ANALISIA

Ez dira agertu. Non daude?

Forn, Romeva eta Junqueras auzipetuak, Auzitegi Gorenean.
Forn, Romeva eta Junqueras auzipetuak, Auzitegi Gorenean. EMILIO NARANJO / EFE

Igor Susaeta - Berriemaile berezia Madrilen

2019ko otsailak 16
Aitatasun baimenarekin dagoela eta, Pablo Iglesiasek bere agerraldi publikoak murriztu ditu. Twitterren, ordea, beti bezain aktibo jarraitzen du Podemoseko liderrak. Txioak idazten ditu, eta adierazgarriak iruditzen zaizkion mezuak birtxiokatzen. Kataluniako buruzagi subiranisten kontrako epaiketa hasi zen duela lau egun, asteartean, eta bere burua Espainiako ezkerraren erreferente ideologikotzat duenak bere kontuan ez du auziari aipamenik egiten dion mezurik ez idatzi, ez birtxiokatu. Otsailaren 11n, astelehenean, esan zuena izan zen erregimena «krisian» dagoela; baina hauteskundeak aurreratzeaz Moncloak egindako filtrazioaren testuinguruan idatzi zuen hori, ez epaiketarenean... Epaiketan jokoan dagoena «demokrazia» dela aipatzen duen The Washington Post-eko artikulu bat birtxiokatu du, gutxienez, Alberto Garzon Izquierda Unidako liderrak. Zerbait. Gorenean eta haren bueltan gertatzen ari denari buruzko aipamen bat gehiago ere ez, halere. Non daude beren hauteskunde programetan oinarrizko eskubideez mintzo direnak?

Benet Salellas Jordi Cuixarten abokatuetako batek epaiketaren aurreko egunetan BERRIAri adierazi zionez, bazuen konfiantza «espainiar demokraten erreakzio gaitasunean». Ez dago argi Salellasek gauza bera pentsatzen jarraituko ote duen. Epaiketaren lehen egunean, mediatikoenean, Espainiako Estatuak modu oso nabarmenean erakutsi zuenean Pedro Sanchezek nazioartean bulartsu defendatzen duen izaera demokratiko hori, Unidos Podemoseko ordezkari publiko bat bera ere ez zen agertu Kataluniako elkarte zibil subiranistek Recoletos kaleko bazter batean, eta polizien begirada mehatxatzaileek eragindako giroan, egindako elkarretaratzera. Han zeuden espainiarrak dozena erdi bat-edo ziren. Epaiketara ere ez dira joan Espainiako ezker sozialaren buruak: ez areto barrura, ez kanpora, adierazpenak-eta egitera, sikiera.

Epaiketa salatzeko, elkarte subiranistek manifestazioa egingo dute Madrilen, martxoaren 16an. Birtxio baten bidez onartzen du Garzonek «demokrazia» bera dagoela jokoan epaiketan, bai, baina, norbaitek manifestaziora joango ote den apustu egin behar badu, aurrekariak ikusita, joka dezala ezezkoaren aukeraren alde. Javier Zaragoza fiskalak ondokoa leporatu zien akusatuei aurretiazko kontuen txandan, asteazkenean: «U-1eko indarkeria ezin zaio egotzi Poliziari, horien lana galarazteko milaka herritar mobilizatu zituztenei baizik». Ziur, adierazi zuenaren berri eduki zuela Iglesiasek. Hurrengo egunean langile klasearen pelikulez mintzo zen Twitterren. Eskuinak eta eskuin muturrak defendatzen duten Espainiaren «hautsezintasun» printzipioa, beraz, mundu guztiak kondenatu zuen aldebakarreko indarkeriaren gainetik.

Hertsiki epaiketari dagokionez, Kataluniako partida irabazita dagoela uste dute independentista katalanek. Eta hala da. Kataklismo bat gertatu ezean, baina, dagoeneko galdu dute Espainiakoa, urriaren 1eko erreferendumeko gertakarien ondoren galdu zuten bezalaxe. Estrasburgon, Giza Eskubideen Europako Auzitegian, irabaztera kondenatuta daude. Espainiako Estatuak ere badaki. Noiz? Auskalo, ez zaio inporta, Estrasburgok berak belarrietatik tira gorritzeraino egin dion arren beste kasu batzuetan.

Manuel Marchena epaimahaiburuak asteon gozo (eskerrak) nabarmendu duenez, epaiketan auzitan dagoena ez da ideologia bat, gertakari batzuk argitzea baizik. Halere, fiskalak gustura aritu dira autodeterminazio eskubideaz, sezesioaz eta burujabetzaz hizketan. Fidel Cadena fiskalak lasai asko galdetu zion Joaquim Forn Barne kontseilari auzipetuari, Barne kontseilari kargugabetuari, ea Omnium Culturaleko bazkide ote den. Ustez, baina, U-1eko polizia operatiboarekin zerikusia eduki zuelako dago akusatuen aulkian... Berdin du, galdetu, lotsagorritu gabe. Bitartean, batzuk ez dira agertu ere egin. Non daude?