Albistea entzun

AEB. Abortatzeko eskubidea

Ziurgabetasuna nagusi AEBetan

Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu eta gero, klinika batzuk ixten hasi dira, eta milaka emakumek ez dakite non eta noiz artatuko dituzten.
Abortuaren aldeko aktibista talde bat, larunbatean, Auzitegi Gorenaren eraikinaren aurrean protesta egiten.
Abortuaren aldeko aktibista talde bat, larunbatean, Auzitegi Gorenaren eraikinaren aurrean protesta egiten. WILL OLIVER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2022ko ekainak 28 - Washington

Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu osteko lehen egunetan, nahasmena da nagusi herrialdeko estatu askotan. Ostiralean bertan, haurdunaldia etetea erabaki duten ehunka emakumek jakin zuten klinikan zeukaten ordua atzeratu edo bertan behera geratu zela. Batzuek datozen egunetan artatuko dituzte; beste batzuen kasuan, guztiz legez kanpo geratu da abortua eurak bizi diren lurraldean, eta estatutik kanpo joan beharko dute.

Abortua erabat debekatuta dago estatu batzuetan dagoeneko, eta klinikak itxi behar izan dituzte; gehiago dira, oraingoz, azken urratsen bat falta duten estatuak, auzitegietan, estatuko legebiltzarrean edo fiskaltzaren aldetik. Horietan, datozen egun edo asteetan egongo da galarazita haurdunaldia etetea; emakumeen osasunaz arduratzen diren zentroak eta beharginak lanean ari dira, orain arteko orduei eusteko gutxienez. Kaos horren erdian, milaka emakume erabateko ziurgabetasun egoera ari dira sufritzen.

Mississippin, abortuak egiteko klinika bakarra dago —1981ean hamalau zeuden—, Jackson hiriburuan. Diane Herzis zuzendariak ahal beste lanean jarraitzeko asmoa dauka. «Zerbitzuak ematen jarraituko dugu, nik eta ni bezalako emakumeek; eta asko gara herrialde honetan, gauza bera egiten jarraituko dugu. Badiotsuet ez dugula amore emango, ez dugu etsiko». Mississippik indarrean daukan trigger legearen arabera —Roe ezabatutakoan indarrean sartzeko legeak—, estatuko fiskalak legea berresi eta hamar egunera sartuko da indarrean. «Horrek esan nahi du beste hamar egunez irekita egongo garela, eta pazienteak ikusiko ditugula, baita terrorismo mota hau jasan behar badute ere», salatu zuen Herzisek, klinika aurrean egunero bozgorailu ozenekin —txakurrek Jezabel jan zutela eta antzeko mezu apokaliptikoak zabalduz— elkartzen diren kristau ebanjeliko taldea gogoan. 2021ean %128 gehitu ziren kliniken aurkako erasoak aurreko urtearekin alderatuz, eta Gorenaren erabakiak jazarpena hauspotuko duela ohartarazi dute.

Pobreen kontra

Jacksondik hiru ordu iparraldera dago Memphis. Tennesseeko abortu lege murriztailea —sei asteko haurdunalditara mugatuz abortua— Gorenaren erabakitik 30 egunera sartuko da indarrean, baina estatuko fiskal nagusiak helegite gortera jo du, berehala har dadin neurria. Hala balitz, Choices klinika independenteak ateak itxi beharko lituzke. Abokatuek oraingoz jarrai dezaketela esan diete erietxeko arduradunei, debekua edozein unetan irits litekeela jakitun.

31 urteko paziente bati ordua atzeratu behar izan diote, ziurgabetasunaren erdian. Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan dago, baina sei asteko epea pasata. Bost ume ditu dagoeneko, azkena pandemiaren erdian jaio zen; ospitaleetan lekurik ez, eta erditze minez egon zen egun oso bat erietxean hartu zuten arte. «Ez dut berriz horrelakorik nahi» dio. Illinois da legezko abortua daukan gertuen dagoen estatua, eta Choicesek dagoeneko paperak bete ditu Alton hirian zabaltzeko klinika. Memphisetik 500 kilometrora dago. «Hemen ezin badut egin, haurra izan beharko dut. Lan egin behar dut, ez dut estatutik kanpora joaterik». Beltzen aurkako segregazioak indar handiena izan zuen hegoaldeko estatuetan, oraindik ere nabarmena da zein aldetan dagoen pobrezia.

Estatu Batuetako 50 estatuetatik erdietan, abortu eskubidea debekatu edo nabarmen mugatzeko asmoa adierazi dute. Ostiralean bertan hasi ziren galarazten batzuk; Kentucky, Oklahoma edo Hego Dakota, esaterako. Texasko kliniketan ere, herrialdeko bigarren estaturik populatuenean, ez da aborturik egiten joan den ostiraletik. Ken Paxton Texasko fiskal nagusiak Gorenaren erabakiaren egunean bertan jakinarazi zuen aurrerantzean akusazioak egiteko aukera dagoela, eta 1973a baino lehenagoko legeak berriz indarrean zirela gogorarazi: «Texasko legea dira, eta, horren arabera, abortu zerbitzurik ematen dutenak erantzukizun kriminala izango dute».

Lege ondorioak

Emakumeen osasunarekin lan egiten duten elkarteak ez datoz bat 30 egun behar direlakoan araua indarrean sartzeko, baina, lege ondorioez kezkatuta, bertan behera utzi dituzte abortuak. San Antonioko klinika bateko erizainak artatzeko prest zegoen pazienteari berari «berriz janzteko eta irteteko» esan behar izan zion, medikuak azalduko ziola «zer gertatzen zen».

Joan den ostegunean ultrasoinuen proba egin zioten klinikan emakume bati, baina, Texasko legearen arabera, 24 ordu pasatu behar dira probatik abortua egin arte. Biharamunean itzuli zenean, berandu zen. «Dena ondo egin zuela esan nion, eta guk ere ahal zen guztia egin genuela, baina eskuak lotuta ditugu», esan zuen Kristina Hernandez klinikako zuzendariak. «Batzuetan pilula bat ematea da, eta kirurgikoa denean ere bost minutu baino gutxiago da. Bizkorra da, erraza, segurua da. Osasun zerbitzua da». Baina etxera bidali behar izan zituzten pazienteak.

Orain, abokatuek zirrikituren bat aurkitzea espero dute, hilabetez luzatzeko behintzat abortu eskubidea. Atzo, esate baterako, Louisianako epaile batek emakumeen osasunerako erakundeen helegite bat onartu zuen, eta bertan behera utzi zuen debekua estatu horretan. «Oso albiste ona da gure historiako garai ilun horretan. Erabaki horri esker, Louisianako pazienteek beharrezko duten oinarrizko osasun-zerbitzua izango dute. Borroka ez da amaitu, ahal den guztia egingo dugu abortuari eusteko Louisianan eta herrialde guztian», adierazi zuen Jenny Mak, Center for Reproductive Rights elkarteko abokatuak.

CBS kateak egindako inkesta baten arabera, Gorenaren ebazpenaren aurka daude galdetutakoen %59, eta aldekoak ehuneko 41 dira. Emakumeen artean, ehuneko 67 da aurkakotasuna, eta %33 baino ez daude ados.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran. ©SEBASTIEN NOGIER / EFE

Europan azken bostehun urteetako lehorterik handiena espero dute

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinentearen erdialdeko eta mendebaldeko estatuak ezohiko bero boladak eta lehorteak ari dira pairatzen, klima larrialdiagatik. Suteek berotegi gas asko isuri dute zenbait herrialdetan

Salman Rushdie idazlea, 2019ko azaroaren 11n, Berlinen. ©HAYOUNG JEON / EFE
Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren kontrako protestetan hildako herritar baten hileta, aurreko astean. ©STR / EFE

Odolak mendekua nahi du

Oskar Epelde Juldain

Egunotan dozenaka lagun hil dira NBEren Kongorako misioaren kontrako protestetan. Milizianoen erasoen aurrean ezer ez egitea egozten diete kasko urdinei.

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...