Kataluniako prozesu subiranista. IRITZIA

Elkarrizketan dakiten harresiak

Esther Domingo
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Jordi Calvis marrazkilariak egindako ilustrazio batean, hamabi auzipetuak agertzen dira akusatuen aulkietan —telebistan ikusi ditugun modu berean jarrita—, eta, justu haien atzean, ezin konta ahal pertsona eta hautetsontzi; auzipetuen aurrean, berriz, aulki huts bat, eta epaileek erabiltzen duten mailu bat, kolpea ematear. Marrazkiak arrakasta handia izan du sare sozialetan, besteak beste Jordi Cuixartek txiokatu duelako, baina, batez ere, herri katalanaren elkartasuna erakusten duelako. Enpatia hori, gainera, ez dute independentistek soilik, zeren, ideologietatik harago, jende kopuru ez batere gutxiesteko bat sentitu baita interpelatua eta, are, Auzitegi Gorenak epaitua. Elkartasun hori sinesgaiztasun bihurtu da entzun eta gero nola hitz egin duten fiskaltzak, Estatuaren abokatuak eta herri akusazioak; hain zuzen, herri akusazioa poz-pozik dago ikusita zer-nolako aukera duen orain bere hauteskunde kanpaina egiteko, musu truk egin ere.

Beatriz Gallardok, Valentziako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza katedraduna bera, sikofantekin—antzinako Greziako salatari profesionalekin— konparatu izan ditu sare sozialetako aktibista batzuk. Sikofantek, hain justu, zenbait iritziren arabera politikoki zuzenak ez diren egitate zilegi batzuen akusazioa egiten dute, nahiz eta akusatzen dutenek ondo jakin akusazio faltsua dela. Bada, horixe etorri zait burura Fidel Cadena fiskalari aditu diodanean ezen giza harresi batzuk «estatuaren segurtasun indarrei oldartu» zaizkiela. Katalunian, joera dugu gure hutsegiteez eta erasoez trufa egiteko. 2017ko irailean eta urrian, elkarrizketa informaletan, hauxe entzun ohi zen: «Ez dakigu independentzia lortuko dugun, baina zera behintzat badakigu: gure herriak badakiela barre egiten». Eta ona da hori, oso ona, baina, hori gertatzen ari zen bitartean, eskuin muturra gero eta indar handiagoa biltzen ari zen Auzitegi Gorenean, eta, kanpoan, hedabideen aurrean, jarrerak gero eta gehiago ari ziren polarizatzen.

Eta halaxe heldu gara epaiketa laidogarri honetara, zeinaren epaimahaiak —jende gutxik izango du dudarik— honezkero buruan idatzia izango duen sententzia partez, osorik ez bada; eta epai hori ez da ona izango akusatuentzat. Galdera hauxe da: eta biharamunean, zer? Claire Wardle Harvardeko desinformazio arloko adituak dioenez, «polarizazio politikoa zenbait zisma arriskutsu eragiten ari da mundu osoko gizarteetan», eta, haren hitzetan, aurrerapen teknologikoen aurrerabide lasterra ere gehitu zaio horri; «ondorioz, gero eta zailagoa da manipulazioa detektatzea».

Joan den larunbatean, independentismoak berriz ere erakutsi zuen bere indarra Bartzelonako kaleetan: ez hauteskundeak eta ez mehatxuak ez dira gai hura eraisteko. Badirudi ez dagoela irtenbide askorik: edo zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto teoria, edo elkarrizketa. Aste honetako inkesten arabera, jendeak elkarrizketa nahi du, baina politikariek? Jakingo al dute behar den bezala aritzen, edo polarizazioa areagotzearen alde egingo dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.