional matxistaren ondorioak, azken hiru hamarkadetan: askok nahiago izan dituzte semeak alabak baino. Nahi adina ume edukitzea posible zenean, seme bat jaio arte itxaron zezaketen, baina Ume Bakarraren Politika indarrean sartu zenean, lehenengo haurdunaldian neska edo mutila izatea bikoteentzat kezka arrazoi bilakatu zen. Askok umea neska zela jakitean abortatzea erabakitzen zuten. Gobernuak neurriak hartu ditu abortu selektiboa galarazteko: orain ere Txinan ez da legezkoa haurra jaio baino lehen haren sexua gurasoei jakinaraztea. Hala ere, landa eremuetan lege hau errespetarazteko zailtasunak izan ditu gobernuak, bertako agintariek dirua ezkutuan jaso, eta abortu selektiboaren aurrean begiak itxi izan dituztelako. Ondorioz, orain desoreka arazo bat dago Txinan: gizonezkoak emakumezkoak baino 30 milioi gehiago dira. Orain ere abortua legezkoa da, baina ez abortu selektiboa.

Weiyu Zhao budista da; harentzat abortatzea ez da zilegi. Etxe txiki-txiki batean bizi da, senarra eta hiru umerekin. Etxea ezkutatuta dago, kaletxo ñimiño batean; sarreran katu laranja potolo bat, eta bizilagun baten bizikleta elektriko zaharra daude. Atea senarrak ireki du: ume txikiena darama besoetan, beste biak korrika dabiltza alde batetik bestera, aztoraturik. Etxea, barnetik, kanpotik bezain xumea da: pareta zurietan lanpararen argi indartsuegiak sortzen dituen itzalak; aterik ez, sukaldean mahai bat, sofa bat. Bi gela leihorik gabe, eta koltxoi handi bana lurrean: bat gurasoentzat, bestea hiru umeentzat.

«Hirugarrena istripu bat izan zen», hasi da Weiyu Zhao naturaltasun osoz, «dagoeneko neska bat eta mutil bat geneuzkan; perfektua zen; ez genuen hirugarrena behar. Hala ere, berriz haurdun nengoela ikustean, ez abortatzea erabaki genuen. Gu budistak gara». Ez da batere ohikoa Txinan hain familia handia ikustea. Weiyu Zhao eta senarrak nekatuta dirudite, baina giro polita daukate etxean. «Umeak oso gustuko ditugu; garestia da oso, bainamerezi du». Bistan dago ez daukatela dirurik sobera, baina haiek nahiago izan dute isunak ordaindu. «Hirikoek ume bakoitzeko 13.000 eurotik 26.000 eurorainoko isuna ordaindu behar izaten zuten lehen. Ni Hebei probintziako herri txiki-txiki batekoa naiz; 5.500 euroko isuna ordaindu behar izan nuen hirugarren umearengatik, ez gehiago. Bigarren alaba jaio zenean, oraindik ez zen legezkoa ume bat baino gehiago edukitzea, eta ez geneukan isuna ordaintzeko dirurik; horregatik, ez genuen erroldatu». Wanarrek, bigarren neskak, hiru urte bete ditu, eta haurtzaindegira joaten hasi da. Bigarren Umearen Politika onartu izan ez balute, orain ere ez luke erroldatzerik izango, eta ezingo luke haurtzaindegira joan, ezta eskolara ere.

Bigarren Umearen Politika berri ona da gehienentzat: 36 urteko debekuaren amaiera. Hala ere, gobernua ahots ozenez kritikatzea ez badute gustuko ere, azken finean txinatar gehienek nahi dutena egiten dute beti: benetan umeak gustuko dituztenek debekuari entzungor egin, eta bat baino gehiago izan dute, isunak ordaintzeko larri ibili badira ere. Pekingo emakume gazteek, aldiz, buruan 1 zenbakia eta karrera profesionala dituzten horiek, ez diote egun batetik bestera kasu egingo gobernuaren deiari, eta ume gehiago edukitzea erabakiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.