Albistea entzun

Arbaso zaharren artean

Gizakiaren jatorriaren teoriak ezusteko polita ekarri du aste honetan. Antza, 1994an Hegoafrikan aurkitu zuten 'Little Foot' australopitekoa 'Lucy' baino zaharragoa da. Espeziearen arbaso zaharrenen artean dago.
<em>Little Foot</em> izenarekin ezagun den eskeletoaren aztarnak.
Little Foot izenarekin ezagun den eskeletoaren aztarnak. PURDUE UNIVERSITY

Arkaitz Almortza Muro -

2015eko apirilak 5

Arbaso berria zintzilikatu da gizakiaren zuhaitz genealogikoaren adaxken artean. Oin txikiak ditu, adarrei ongi eusteko, nahiz eta urteak daramatzan bi oinen gainean ibiltzen Hegoafrikako sabanan barrena. Txikia izan arren, pauso handia eman du, gizakiaren jatorriaren teorian. Izan ere, orain arte Lucy deituriko australopitekoa —Etiopian 1974an aurkitua— zen gizakiaren arbaso zaharrenetarikoa: duela 3,2 milioi urte bizi zen. Orain, berriz, Little Foot deiturikoa da aurkitu duten espezierik zaharrenetarikoa: 3,67 milioi urte dituela baieztatu dute, Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketaren arabera. Albisteak hautsak harrotu ditu, gizakiaren jatorria aztertzen ari diren ikertzaileen artean.

Berria aste honetan zabaldu den arren, Little Foot australopitekoa —oineko hezurra txikia zuenez, izen hori jarri zioten— 1994an topatu zuten Sterkfontein kobazulo multzoko (Hegoafrika) aztarnak aztertzen ari zirela. Antza, Ronald J. Clarke ikertzailea tximu hezur batzuk ikertzen ari zen laborategian, eta kutxa batean hanketako hezur txiki batzuk topatu zituen. Berehala ohartu zen ez zirela hezur arruntak, eta, horrenbestez, gizakiaren lerro ebolutiboarekin lotu zituen. Handik hiru urtera, hanketako hezur gehiago topatu zituen, tartean, tibia zati bat. Egoera hori ikusirik, aztarna gehiagoren bila joan zen kobazulora, eta tibiaren beste zatia, burezurra eta abar topatu zituen.

Milaka urteetako loalditik esnatu ostean, Little Foot-ek eztabaidarako ateak zabaldu zituen garai hartan. Ikertzaile askoren ustez, Hegoafrikako australopithecus africanus-aren aztarnak dira, eta hezurrak aurkitu dituztenek, berriz, australopithecus prometheus espeziearekin lotu dituzte. Ildo horri eutsiz, zientzialari askok diote aztarnetan dimorfismo sexuala nabarmentzen dela, hots, emeek eta arrek dituzten ezberdintasun biologikoak antzeman daitezkeela. Haatik, beste ikertzaile talde baten aburuz, ez da inolako dimorfismo sexualik nabari, eta, horregatik, Little Foot espezie berri bat izan daitekeela deritzote.

Idoia Goikoetxea biologoa doktoretza tesia egiten ari da —neandertal umeen haziera eta horrekin erlazionatutako gastu kalorikoa ikertzen ari da, hain zuzen ere— Granadako Unibertsitatean (Espainia). «Irakurri dudanaren arabera, Littel Foot-ek dituen ezaugarriak aintzat hartuta, lotura zuzenagoa izan dezake parantrophus generoarekin. Horiek beste genero batekoak dira, eta gure eboluzioaren alboko adar batean agertu ziren. Oso masailezur sendoak zituzten, eta, hori dela eta, askok australopithecus robustus deitzen dituzte. Tamainaren aldetik, oso antzekoak dira», azaldu du. Dena den, Goikoetxeak uste du aztarna gehiago behar direla, Little Foot gizakiaren lerrokoa ala parantropoena den zehazteko.

Iritziak iritzi, datazioak sortu du eztabaida handiena. Izan ere, oin txikiko australopitekoa aurkitu zutenean, orain dela bi eta lau milioi urte bitartekoa zela adierazi zuten. Garai hartatik hona, aztarnak ikertzen ibili dira, NASAko punta-puntako teknologia erabiliz. Hori horrela, 3,67 milioi urte bitarteko aztarnak direla baieztatu dute —160.000 urteko errakuntza tartea du—. Zalantzarik gabe, albisteak zalaparta eragin du; hala izatekotan, gizakiaren arbaso zaharrenetarikoa izanen litzateke. «Guretzat oso albiste garrantzitsua da, orain arte Lucy baitzen ezagutzen genuen garai hartako eskeleto bakarra», esan du Goikoetxeak.

Iluntasunetik argira

Little Foot-en aztarnek nolakoa izan zen erakusten dute. Ikertzaileen arabera, oinbiduna zen; bi oinen gainean zebilen. Halere, behatz lodia txinpantzearenaren antzekoa zuen, gainerako hatzetatik banandua, zuhaitzetara ongi eusteko. Hori dela eta, adituen esanetan, lurrean ibiltzen zen arren, ziurrenik oraindik denbora asko pasako zuen zuhaitzen artean. Tamainaren aldetik, Lucy baino altuagoa zen, eta burezurra sendoagoa zuen. «Parantropoak ikusita, masailezurrak sendoagoak zituzten, eta, horrenbestez, fruitu lehorrak, elikagai oskoldunak eta abar jaten zituzten. Hori dela eta, litekeena da Hegoafrikako hominidoak Lucy-k baino elikagai gogorragoak jatea».

Little Foot Sterkfonteingo kobazulora erori, eta bertan hil zen. Urteek aurrera egin ahala, sedimentuen eta arroken azpian geratu zen lurperaturik. Denbora horretan, naturak berak itxi eta ireki du kobazuloko sarbidea, eta, horrenbestez, eremua asko aldatu da, eta horrek zaildu egiten du ikerketa. Gainera, hainbat urtez meategi moduan erabili zuten, eta horrek ere eragina izan du aztarnetan. Aste honetan, datazioak ezagutzen dugun hominidorik zaharrenetarikoa dela baieztatu du. Hala ere, komunitate zientifikoak du azken hitza. Dudarik gabe, eztabaida polita sortuko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen prentsaurrekoa, atzo, Bilbon. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Manifestaziora deitu dute eskola publikoaren alde azaroaren 6rako

Javi West Larrañaga

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordio berriaren harira, «eskola segregazioari eta inklusio faltari» aurre egingo dien sistema bat eskatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak
Emakume bat, etxe agentzia baten aurrean. ©LUIS TEJIDO / EFE

Alokairuen prezioa soilik «tentsio handiko» tokietan mugatuko du Madrilek

Juanma Gallego

Ministroen Kontseiluak etxebizitzaren lege aurreproiektua onartu du. Erkidegoen esku utziko dute araua aplikatzea eta prezioak arautzea
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sagarduik «tentuz» jokatzeko eskatu du, joera «goranzkoa» delako

Irati Urdalleta Lete

Sailburuaren hitzetan, goizegi da beste olatu bat datorrela esateko, eta ez dago jakiterik «goranzko» bilakaerak zer eragin izango duen ospitaleetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.