Amildegitik beherako pausoa

Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi du larrialdi nazionala ezarriko duela, Mexikoko mugan eraiki nahi duen harresirako dirua lortzeko. Zenbait errepublikanok erabakia kritikatu dute

Donald Trump presidentea Etxe Zuriaren aurrean egindako prentsaurrekoan, atzo. ERIK S. LESSER / EFE.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Eskaera sinatuta dago. Falta diren dokumentuak bulegora iritsi orduko sinatuko ditut, eta larrialdi nazionala ezarriko dut orduan». Hala eman zuen larrialdi nazionala ezartzearen erabakiaren berri atzo Donald TrumpAEBetako presidenteak. Urtarril hasieran hasi zen jada bere asmoez ohartarazten Etxe Zuriko maizterra, eta atzo egin zuen erabakia ofizial: larrialdi nazionala ezarri nahi du AEBetan, herrialdearen hegoaldean duten «krisi humanitarioari» aurre egiteko eta Mexikoko mugako harresia eraikitzeko. «Drogen» eta «pertsonen trafikoaren inbasioaren» ondorioak pairatzen ari direla azaldu zuen presidenteak Etxe Zuriaren atarian emandako prentsaurrekoan, hartutako erabakia argudiatzeko. 7.100 milioi euro behar ditu Trumpek harresi osoa eraikitzeko. Demokratek gogor kritikatu dute erabakia, eta errepublikano batzuk ere kontra azaldu dira.

Larrialdi nazionala da gerra edo hondamen natural baten ondorio ez den krisi egoera baten aurrean AEBetako presidenteak ezarri dezakeen egoera, eta hari ahalmen berezi bat ematen dio. Kongresuak berak onartu zuen Larrialdi Nazionalaren Legea, 1976an, eta, esan bezala, presidenteari ematen dizkion eskumenen artean dago Kongresuaren onespenik behar ez izatea harresia eraikitzera bideratuta ez dagoen diruaz baliatzeko. Presidenteak argudiatu beharko du zergatik ezarri nahi duen egoera hori herrialdean, eta zehaztu beharko du zergatik den ezinbestekoa premiazko neurriak hartzea; kasu honetan, herrialdearen hegoaldeko mugan dagoen «krisi humanitarioaren» arrazoia erabili du Trumpek, haren hitzetan «drogen» eta «pertsonen trafikoaren» ondorioak pairatzen ari baitiraAEBak. 1976az geroztik, 58 larrialdi nazional ezarri dituzte AEBetan, eta 59. neurria litzateke oraingo hau. 58 horietako 31k indarrean jarraitzen dute gaur egun.

«Atsekabetuta dagoen presidente baten jokabidea da hau. Legearen mugetatik atera da, prozesu konstituzional legegilean lortu ez zuena eskuratzen saiatu baita», adierazi zuten atzo Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako buruak eta Chuck Schumer Alderdi Demokrataren Senatuko buruak. Esan zuten Trumpek «izugarrizko mina» egiten diola AEBetako Konstituzioari erabaki horrekin, eta konstituzioa guztiaren gainetik dagoela: «Presidentea ez dago konstituzioa baino gorago. Kongresuak ezin diezaioke presidenteari konstituzioa suntsitzen utzi».

Baina, demokratez gain, zenbait errepublikanok ere euren desadostasuna erakutsi dute, eta esan dute larrialdi nazionala ez dela harresia eraikitzeko bidea: «Ni ere mugako kontrola handitzearen alde nago, eta harresi bat eraiki nahi dut mugaren zenbait lekutan. Baina gauzak egiteko modua garrantzitsua da. Konstituzioa errespetatu gabe egiten diren ekintza guztiak okerrak dira. Berdin du zer alderdik egiten dituen», esan zuen ostegunean, besteak beste, Rand Paul Kentucky-ko senatariak, txio batean. Paulek azaldu zuen «dezepzionatuta» dagoela Trumpek hartutako erabakiarekin, baita lege proiektu «masibo, puztu eta ezkutukoarekin» ere.

Trumpek Mexikoko harresia eraikitzeko aurrekontuak aurkeztu zituen abenduan Kongresuan, baina ez zituzten onartu, eta horregatik erabaki du larrialdi nazionala ezartzea. 4.300 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen harresia finantzatzeko, baina demokraten eta errepublikanoen artean ez zen adostasunik izan, demokratek ezetz esan baitzieten errepublikanoei. Herenegun, azkenean, Kongresuak 1.220 milioi euroko aurrekontua onartu zuen harresia eraikitzeko, baina kopuru hori ez da nahikoa harresi osoa eraikitzeko.

Aurrekontuak, oztopo

Larrialdi nazionalaren deklarazioaren bitartez, Etxe Zuriko maizterrak 3.100 milioi euro eskuratu ahal izango ditu, eta gainontzeko zatia gastu militarrerako dirutik bilduko du, Kongresuaren onarpenaren beharrik izan gabe, AEBetako CNN eta ABC kateek jakinarazi dutenaren arabera.

Herrialdea shutdown delako egoeran egon da abenduaren 22an Kongresuak presidenteak aurkeztutako aurrekontuak baztertu zituenetik: AEBetako Gobernuak administrazioaren laurdena itxi behar izan zuen, funtsik gabe geratu zelako. Trump Etxe Zurian dagoenetik gertatutako hirugarren shutdown-a izan da, etaAEBetan inoiz izan den luzeena. Itxiera horren ondorioz, zenbait agentzia federal, Segurtasun Nazionalekoa, Justiziakoa eta Nekazaritzakoa kasurako, funtsik gabe geratu ziren. Gainera, milaka langileri ere eragin die: administrazioarentzat «funtsezkoak» diren 400.000 bat langilek lanean jarraitu dute, soldatarik jaso ez duten arren; eta beste 380.000 etxera bidali dituzte, auzia konpondu bitartean.

Bart gauean bukatzekoa zen shutdown-aeragozteko errepublikanoek eta demokratek egin zuten behin-behineko ituna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.